HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Atazak / Ariketak
Maila
Gako hitzak
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua

Cyberbullying-a

Interneten hamaika zerbitzu daude pertsonen arteko sareak sortu eta harremanak estutzeko. Horien artean: Facebook, Tuenti, Fotolog, Twiter, Ning, MySpace, Zugaz.com, Elgg, laconi.ca, euskaltube.com, zabaldu.com eta beste hainbat. Komunikaziorako sare bikainak dira, informazioaren joan-etorri zuzena ahalbidetzen dutenak: Edozein artxibo, dokumentu konpartitzen uzten dutenak, audioa, bideoa.... Baina arriskutsuak ere badira. Bideo, argazki eta audio-grabazioak sarean guztion eskura jartzeak ezuste asko eragiten ditu, eta ondorioak gero eta larriagoak dira.


Zer egin dezakegu, baina, Interneten arriskuei aurre egiteko? Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasaten (Gipuzkoa) kokatuta dagoen Arizmendi Ikastolako IKTko dinamizatzaile den Juan Arbuluren ustez, "ezinbestekoa da kontzientziazioa. Erreminta paregabea da Internet, eta sare sozialek aukera ugari eskaintzen dituzte, baina ondo erabiltzen jakin behar dugu". Arizmendi Ikastolak zenbait mintegi antolatu izan ditu gurasoentzat eta ikasleentzat. "Gurasoek jakin dezaten zertan ari diren seme-alabak. Gaur egungo nerabeak natibo digitalak dira, alegia, erabateko ezagutza digitala dute. Eta guraso askok ez dakite Internetek zer eskaintzen duen". Horren haritik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere programa bat abiatu du gurasoentzat, ikas dezaten seme-alabak zertan ari diren Interneten. Garrantzitsua da gurasoei aholkuak ematea eta gazteen artean kontzientziazioa bultzatzea. "Nerabeek eta gazteek jakin behar dute zer nolako erreminta duten esku artean eta tentuz jokatu behar dute, batez ere dokumentuen identifikazioarekin, eta argazkiak eta bideoak erabiltzerakoan".

Pribatutasunaren beharra


Nerabe askok inolako pribatutasunik gabe erabiltzen dituzte sare sozialak, eta batere kontrolik gabe sartzen dituzte argazkiak, audio-artxiboak eta bideoak, eta orduan sortzen dira arazo larrienak. Juan Arbuluk aditzera eman duenez, "datu pertsonalak ahalik eta gutxien erabili behar dira arazoak ekiditeko". Sareak pertsonak iraintzeko aukera ugari eskaintzen baititu, eta gero eta ohikoago da Cyberbullying-a edo eskola-jazarpena on-line gertatzea. Internet bidez egiten den eskola-jazarpena oso arriskutsua da, biktimaren edo iraina jasotzen duenaren kontra ehunka pertsona jar daitezkeelako. "Informazioa duenak boterea dauka, eta liderrek horrelako baliabideak erabiltzen dituzte pertsona ahulenak barregarri uzteko, eta haien kontrako kanpaina gogorrak bideratzen dituzte sarean", mehatxu horiek xantaiak egiteraino iritsi daitezkeela gaineratu du Juan Arbuluk. Arizmendi Ikastolan ez dute horrelako adibiderik ezagutzen, baina gero eta ohikoagoak omen dira Cyberbullying kasuak Euskal Herrian.

Sarean, nerabe eta gaztetxoak babesteko, badira gurasoen esku zenbait webgune espezializatu: Cyber Patrol 3.0, Specs for Kids, SurfCtrol Web Filter, Cybersitter 2002, Net Nanny 4.0 edo www.icra.org dira horietako batzuk. Bertan, informazioa jasotzeaz gainera, tentuz jokatzeko gomendioak jasoko dituzte gurasoek.

Erabilera pedagogikoa bultzatu

Horren guztiaren aurrean, Internet zaleek eta erabiltzaileek sarearen erabilera pedagogikoa bultzatu behar dela uste dute. "Komunikaziorako tresna bikaina delako, elkarrizketak mantentzeko, aspaldiko lagunekin harremanak mantentzeko, argazkiak zintzilikatu eta konpartitzeko, eta gaur egun lan egiteko ere aukera paregabeak eskaintzen dituelako". Arlo profesionalean google wave edo antzerako erremintek aukera izugarriak eskaintzen dituzte, dokumentuak konpartitzeko, irudiak elkarbanatzeko, informazioa bideratzeko... "Ez dira mugak jarri behar, izan ere, askoz gehiago dira abantailak eragozpenak baino".

Gaur egun Internetek 1.500 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu luze-zabalean. Hainbat pertsona, komunitate, enpresa eta aplikazioren arteko komunikazioaren oinarria da. Sortu zenean, 70eko hamarkadan, helburu jakin batzuekin diseinatu zen. Orain berriz, helburu eta jomuga horiek aldatu egin dira, eta dagoeneko etorkizuneko Interneterantz abiatzen hasi gara. Web 3.0 eta Zerbitzuen Interneta ate-joka baitatoz. Aukera gehiago izango dira guztion eskura, eta gakoa da ondo erabiltzen jakitea, ezusteak ekiditeko.

Benetan mesedegarria ote da haurrak Internetez babestea?

Interneten arriskuak ez dira orrialde pornografiko, bortitz, arrazista edota anorexiaren apologia egiten dutenetara mugatzen. Hainbat ikerketaren arabera, haurren erdiak baino gehiagok jasan du inoiz ezezagun baten erasoa sarean ari direla eta ONUren ustez, 750 000 lagunetik gora dira Interneten haurrekin harremanetan jartzeko irrikatan dauden harrapariak. Beraz, ezinbestekoa bezain beharrezkoa da haurrak babestea Interneten nabigatzen dutenean.

Nola babestu, ordea?

Lehenik eta behin, komeni da ordenagailua leku egoki batean egotea, kontrolatzen erraza dena eta haurra sarean dabilenean zertan ari den ikusteko aukera ematen duena.

Horretaz gain, komenigarria da software egokia instalatzea, Interneteko edukia iragaz dezan. Programa-aukera handia dago gaur egun.

Kontuan izan behar dugu haurren ekintzarik gustukoena on-line hizketan aritzea dela, ondorioz, oso garrantzitsua da haurrak messenger edota posta elektronikoz norekin ari diren jakiteko aukera ematen duten bideak irekitzea.

Tarteka, haurrekin batera sarean ibiltzea komeni da norekin hitz egiten duten (zein diren bere lagun birtualak) eta zertan dabiltzan ikusiz.
Gorde itzazu sarean haurrentzako arriskurik ez duten orrien erreferentziak eta beraien berri eman haurrei.


Irakurri testua eta ondoren osatu esaldiak aukera egokia eginez

Adibidez:

0.- Testuaren arabera,
  • Hamaika zerbitzu besterik ez daude Interneten jendea harremanetan jartzeko.
  • Aukera handiak eskaintzen dizkigu sareak, baina arriskuak ere egon badaude.
  • Ezustekoa eman diezaiokegu gure lagun bati bideo bat igotzen badugu Internetera.
HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab02/192.168.149.52