Saldiasko eskola, kinka larrian
Otsonta eskola hiru ikaslerekin geldituko da datorren urtean. Hala ere, irakasle eta gurasoek eutsi egin nahi diote, ixten badute ez dutelako berriz irekiko.
Nafarroako eskolarik txikiena da Saldiaskoa. Egun sei ikasle ditu: Ibai (3 urte), Julen (4), Asier (8), eta Goretti, Aritz eta Mireia (11 urtekoak). Azken hiru horiek Doneztebera joango dira heldu den ikasturtean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egitera, eta Saldiasen hiru ume besterik ez dira geldituko. Eta hiru ikaslerekin ezin zaio eskolari eutsi —araudiaren arabera, lau ume behar dira gutxienez—. Gurasoek ere badakite hori, baina, hala ere, eutsi egin nahi diote, pare bat urte barru beste bizpahiru ume izatea espero baitute. "Horregatik ari gara ahaleginak egiten, orain egoera onenean egon ez arren, eskola ixten badute ez dutelako berriro irekiko", azaldu digu Mikel Ilarregi irakasle eta zuzendariak.
Arazoaren berri eman ziotenean, ikuskariak aldeko txostena idatziko zuela agindu zien, baina azken hitza Nafarroako Gobernuak izango du, eta auskalo noiz hartuko duen erabakia: "Gu oso aparte gaude eta bakartuak sentitzen gara. Asko itxaron behar izaten dugu edozein gauza eskuratzeko, eta Administraziokoak ere gutxitan hurbiltzen dira".
Ilarregi duela lau urte iritsi zen Saldiasko eskolara: "Lehenengo sentipena ezintasuna izan zen. Nola irakatsi matematika adin eta maila ezberdinetako umeei? Ezinezkoa zela iruditzen zitzaidan, baina pixkanaka metodoa egokitzen duzu eta ohitzen zara". Otsonta eskolan elkarrekin aritzen dira ikasle guztiak, handi nahiz txiki. Hain ikasle gutxi izateari alde onak eta txarrak ikusten dizkio Ilarregik. Batetik, irakaskuntza askoz ere hurbilagoa eta pertsonalizatuagoa da, baina, bestetik, umeek adin bereko erreferentzia gutxiago dute eta zailagoa da taldekako jarduerak egitea.
Arrazoi pedagogikoengatik baino gehiago, herriaren biziarengatik eutsi nahi diote eskolari: "Eskola oso elementu inportantea da herri batean bizitzen gelditzea ala hirira joatea erabakitzeko orduan. Inguruko herriak husten joan dira, Saldiasen egoerari buelta eman diogu, hirian etxebizitza hainbeste garestitu denez zenbait gaztek herrian gelditzea erabaki dutelako. Baina ez badiegu oinarrizko zerbitzuei eusten, ez dut uste herri hauek aurrera egingo dutenik. Gainera, badakizu zein isil eta triste gelditzen diren herriak umeek alde egiten dutenean? Herri hilak dirudite"