HABE - Ikasbil euskadi.net
 
2008-2009 ikasturtea: matrikulazio-datuak  
2008-2009 ikasturtea: matrikulazio-datuak

Aurten %5,8 hazi da euskaltegietako ikasle-kopurua 

Euskaltegietako matrikulazio-datuei dagokienez, aurreko bi urteetan izandako beheranzko joera irauli eta aurten gehikuntza izan da. Nabaria, gainera: %5,8. Datu honekin batera bada beste datu azpimarragarria: 2000. urtetik hona, aurtengoa ikasle-datu positiboenak izan dituen ikasturte hasiera dugu. 
Lerro hauetan 2008/2009ko ikasturteko ikasleriaren ezaugarri nagusiak (adina, ikasketak, lanbidea...) ere azalduko ditugu:

2007/2008 ikasturtearen aldean 2008/2009ko matrikulazio-datuak:

Bi ikasturteen arteko alderaketa egin ondoren, ikasle-kopurua hazi egin dela ondoriozta daiteke. Ikus dezagun zehatzago zertan eman den gehikuntza. Batetik, EAEn, bestetik, lurraldeka eta azkenik, sareka:

Euskal Autonomia Erkidegoan:

  • %5,8
  • 1.639 ikasle gehiago
Lurraldeka:
  • Araban                                               %2,17
  • Bizkaian                                              %5,93
  • Gipuzkoan                                           %8,24
Sareka:
  • Euskaltegi Pribatu Homologatuetan        %4,38
  • Udal Euskaltegietan                              %9,39
2007/2008 ikasturte osoan denetara 36.571 ikasle aritu ziren EAEn dauden 107 euskaltegietan euskara ikasten. Aurtengo ikasturteari dagokionez, 29.835 ikasle arituko dira, oraingoz, euskaltegi horietan. Ikasturtean zehar, ordea, kopuru hori handitzea espero da, aurreko urteetako joerari jarraiki. Datu hauek kontuan hartuz, 40.000 lagun inguruk matrikula egingo dutela aurreikus daiteke.

Beraz, azken bi urteetan izandako beheranzko joera irauli egin da:
2006/2007              37.073 ikasle
2007/2008              36.575 ikasle
2008/2009              39.000-40.000 ikasle

Mailari dagokionez, ia ikasleen erdia 1. mailan eman du izena, %49,9; 2. mailan, %26,31; 3.ean, %23,03; eta, azkenik, 4.ean, %0,73
Bada beste datu esanguratsu bat: euskara ikasten ari diren etorkinen kopurua hirukoiztu egin da aurtengo ikasturtean.

2008/2009 ikasturteko ikasleen profila: Adina

30 eta 55 urte bitartekoak dira gehienak. Datu honek badu logika. Izan ere, azken inkesta soziolinguistikoan azaleratutako datuak kontuan harturik, adin tarte horretako biztanleriaren %42 elebakarra baita, hau da, hamarretik lauk ez dakite euskaraz eta ez dute ulertu ere egiten. Hauxe da, beraz, euskaltegietako ikasleen belaunaldi ugariena.
16 eta 25 urte bitarteko gero eta ikasle gutxiago doa euskaltegira. Datu honek ere badu oinarririk: Hezkuntza sistema baita euskara ama hizkuntza ez duten gazteek euskara ikas dezaten bermatzen duena. Hala ere, hasi berri den ikasturtean, hamar lagunetik bik dituzte 25 urte baino gutxiago. Alegia, 8.000 lagunek.


Hurrengo koadroan euskaltegietara joandako ikasleen adin-tarteen bilakaera azken hamar urteetan:




Ikasleen batezbesteko adinari erreparatuz gero, azken bi ikasturteetako datuen arabera 35 urtekoa da. Eta sexuari dagokionez, %30,82 gizonezko eta %69,18 emakumezko dira.

2008/2009 ikasturteko ikasleen profila: Ikasketak eta lanbideak

Hona hemen euskaltegietako ikasleriaren ikasketei eta lanbideei buruzko datuak hurrenez hurren. Agerikoa da oso aniztuna dela bi ezaugarri hauen arabera:





HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60