HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Albisteak / Berriak




«Kaixo, AnHitz naiz»  2009/01/16

Ordenagailuarekin teklaturik gabe, ahots bidez eta euskaraz aritzea posible da zientziako aditu AnHitz avatarraren bidez, hizkuntza teknologien garapenaren erakusgarri.

Zein da zure izena?», galdetu du, eta erantzunaren zain gelditu da. Zientzia gaietan aditua da neska, eta borondate handikoa: gai jakin bati buruz galde diezaiokezu, gako hitzak erabiliz, eta gai horren inguruan bilduta daukan informazio guztiaren zerrenda aurkeztuko dizu berehala. Ez hori bakarrik. Beste hizkuntzaren batean agiririk badago, euskarara itzuliko dizu. «Nork aurkitu zuen penizilina?», galde diezaiokezu, adibidez. Di-da esango dizu. Hori guztia hitzez egiten da, ordenagailuaren teklatua bitarteko izan gabe, eta euskaraz.

AnHitz du izena zientzia aditu birtualak; sortu duen proiektuaren izen bera da. Prototipoa da oraingoz, eta zientziaz bakarrik daki, baina neurtezina da haren baliagarritasuna, garatuz gero hamaika erabilera izan baitezake. Hori bai, aproposa da hizkuntza teknologiak elkarlanean nola aritzen diren ikusteko. Izan ere, ordenagailuaren pantailatik hitz egin, entzun eta erantzuten duen simulazioaren atzean, Euskal Herrian garatutako sei teknologia daude integratuta.

Adibidez, emozioak adieraz ditzakeen hiru dimentsioko giza avatarra Vicomtechek garatu du. Testua AnHitzen ahotan jartzen duen ahots sintetizadorea EHUko Aholab-ena da eta euskarazko ahotsa Robotikerri esker ezagutzen du. Erantzun-galdera sistema, berriz, IXAk garatu du, Elhuyar fundazioak konpi-latutako zientzia eta teknologiari buruzko ezagutzan oinarrituta. Elhuyarren lana izan da Euskara-Gaztelania-Inge-lesa informazio bilaketarako sistema eleaniztuna ere, haien corpus batean oinarritutakoa. Itzulpen automatikoko bi sistemak, gaztelania-euskara eta ingelesa-euskara, IXAk garatutakoak dira.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60