HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Ikasteko lan metodoa
Ikasteko aholku interesgarriak ematen ditu. Ikasten jartzen garenean kontuan hartu beharko genituzkeen hainbat arau.

M ª Paz Martinez Fdez. De Larrinoa

Euskal Herriko CEI/IDC Orientazio Programaren arduraduna


Gaur egungo gizartea informazioaren eta aldaketaren gizartea da. Internet eta komunikazio-sare berriei esker, munduko txokorik txokoenean gertatutako zerbait aldi berean jakin daiteke mundu osoan zehar; horren ondorioz, premiazkoa egiten zaigu informazioa jasotzen, prozesatzen eta erabiltzen ikastea. Gizartearen garapen teknologikoa aurrera doa, eta, beraz, lanbide guztiek aldaketak izango dituzte etengabe. Zer ekarriko du horrek? Bada, alde batetik, lanbidea maizago aldatzea, eta, bestetik, langileen etengabeko prestakuntza ziurtatzeko beharra.

Kasu bietan ikasteknikak ditugu lagungarri. Baina zer dira ikasteknikak? Eta garrantzitsuena... zer ez dira? Ez dira "mirari bat", hau da, ez dira liburu batean irakurtzen diren aholkuak edo ikastaro batean irakasten dizuten lan-metodoa eta listo. Ikasteknikak, ordea, baldintza eta ariketa batzuk dira, alegia, norberak barneratu eta bere erara moldatu behar dituenak, lan-ohitura bihurtu arte.

Ez dago ikasteko modu bakarra. Ikasle bakoitzak bere metodoa sortzen du, eta horretarako, bere ezaugarriak ondo aztertu behar ditu eta lortu nahi duen helburua argitu; hori guztiori ikasteknikei buruz egindako ikerketen ondorioz zabaldu diren edukiak kontuan izanik.

Ikaslearen ezaugarriak aipatu ditugu, eta horien barruan honako hauek azter ditzakegu, besteak beste: adina, autoestimua, motibazioa, ikasteko eta irakurtzeko ohitura, norberaren biorritmoak...

IKASTEN IKASTEKO BALDINTZA BATZUK

  • Toki eta ordu berean ikastea komeni da.
  • Zaindu gorputzaren jarrera: ikasi beti mahai eta aulki eroso eta egokietan.
  • Ikasi zaratarik eta musikarik gabe, horiek kontzentraziorako oztopo besterik ez baitira.
  • Aukeratu toki argitsua eta tenperatura epela.

LAN METODO AKTIBO BATEN BILA

Lehenengo eta behin, gainbegiratu bat egin gaiari. Irakurketa honetan bi gauza zehaztu behar dituzu: gaiaren nondik-norakoak eta bere egitura. Horrekin batera, identifikatu egin behar dituzu bai izenburua bai gaiaren atalak. Horretarako, seinale edota hitz batzuk jar daitezke testuan.

Gainetik irakurri ondoren, testua sakon irakurriko dugu, agertzen diren kontzeptuez eta datuez jabetzeko. Ulertzen ez dena argitzeko, testuinguruaz baliatuko gara, edo, hala behar izanez gero, hiztegira joko dugu, testu osoa ondo ulertu arte.

Hirugarren irakurraldian, kontzeptu, datu eta gertaera garrantzitsuenak eta esanguratsuenak azpimarratuko ditugu. Kontuan izan azpimarratzeak laguntza ederra emango digula atentzioa emateko orduan, eta baliagarria izango dela ikaste prozesua indartzeko, memorizazioa errazteko eta azken orduko errepaso azkar bat egiteko.

Egin ezazu eskema bat. Azken batean, eskema azpimarra-ketaren ondorioa baino ez da; hau da, testuak dituen ideia nagusienak hitz gutxitan eta ordenaturik emanda. Eskema-- mota asko dago: giltzaduna, koadro sinoptikoa, mapa kontzeptualak... Horietatik errazena eta erabilgarriena giltzadun eskema duzu. Horretan, bada, testuaren edukiak mailaz maila kokatzen dira (izenburua, ideia nagusiak eta xehetasunak), gezien eta giltzen bidez, ezkerretik eskuinera eta goitik behera. Aurrekoan esan dugun bezala, ikasteko prozesua indartzeko balio du eskemak, eta baita memoriari eta azken orduko errepasoari laguntzeko ere.

Ez ahaztu laburpena egitea. Eskeman agertzen diren ideiak jaso behar dira laburpenean, nork bere hitzak erabilita eta, izenak dioenez, modu laburrean. Laburpena oso mesedegarria da errepasoak egiterakoan eta eutoebaluaketari ekiteko orduan (testua begiratu gabe egiten bada, jakina).

ERREPASOAK

Metodo aktiboaren bidez ikasi den informazioa ez galtzeko, noizean behin errepasatzea behar-beharrezkoa da. Beraz, sarri irakurri behar dira gaiak gogoan edukitzeko. Errepasoa dela- eta kontuan har daitezkeen irizpideak hauek dira:

  • Testu bat ikasi eta handik hogeitalau ordutara galtzen dugu informazio gehiena. Komeni zaigu, hortaz, denbora hori igaro ostean lehenengo errepaso bat egitea.

  • Aste bete barru, bigarren errepasoa.

  • Hamabost egun beranduago, hirugarren errepasoa etab.

Hemen jaso ditugun orientabideek zerbaitetarako balio duten ala ez frogatu nahi baduzu, ANIMA ZAITEZ! Merezi du eta.


HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.149.17