Azterketaren deskribapena
Irakurmena
Egitekoa: Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak
zenbait galdera erantzun beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea
edota informazioa testutik ateratzea eskatuko zaio azterketariari.
Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango
ditu denera eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Atal honen
iraupena 35 minutu ingurukoa izango da.
Idazmena
Egitekoa:
Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta
gutxienez 140 hitzeko testu bat ala 100 inguruko bi testu idatzi beharko
ditu. Testuak inprimakiak, oharrak, gutun informalak, kontakizun
laburrak... izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko
dira kontuan: a) balorazio orokorra, b) baliabide linguistikoak eta
hizkuntzaren aberastasuna eta egokitasuna, eta c) zuzentasuna. Zati
honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu
beharko dira. Atal honen iraupena 60 minutu ingurukoa izango da.
Bi atal horiek batera ordubete eta hogeita hamabost minutuko iraupena
izango dute gehienez.
Entzumena
Egitekoa: Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko
hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatu
beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Testua luzea
izan liteke (5/6 minutu ingurukoa, bi zatitan) edo zenbait testu labur
(1 minutu ingurukoak), minutu-kopurua osatu arte. Testuko ideia nagusia
jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota
xehetasun batzuk nabarmentzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera,
eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Atal honen iraupena
25 minutukoa izango da, gehienez.
Mintzamena
Egitekoa: Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin
edo beste azterketari batekin. Probak hiru aldi izango ditu: a)
aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) aurrez prestatutako gai baten
azalpena eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri
hartuta.
Atala neurtzeko irizpideak hauek izango dira: a) hizkuntzaren
egokitasuna eta jariotasuna, b) diskurtsoaren antolaketa eta
elkarreragina, eta c) hizkuntzaren aberastasuna eta zuzentasuna.
Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek eta gainditzeko 15 puntu
beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta
10 minutu inguru proba egiteko.