Uteroaren epela eraikitzen
Egunkaria
2002-06-16
Batez beste
40 aste inguru irauten du haurdunaldiak. Prozesu liluragarria izaten da,
zelula-multzo bat baino ez dena haur txiki bihurtzen baita. Egunez egun
aldaketa handiak egiten ditu umeak amaren sabelean,
eta han aurkitzen du garatzeko behar duen guztia.
Oparo. Zenbaitetan, ordea, garaia baino lehen
heltzen dira umeak mundura. Era horretako umeak gero eta ugariagoak dira,
in vitro ernalketa tekniken ondorioz, haurdunaldi
anizkoitzak ugaldu egin baitira, eta maiz prozesua behar
bezala burutu aurretik iristen baita horrelakoetan
erditzearen unea. Ume horietaz arduratzen den
Medikuntzaren adarrari Neonatologia deritzo. Nolabait ere, amaren sabeletik
at, erietxean, utero artifiziala eraikitzen
da heldu berriarentzat.
Haurdunaldiaren
24. edo 26.etik 37.era bitarteko asteetan zehar jaiotako haurrek zainketa
berezi horiek behar izaten dituzte. Pisu gutxirekin jaiotako
umeak izaten dira normalean. Nolanahi ere, sendagileek pisuari baino garrantzi
handiagoa ematen diote nola osatuta dauden ikusteari.
Bi organo dira bereziki sendagileen kezka: garunak
eta birikak. Biak ondo garatuta badaude, gerorako
esperantza izaten da, nahiz eta umearen pisua txikia izan.
Neonatologiak
urrats handiak egin ditu aurrera azkenaldian. Kasu harrigarriak ere badaude.
Orain hiru aste, esaterako, Florentziako Careggi Ospitaletik (Italia)
285 gramorekin jaio zen neska bat aurkeztu zuten. Erditzea
otsailean jazo zela azaldu zuten, haurdunaldiaren
27. astean, eta, lanari kezka handiz ekin bazioten ere, neska txikia egun
ondo dago. Pozarren azaldu ziren mediku eta erizainak, neska txikia beren
"perla" dela esanez.
Ez da gutxiagorako.
EGUNKARIAk Donostia Ospitaleko Neonatologia Saila bisitatu du. Leku berezia
da, ume txikiz betea. "Eta umeei maitasun berezia hartzen zaie",
diote erizainek, irribarretsu.
Egoera
zailak
Tentsio handiko unerik ere izaten dela ezin dute ukatu. 500 gramo pasatxoko
umeak bizi nahi eta ezinean ikusten dituzte sarritan, bizitzen hasi orduko
etsitzeko bidean. Alboan, berriz, umea nahi
bezala besarkatu ezin duten gurasoak egoten dira.
Hipotermia eta deshidratazioa izaten dira umeon artean arazorik
ohikoenak; alegia gorputzaren tenperatura ohikoa baino baxuagoa
izaten da, eta ura galtzen dute. Horregatik, umetokiaren ordezkoa
bilatu behar zaie. Mota bitakoak izaten dira: inkubagailuak eta irradiazio
bidezko sehaska beroak. Itxiak dira lehenak, irekiak bigarrenak.
Biek beroa, hezetasuna eta oxigenoa ematen dizkiete
umeei, behar adina. Egun erabiltzen diren gailuek, adimentsuak
dirudite. Ume bakoitzaren premiak neurtu eta
horren arabera jokatzen dute. 1.800-2.000 gramo inguru dituztenean ateratzen
dituzte umeak gailuetatik. Ondo bidean beren kabuz
gorputzaren tenperatura kontrolatzeko gai izan behar dute ordurako.
Amaren
esne goiztiarra
Ahal dela amaren esnearekin elikatzen dituzte
umeak. Esne goiztiarra izaten da garaia baino
lehen jaiotako umeen amen bularretakoa, baina oraindik behar bezala heldu
gabea. Horregatik, proteina batzuk erantsi behar izaten dizkiote. Umea
bularra hartzeko gai izan orduko, berriz, ama-umeen arteko harremana gogoz
sustatzen dute; izan ere, amak umea bisitatzen
du, umeak bularra hartu behar duen bakoitzean.
Esnea hartzeko
unea ez da izaten umeen eta gurasoen arteko harreman bakarra; bisita-orduei
garrantzi berezia ematen diete Neonatologia sailetan, eta behar denean
psikologoen laguntza ere izaten dute gurasoek, inkubagailuko laztanak
gozatzeko.