HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Gabonetan ere errespeta dezagun ingurumena
Honez gero erabat jabetzeko aukera izan duzu, ezta? Bai. Hemen dira Gabonak, askorentzat pizgarri eta beste askorentzat etsigarri diren jaiegun zalapartatsuak: Eguberriak. Eta horrekin batera, hemen dira ezagun ditugun ondorioak ere. Batzuk atseginak eta gozagarriak, eta beste batzuk ez hain gustagarriak: gauetako argiztapenerako kableak nonahi, argindarraren gastu neurrigabea, alferrikako paper ustiatzea... besteak beste.

Gabonetan urtean zehar baino energia gehiago gastatzen da eta hondakin-kopuruak ere gora egiten du. Talde ekologistek lan itzela egiten dute, egun hauetan, gehiegizko kontsumo horrek ingurumenean eta gizartean dituen ondorioez ohartarazten. Biztanleok, bestalde, jarrera ekologikoagoak izan ditzakegu, eta administrazio eta erakundeetako arduradunei ere antzeko jokabideak exijitu beharko genizkieke.

Eguberrietako gehiegikeriaren sinbolo nagusienetakoa kaleetan jartzen duten argiztapena da. Energia-gastu izugarria eragiten du urtero. Udaletxeetan ez da oraindik argiztapenaren kontua erregulatuko duen araudirik egin eta, beraz, hiri bakoitzak bere jardunbidea du. Hala ere badira hainbat udaletxe neurriak hartzen hasi direnak. Donostiakoa, adibidez.

Donostiako Udalean garapen jasangarriaren aldeko apustua egin dute aurten, eta kaleetan jarriko diren edergarri bakarrak ingurumena errespetatuko dutenak dira, aurreko urtearen aldean energia kontsumoa %80 gutxituko delarik. Horretarako, kutsadura gutxiago sortzen duten mikrobonbillak erabiliko dituzte, besteak beste. Gainera, kaleak argitzeko energia garbia emango duten plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte lehen aldiz Donostiako Alderdi Ederren.

Aukeran, zuhaitz artifiziala

Gabonetako beste natura-elementu garrantzitsuenetakoa zuhaitza da. Azken hamarkada hauetan, milioika zuhaitz kendu da apaingarri gisa erabiltzeko. Zuhaitz-ekoizpena ere handitu egin da helburu horretarako, eta urteko eginkizuna betetzen dutenean, bota egiten dira. Benetako arazoa ez da zuhaitz produkzioa eta erosketa, zuhaitz horiekin egiten dena baizik. Gorostia eta goroldioa ere arriskuan daude urte askotan neurrigabe ebakitzearen ondorioz, eta babestutako landare bihurtu dira. Kontsumitzaileok hainbat neurri har dezakegu natura-kalte honi aurre egiteko: zuhaitz artifiziala erabil dezakegu, adibidez, behin erosita urte askotarako izango baitugu. Zuhaitz naturala erosiz gero, berriz, sustraiak kalteturik ez egotea ziurtatu behar dugu, hau da, lorontzian dagoena erosi behar dugu. Eta behin Eguberriak pasa ondoren, ez dugu zertan zakarretara bota; gaur egun, gero eta udal gehiagok eskaintzen dute zuhaitzak jasotzeko zerbitzua, bai berriz landatzeko, bai zuhaitzetatik lortzen den humusa simaur gisa erabiltzeko. 

Gabonetako kontsumoa ere azpimarragarria da. Eta, kontsumoak, hondakin solido asko pilatzea dakar. Jakina da egun horietan alferrikako gauza gehiegi kontsumitzen direla. Ondorio kaltegarri honi aurre egiten hasteko modu egokia da botatzekoak gaika sailkatu eta bakoitza dagokion edukiontzian uztea. Izan ere, bilketa selektiboa egiten duten udalerrietan %20-30 handitzen da paper eta beira-kopurua Gabonetan. Berriztapena eta birziklapena, gaikako bilketa eta produktuak aukeratzean zein hondakin sortzen dituzten kontuan hartzea dira ekintza ekologikoenak.

Elikagaiei dagokienez, beste hainbeste: Eguberrietako bazkari eta afari oparoek, gure osasun eta poltsikoan ez ezik, ingurumenean ere eragina dute. Talde ekologistek diotenaren arabera, egun horietan, produzitzen den elikagaien kopuru handi bat bota egiten da, merkatuaren exijentzia estetikoen eta banaketa handietan sortzen diren akatsen ondorioz. Tokiko elikagai freskoak merkeagoak eta gozoagoak dira, eta gehigarri gutxiago dute; aurrez prestatutako janariek, berriz, ontziraketa eta energia-kontsumo handiagoa eskatzen dute. Produktu ekologikoak ere aukera bikaina dira, eta gero eta gehiago ekoizten dira gure lurraldean. Elikagaiak alferrik ez galtzeko, gainera, neurrizko kontsumoa egitea ezinbestekoa da.

Jakina da Gabonetan elikagai, opari, edergarri, energia eta abarren kontsumoa asko handitzen dela. Baina kontsumitzaileok baliabide ugari dugu festa egun hauetan egiten den zarrastelkeriak ingurumenean duen eragin larria ekiditeko; aski da aipatu alderdi bakoitzean jarrera logiko eta koherentea izatea Gabonak ahalik eta jasangarrienak izan daitezen.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab02/192.168.149.52