Festa soziala eta opariak trukatzea dira Eguberrien ezaugarria
Antropologo batekin elkarrizketa. Eguberrien inguruko ohiturak aztertzen ditu. Opariak, kontsumoa, uniformizazioa...
Manuel Delgado
idazlea da eta antropologia irakaslea Bartzelonako Unibertsitatean.
Besteak beste, "De la muerte de un dios", "La ira sagrada" eta "Las
palabras de otro hombre" liburuak idatzi ditu. "El animal público"
izeneko bere azken liburuarekin, Anagrama Saria eskuratu zuen
Saiakera sailean. Manuel Delgadok oso argi definitzen ditu bere
liburuetan pertsonen arteko harremanei buruzko
kontzeptuak.
Gabonetan izaten dugun portaerari buruz
galdegin dion CONSUMER aldizkariak eta baita 2000. urtearen
etorreraz ere. Hitz gutxitan esanda, Manuel Delgadoren ustez garai
honetan ospatzen dena, soziabilitatea, ez da mendebaldeko kultura
honetako kontua bakarrik, munduko kultura guztietan ospatzen baita
bereziki urte-sasoi jakin bat, eta jendeak harremanetarako,
dibertitzeko eta opariak trukatzeko aprobetxatzen du leku
gehienetan. 2000. urtea (eta zenbaitentzat mende eta milurte berria)
datorrela eta, pentsalari honi normala iruditzen zaio bereziki
ospatzea, hainbeste zero bata bestearen atzetik ez baitira egutegian
sarritan errepikatuko eta sinboliko samarra baita. Idazle honen
ustez guztiok pozten gaitu milurtekoaren aldaketaren lekuko izateak
eta ez du uste gertaera horren aurrean gizartean dagoen ikusmina
Urte Zaharrerako cava gehiago edo bidaia garestiago eta exotikoak
saltzeko merkadotekniako kanpaina hutsak eragin
duenik.
Antropologo baten, gizakien bilakaeraren
ikertzaile baten ikuspegitik, zeintzuk dira gaur egungo Eguberrien
ezaugarriak?
Egun horietan jendeak zerbait ospatzen duela
dirudi, baina egia esan, Eguberria trukearen zeinua da (opariak, mesedeak
eta abar) gainera harremanetako pauta areagotzea eragiten duena. Ia edo
erabat galduta zegoen adiskidetasun harremana berreskuratu egiten da aldi
baterako eta, jakina, familiako loturak estutu egiten dira. Gabonen
ezaugarririk behinena adiskide arteko eta familiako harremanak sendotzea
da. Bestea opariak trukatzeko ohitura da, baina hori ez da gure gizarteko
kontua bakarrik. Munduko kultura guztietan edo ia guztietan gertatzen da,
urteko garai batean edo beste batean. Agian kasurik paradigmatikoena
Vancouver-eko (Kanada) indiarrena izango da: haien festetan opariak
trukatu eta festa giroan ondasunak desegiten dira; beste hitz batzutan
esanda, xahutze handia egiten dute. Erritoak gurean duen misioa du han
ere: elkarri opariak eginez pertsonen arteko harremana estutu eta ziklo
berria hastea. Beraz, ez da egia Eguberria (eta egun horietan egiten dena)
gure kulturan bakarrik ospatzen denik. Unibertsala dela esan
dezakegu.
Baina Eguberrietan zer
ospatzen du mendebaldeko gizarteak?
Ez dakit gizartea zerbait
ospatzen ari dela jabetzen den; nire ustez soziabilitatea ospatzen da
batez ere. Gero badago historia bat (kasu honetan Jesusen jaiotza)
soziabilitate horretarako babes eta aitzakia ematen duena. Nire ustez
Eguberrietan ospatzen den gauzarik nagusiena bizitza da, Alfa (hasiera)
eta Omega (amaiera) zeinuen artean dagoena. Zehazkiago esanda,
gizarte-bizitzaren kultua da. Horren ondoren, kultura bakoitzak zera
erlijioso edo mistikoa eransten dio ospakizunari, baina horren aurretik
esanahi soziala dago.
Eguberrietako errito eta sinboloak gero eta
berdintsuagoak dira. Kezkagarria al da, hau da, beste inbasio kultural
mota bat al da?
Bai, halaxe da. Hala ere, baditu alderdi
positiboak ere, konpentsazioaren bidetik. Hara: Hollywood-etik
datorkigun inbasio ospetsu eta ikaragarria mehatxu handia dugu eta gure
etxeak Santa Claus eta Halloween-festaz betetzen ditu, baina aldi berean,
gure ospakizunetan berriro hemengo tradizio eta ohiturak sartzera eramaten
gaitu horrek. Adibidez, Katalunian "cagatió" izenekoa (bere eginbeharrak
jaiotzan egiten dituen panpina) berreskuratu egin da eguberrietako ohitura
gisa, etsai iparramerikarraren inbasioari erantzunez. Mundializazioak
mendekurako erreakzioak eragiten ditu tradizioaren aldetik, indarrak
orekatu arte. Estatuko beste leku batzuetan beste hainbeste gertatuko da.
Beraz, baliteke Santa Clausen ohituraren aurrean Erregeak edo
zuhaitzarekin jaiotza desagertzea, baina ez dugu ahaztu behar ohitura
horiek ere kanpotik ekarriak direla, Estatu Batuetan Santa Clausekin
gertatu zen bezala; nonbaitetik hartuko zuten ohitura hori ere. Gainera,
gaur egun ospatzen dugun Eguberriko festak, ez du mende bat baino gehiago.
Ez gaitu kezkatu behar, beraz, beste ohitura batzuk sartzeak;
garrantzitsuena opariak dira; trukea eta gizarteko harremanak
bultzatzea.
Gabonetan, hala ere,
garrantzia duen gauza bakarra ez ote da kontsumitzea? Kontsumitzailea ez
ote da publizitatearen presioaren biktima?
Topiko horri
eusten eta hedatzen saiatzen dira mende bukaera honetako garbizale
berriak. Eguberriak funtzio sozial bat du eta bere ezaugarririk
funtsezkoena festa da. Eta hain zuzen ere, ondo pasatzen dugulako izaten
du arrakasta. Gogoak ematen diolako kontsumitzen du jendeak, gogoko
duelako. Inork ez ditu pertsonak neurri gabeko kontsumora bultzatzen.
Gainera, Eguberrietan jenderik gehienak ez du beretzat erosten, opariak
egiteko edo lagun edo familartekoekin mahaian konpartitzeko baizik.
Gehiago kontsumi dezagun "burua jaten" digutela esatea pertsonok automatak
eta inozoak garela uste izatea da, eta beraz, zer egin eta zer ez esan
egin behar zaigula. Nire ustez, inguruan ditugun ideia puritano berriak
dira horiek.
Milurteko berriaren
sarrera 2000. urteko efektuaren eraginez bertan behera geratuko den
marketing operazio erraldoia ote da?
2000 efektua kanpaina
mediatikoa da, nire ustez, beste ezer baino gehiago eta teoria bat daukat:
komunikabideetan gauza bati buruz hainbeste hitz egiten denean, azkenean
arinkeriaz hartzen da eta tontakeria bihurtzen da. Nire ustez, 2000
efektua nolabaiteko amarrua da, komunikabideek informazio-hutsuneak
betetzeko eta beren buruak saltzeko sortua. Gauza bera gertatzen da
futbolean ere: partidaren aurretik Barça-Madrid neurketa "mende honetako
partida" izango dela esaten digute behin eta berriz eta gero ez da
aparteko ezer gertatzen eta emaitza ere ez da erabakigarria izaten. 2000
efektuarekin beste hainbeste gertatzen da. Jakina, komunikabideek
hainbeste hitz egin digutenez, zenbait pertsonak beldurra adierazten du
egun izugarri horren aurrean eta dirua eta janaria pilatzen hasiko dira,
zer gerta ere.
2000. urtea iristea gure bizian errepikatuko
ez den gertaera da eta horregatik, ilusioz dago jendea. Norbaitek
urtebetetzea urtero ospatzen badu, ilusio handiagoz ospatuko du, jakina,
milurtekoaren aldaketa, zorionez parean egokitu zaio eta! Horregatik, ez
dut uste gure portaera eta espektatibak cava gehiago kontsumitu edo urte
amaiera paraje exotiko batean emateko marketing kanpaina hutsak eragiten
dituenik. Gauza bat egia da: 2000. urtea iristear dago, duela
hilabete batzuk milurtekoko azken eklipsea bezala, eta jendeak ez du
gertaera hori galdu nahi eta merezi bezala ospatuko du. Azken batean,
betiko kontua da: festa soziala. Marketina, zorionez, horren atzetik
dator.
Egun horiek egokiak dira
erlijioak protagonismoa, edo zuk esaten duzun moduan, gai sakratuek
aktualitatea berreskura dezaten?
Ezetzean nago. Hilabete
baino gutxiago falta da eta jendea ez da mezatara gehiago joaten
milurtekoa aldatzera doalako. Aldaketa hori ez da milenarismoarekin
nahastu behar. Mugimendu milenaristek munduaren amaierako apokalipsiaren
etorrera iragartzen dute, baina ez milurtekoaren amaierako egunean bertan.
Ikusi dugu munduaren amaiera iragarri zenean aldarrikaturiko egunen
inguruan zer gertatu den eta ez dago horrelakorik 2000. urterako. Lasai
egon gaitezke.