HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Euskara-agiriak / 3. maila. Ereduak

Azterketaren deskribapena

Irakurmena

Egitekoa:    Emandako testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu.

Alde batetik, azterketariak frogatuko du ulertzen duela testuen esanahi orokorra, ideia nagusiak nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola, komunikazio-xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia, besteak beste.

 Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu.

 Bestalde, zenbait testu azterketariaren sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko izango dira. Horretarako, hainbat ariketa-modu jarriko da: azpimarratutako hitzen sinonimoak jarri emandako testuan, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorri eta elkartuak erabiliz testuak berridatzi, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, proposatutako esaldien esaldi baliokideak edota egitura koherenteak sortu testua osatzeko.

Guztira 20 puntu izango dira eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Atal honen iraupena ordubetekoa izango da.

Idazmena

Egitekoa: Azterketariak gutxienez 300 hitzeko testu bat edo 180 hitzeko bi testu idatzi beharko ditu. Hainbat idatzi-mota gauza ditzake: iritzi-artikulua, gutuna, txostena, proposamena, laburpena, eskaera, informazio-orria... Eskatuko zaion egitekoaren egoera, gaia, testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen eta hartzailearen rola eta xede komunikatiboa zehaztuko zaizkio.

Idazlanaren ebaluaziorako kontuan hartuko da eskatutakoari zuzen eta egoki erantzun zaion, planteatutako egoera komunikatibora egokitu zaion, beharrezko informazioa aukeratu duen, era logikoan ordenatu eta lotu duen, eta hizkuntz baliabide aberatsak, askotarikoak, zehatzak eta zuzenak erabili dituen.

Zati honek, gehienez, 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Atal honen iraupena ordu eta erdikoa izango da.

Azterketa idatziak 2 ordu eta 30 minutu iraungo du.

Entzumena

Azterketariak kultura orokorreko gaien inguruan grabatuta entzungo dituen testuen ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Entzungaia testu bakarra izan liteke edo zenbait testu labur.

Grabazioak behin edo bitan entzungo dira entzungai motaren arabera eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik galderak irakurtzeko.

Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasunak ulertu beharko ditu, Era berean, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak ere atera beharko ditu.

Hainbat egiteko mota erabil daiteke: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak.

Atal honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Proba honen iraupena 25 minutu ingurukoa izango da.

Mintzamena

Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Atal honek bi ariketa izango ditu:

Azterketariak aurrez prestatutako egiteko bat gauzatzea.

Aztertzaileek gai bat eskainiko diote azterketariari presta dezan. Horretarako, testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak eman dakizkioke azterketariari egitekoa prestatzeko.

Azterketariak 20 minutu izango ditu azaldu beharreko gaia prestatzeko, eta 5 minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Epaimahaiaren aurrean gaia garatzeko gidoiaz balia daiteke, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Tarteka, aztertzaileek gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.

Argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz, bat-bateko elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketari batekin.

Bat-bateko elkarrizketak 5 minutu inguru iraungo ditu.

Bi ariketen kalifikazioak gehienez 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu beharko ditu.

Mintzamenaren ebaluaziorako kontuan hartuko da egitekoari zuzen eta egoki erantzun zaion, azalpenean diskurtso argia, landua eta jarioduna garatu duen, elkarreraginean galderei erantzunez norbere ikuspuntua eta iruzkinak egoki adierazten dituen eta, oro har, nolako zuzentasunez aritu den, nolako baliabide morfosintaktiko edo lexikoak erabili dituen, jariotasuna eta ahoskera.

Azterketa-ereduak

Informazio gehiago: HABEren euskara-agiriak
HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60