Gaixotasunen asmatzaileak
Izenburuan ondo baino hobeto adierazten duenez, botikagintza industriaren kontrako salaketa zuzen eta garbia da liburua. Datu, ikerketa eta adibide ugari ematen ditu liburuan zehar Blechek.
EIDER CARTON
Hegazti gripearen inguruan duela aste batzuk sorturiko zalapartak Gaixotasunen asmatzaileak liburua irakurtzen harrapatu ninduen. Egia esan, eszeptizismo puntu batekin hasi nuen liburua. Beldur nintzen ez ote zen izango konspirazio handiez eta esku beltzez arituko zitzaidan liburua, eta ez nuen zutabe honetan hartaz hitz egiteko inolako asmorik. Baina tartean hegazti gripea tokatu zitzaigun, eta, izan dugun erreakzioa ikusita, liburuan salatzen direnak aipatzeko gogoa sortu zait.
Joerg Blech zientzialari eta kazetari alemaniarrak idatzi du Gaixotasunen asmatzaileak. Osasun arloko gaiez idazten du Blechek Der Spiegel aldizkarian, eta kaleratzen duen lehen liburua du hau. Izenburuan ondo baino hobeto adierazten duenez, botikagintza industriaren kontrako salaketa zuzen eta garbia da liburua. Datu, ikerketa eta adibide ugari ematen ditu liburuan zehar Blechek, eta ideia garbi bat azaltzen du: mutur guztiak ondo baino hobeto lotzen dituzten marketing eta kontzientziazio-kanpainen bidez, «gaixotasun bat, botika bat» leloari buelta eman dion gizartean bizi garela: «botika bat, gaixotasun bat» leloak agintzen du gurean; sendagai-industria boteretsuak (liburuaren hitzaurrean Nazio Batuen Erakundeari erreferentzia eginez esaten denez, munduko hirugarren alor ekonomikoa da, armagintza eta narkotrafikoaren atzetik), benetako gaixotasunak sendatzeko botikak bilatu eta merkaturatzeaz gain, merkaturatu nahi dituzten sasi-botikentzat neurrira egindako gaixotasunak ere bilatzen ditu.
Oso lausoak izaten dira gaixotasun berri horiek askotan. Nekea, gogorik eza, umore txarra, lanean adi egoteko zailtasunak... «sintoma» horiek guztiak hartu, elkarrekin konbinatu eta dozena bat sindrome modernoren izenak emateko gai izango litzateke gutako edonor. Amu hori ez dugula irentsiko? Aspaldi irentsi genuen. Datuek erakusten dute: Ameriketako Estatu Batuetako Psikiatria Elkartearen eskuliburuan buruko 395 gaitz agertzen dira egun; Bigarren Mundu Gerraren amaieran 26 baino ez zeuden. Zatiketa egin, eta sei gaitz berri ematen du urte bakoitzeko.
Botikak, berriz, are azkarrago ugaritu dira epe horretan. Blechek Alemaniako datua ematen du, baina nahikoa esanguratsua da zertaz ari garen jabetzeko: Alemaniako botiketan 50.000 sendagai daude. Osasunerako Mundu Erakundeak ezinbesteko medikamentuen zerrenda du. Horretan 325 botika baino ez daude.
Botika konpainiek beren interesen alde egitea logikoa iruditzen zait. Zenbat eta gaixotasun eta botika gehiago izan, are eta hobeto haientzat. Blechek salatu duenez, hori guztia erregulatu beharko luketen erakundeak ia erabat farmazia-industriaren esku daude. Hori da larriena nire ustez, baina horrenbeste ere ez nau harritzen. Mingarriagoa egiten zait gure erreakzioa. Gaitz horren aurrean kontsumitzaileoi gelditzen zaigun botika bakarrenetakoa jarrera kritikoa da, eta horregatik nire purrustada. Ez dakit noizbait jakingo ote dugun hegaztien gripearen kontu honen atzean botika etxeen interesik egon den, edo, besterik gabe, gaiak esku artetik ihes egin dion Osasunerako Mundu Erakundeari. Edonola ere, gaixotasunen asmatzaileen segada izan bada, bete-betean erori gara.