HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Autoaren kulturak estututa
Autoaren kulturan bizi gara. Gure gizartean gazte-gaztetik autoa desiratzen dugu, etxea bera baino lehenago askotan. Izan ere, gizarte kontsumitzailearen ikur bihurtu baita telebistarekin batera. Autoa da, era berean, gure bizimoduaren edo bizi nahiko genukeenaren irudi. Inora joateko autoa da lehen aukera, 'Ahal dela autoan' leloa hezurretaraino dugulako sartua. Baina, ibilgailuaren menpean bizitzeak ere badakartza kalteak. Ingurugiroa izugarri hondatzen du, gastuak ikaragarri hazten dira, hirian aparkatu ezinik gabiltzanean umorea aldatzen zaigu.

Ondorioz, hiriak autoz gainezka
Hiri gehienek saturazio-arazoak eta erretentzioak izaten dituzte auto-pilaketa izugarriak direla eta, espazio aldetik oso mugaturik baitaude hiri-sareak. Trafikoak hirietako bideen azaleraren %80 inguru hartzen du, egunero ibilgailu bidez hirian zehar mugitzen diren pertsonak %20ra ere iristen ez diren arren. Eta puntako orduetan hiriburuan zehar bere autoarekin mugitzen den pertsona bakoitzaren batez besteko energia-kontsumoa garraio publikoarenaren 6 halako dela kalkulatzen da. Tokion eta Estatu Batuetako zenbait hiritan, adibidez, autoa aparkatzeak sortzen dituen arazoak direla eta, aparkalekuaren jabe ez den edo alokaturik ez duen gidariari ez zaio bere autoa erabiltzeko baimenik ematen. Hiriko poliziak ez du Manhattan erdira sartzen uzten autoan gidaria bakarrik baldin badoa. Hirien erdialdean autoz dabiltzan gidarien erdia joan nahi duten lekutik ahalik eta hurbilen aparkatzen ahalegintzen da. Baina, hiririk gehienetan oso zaila izaten da erdialdean aparkatzea eta ordu jakin batzuetan ia ezinezkoa. Norbere autoa gero eta gehiago erabiltzen denez, gaur egun zaildu egiten da hirian ibiltzea, trafikoaren saturazio handia dela eta; horrek nekez bihurtzen du nahi den lekura iristea eta kalteak eragiten ditu ingurumenean eta gidarien osasun psikologikoan. Trafikoaren handitze izugarria eta horiek hirietako erdiguneetan sortzen duten presioa dira, adituen esanetan, gure hirietako arazo nagusietako bat. Ordu puntetan izaten den joan-etorri kopuru handiak gainezka jartzen du sarritan bide-azpiegituren gaitasuna eta horrek kalteak eragiten dizkio garraio kolektiboari, ibilgailu partikularren gidariei zein oinezkoei.
Hiri barruko zirkulazioa, arazo latza
Hiri batek zirkulazioa arina badu, azaleran aparkatzeko aukera onak eskaintzen baditu eta, gainera, aparkaleku ugari eta merkeak baldin baditu, ibilgailu pribatua erabiltzea bultzatzen duela pentsa liteke. Baina, ez du ezinbestean hala izan behar. Hor dugu Gasteiz, gidariarekin errukiz jokatzen duen hiria izan arren, oinezkoentzat gune ugari eta zabalak dituena. Gasteiztar askok oinez egiten dituzte joan-etorri gehienak edo garraio publikoan bestela. Horretan ere izango du zerikusirik hiritarren kontzientziazioak, hiriaren antolakuntzak eta garraio publikoaren kalitateak. Horrenbestez, ez dirudi guztiz onargarria denik hiri barruan norbere autoa ez erabiltzeko auto gidariari gauzak gero eta zailago jartzea. Gainera, horrela hirian auto-ilara ikaragarriak, tentsioa eta hiritarrentzat arazoak eta segurtasunik eza sortzen baitira.
Leku bat!!!!
Zirkulazioz beteriko bideetan zehar ibili eta hirien erdialdean aparkatzen saiatzea eguneroko arazo bihurtu dira eta erabat amorragarri eta etsigarriak gainera. Hiriburuen erdialdean aparkatzea zaila eta desatsegina izaten da kasu gehienetan eta estresa eragiten du azkenean. Denbora asko galtzen da eta joan behar dugun lekura garaiz iritsiko ote garen ez jakiteak dantzan jartzen dizkigu nerbioak. Gidari asko haserretu egiten da beste gidariekin, oinezkoekin edo bere autoko bidaiariekin. Egoera hori sarri bizi behar izatearen ondorioz gidariek beldurra izaten diote autoa hartzeko orduari eta aurrez estutasuna sentitzen hasten dira; horrela sortzen den zirkuluak urduritasun handiagoa eragiten dio. Egoera horrek eragin kaltegarria izaten du zirkulazioaren aurrean eta gidariari berari buruko mina, giharretako mina eta digestio txarrak eragiten dizkio. Bestalde, autoa aparkatzeko lekuaren bila dabilenean gidariak arreta gutxiago jartzen du gidatzen. Leku baten bila jartzen du kontzentrazio osoa eta areagotu egiten da beste auto bat jotzeko edo oinezkoren bat harrapatzeko arriskua. Baina, gainera, aparkalekuaren bila aritzeak sortzen duen estresa eta tentsioa ez dira amaitzen lekua aurkitzen denean. Egoera horrek jarraitu egiten du autoa behar bezala utzi ez bada edo zona urdineko txartela berritu behar bada. Izan ere, txartelaren sistema baliagarria da trafikoa arautu eta aparkalekuak libre uztea lortzeko, baina estres egoerak sortzen ditu lehendik ere horretatik ondo dabilen gizarte honetan.
Erdigunean aparkatzea: sailkapena
Gasteiz: Ongi. Aparkatzeko denbora gutxien behar den euskal hiria: batez beste 5 minutu. Eta astegunetan 5 minutu eta erdi besterik ez. Aparkaleku merkeak, baina plaza eskaintza txikia. Zona urdin merkeena eta ordainketa-orduetan kopuru txikiena ezartzen duenetako bat. Zona urdinean zaintzaile gutxien duen hiria. Iruñea: Onargarria. aparkatzeko 6 minutu eta erdi behar dira, batez beste. Asteburuetan lanegunetan baino denbora gehixeago behar izaten da. Aparkalekuak, oso ongi: oso merkeak dira eta plaza-kopurua ona da. Zona urdinak: prezioa ertaina da, baina zaintzaile-kopurua beste hiri batzuetan baino txikiagoa da. Donostia: Erdipurdi. Batez besteko datuak nahasgarriak dira: aparkatzeko behar den denboran hirugarrena da, ia 11 minutu. Baina, astegunetan 6 minutura arte jaisten da eta denbora hori oso onargarria da. Asteburuetan aparkatzea, berriz, Donostian da zailena. Igandean ordu erdi baino gehiago behar da. Aparkaleku kopuruan eskaintzarik handiena du. Zona urdinak garestiak dira, ordaintzeko ordu asko eta zaintzaile gutxi. Bilbo: Erdipurdi-gaizki. Batez besteko datuak engainagarri dira: 7 minutu eta 20 segundo. Izan ere, asteburuan zehar oso erraza izaten da aparkatzea (bi minutu eta erdi), baina astegunetan 9 minutu eta laurden behar izaten da batekoz beste. Zona urdinak garesti samarrak dira, baina ordaintzeko ordu gutxien duen hiria da. Zona urdinak zaintzeko zaindari kopuru ona. (Datu hauek consumer aldizkarikoak dira)

Iruzkin didaktikoak
Aholkuak proposatu

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60