|
|
Zeliakia
Artikulu honetan Jabier Agirrek zeliakia, hau da glutenarekiko intolerantzia, zertan den azalduko du.
Zer da zeliakia? Zeliakia edo gaixotasun zeliakoa glutenarekiko intolerantzia edo jasanezintasun bat da. Berdin ager daiteke umetan edo pertsona helduetan, eta gaixoak glutena (edo zehazkiago esanda gliadina izeneko osagaia) duten janariak jaten dituenean, substantzia horrek hestea erasaten du. Glutena gariaren proteina bat da, eta, beraz, gaixo hauek gari-irinarekin egindako janarien kontrako intolerantzia izango dute, eta baita zekalean, garagarrean eta oloan dauden beste proteina batzuen kontra, neurri txikiagoan bada ere.
Zeintzuk dira intolerantziaren ezaugarriak?
- Intolerantzia iraunkorra da, bestela esanda, bizitza osoan mantentzen da (ez da sendatzen).
- Aldez aurretik gaitza jasateko joera genetikoa duten pertsonetan agertzen da. Gaur egun gauza jakina da gaixotasun zeliakoa gehiago agertzen dela familia bereko senideen artean, eta, azterketa zehatzagoak eginda, ikusi da gaixo horiek "talde" genetiko berekoak direla.
- Intolerantzia horrek lesio oso bereziak eragiten ditu hestea barrutik estaltzen duen geruza mukosoan: heste biloak atrofiatu egiten dira, eta janarien xurgapena gertatzen den heste zatiak suntsitu egiten dira, maila batean edo bestean. Baina atrofia eta suntsipen horiek itzulgarriak dira, hau da, hestea bere onera etortzen da berriro glutenik gabeko dietarekin hasi bezain pronto.
Zein da glutenarekiko intolerantziaren arrazoia? Ez da oraindik ezagutzen azken arrazoia. Hainbat modutara azaltzen saiatu dira adituak, baina itxuraz gaixoaren defentsa-sisteman (erantzun immunitarioan) akatsen bat gertatzen da. Gaixoaren defentsa-sistemak "arrotz" bezala, gorputzaren kanpoko zerbait bezala hartuko luke glutena, eta "defentsak" edo antigorputzak sortuko lituzke bere kontra. Antigorputz horiek hestearen lesioa (mukosaren atrofia edo suntsipena) eragingo lukete eta, horren ondorioz, hainbat alterazio gertatuko lirateke janarien digestioan. Antigorputz horiek beste organo edo gorputz-atal batzuen kontra ere aritu daitezke, eta horrek azalduko lituzke gaixotasun zeliakoan agertzen diren beste sintomak.
Zeintzuk dira zeliakiaren sintomak? Garrantzi handikoa da bi puntu argi eta garbi uztea:
- Gaixotasun zeliakoak ez ditu umeak bakarrik erasaten, baita helduak ere.
- Sintomak era askotarikoak izan daitezke eta oso diferenteak gaixo batetik bestera.
Gaitza agertzeko modua oso aldakorra izan daitekeelako, bi forma nagusitan sailkatu edo banatuko dugu zeliakia: sintomekin agertzen dena, batetik, eta asintomatikoa edo sorra, bestetik.
1.- Gaixotasun zeliakoa sintomekin. Betidanik sintoma digestiboei eman zaie garrantzirik gehien, baina gaur egun onartzen dira sintoma ez digestiboak nagusitzen diren kasuak ere (atipikoak edo ezohikoak esaten zaie). Gaixotasun zeliako klasikoa bi urtetik beherako haurretan eta 30-40 urte bitarteko helduetan agertzen da. Sintoma usuenak hauek dira: beherakoa, eginkari distiratsu, usain txarreko eta tamaina handikoekin, gorakoak, apetitu-falta eta pisu-galera. Umeak itxura eskasa izaten du: desnutrizioa, tristura, sabela puztuta eta ipurmasail zimelak. Gaitzaren larritasuna noiz agertu izanaren mendean egongo da, eta diagnostikoa egin zenetik tratamendua jarri arteko denboraren mende. Horregatik, eta forma larriak saihesteko, haurtxoetan glutena gutxienez sei hilabete egin arte ez sartzea gomendatzen da. Gaixotasun zeliako atipikoa edozein adinetan ager daiteke, eta beste sintoma batzuk nagusitzen dira, ez digestiboak zuzenean: hazkundearen atzerapena, anemia (burdina-faltagatik), ahoko lesioak: hortzetako esmaltearen alterazioa, ultzera edo afta errepikatuak (mihian, oietan eta ahosabaian agertzen diren zauri txiki oso mingarriak). Beste sintoma batzuk ere ager daitezke (neurologikoak, psikiatrikoak, hezurretakoak), baina askoz ere arraroagoak dira.
2.- Gaixotasun zeliakoa sintomarik gabe eta zeliakia sorra. Zergatik egiten zaio gaixotasun zeliakoa bilatu nahian azterketa zehatz bat —baita hesteetako biopsia bat ere— sintomarik ez duen pertsona bati? Bi dira horretarako arrazoi nagusiak: a) Esan bezala, gaixotasun zeliakoa maizago agertzen dela familia bereko kideetan. b) Eta arazo edo gaitz jakin batzuk (adib. dermatitis herpetiformea, diabetes mellitusa eta Down sindromea) edukitzea zeliakia izateko arrisku handiagoarekin lotzen direla.
Horregatik, aipatutako gaitz horien segimenduan, eta batez ere gaixo zeliako baten lehen mailako ahaideen kasuan, aldizkako kontrolak egin behar dira, markatzaile serologikoak kontrolatuz eta agian hesteetako biopsiak ere eginez, zeren eta:
- sintoma nabarmenik izan gabe hesteetako lesioak izan ditzaketelako (gaixotasun zeliako asintomatikoa).
- hasieran hesteetako biopsia normala izan arren, luzarora hesteetako atrofia ager daitekeelako (zeliakia sorra).
Gaur egun, gainera, sintomarik gabeko forma hauek oso usuak direla pentsatzen da, sintomekin agertzen diren formak baino usuagoak.
Nola egiten da gaixotasun zeliakoaren diagnostikoa? Pertsona batek zeliakia izan dezakeela susmatzen badugu, odoleko analisiak eta hesteetako biopsia dira egin beharreko probak.
Odoleko analisi orokor batek hesteetako funtzioa asaldatua dagoela adieraz dezaketen alterazioak nabarmendu ditzake: anemia, burdina falta delako, edo kolesterolaren alterazioak, edo bitamina-gabeziak. Baina alterazio horiek baino garrantzitsuagoak dira gaixotasun zeliakoaren odoleko markatzaileak esaten zaienak (antigliadina eta antiendomisio antigorputzak dira ezagunenak). Markatzaile horiek gaixotasun zeliakoaren kasu posible asko detektatzeko aukera ematen dute, oso baliagarriak dira gaitzaren segimendua egiteko (tratamendua hastearekin batera normalizatu egiten direlako, eta glutena berriro sartzean berriz ere gora egiten dutelako), baina, hala ere, ez dituzte gaixotasun zeliakoaren kasu guztiak atzematen. Horregatik, zeliakiaren diagnostikoa erabat finkatzeko ezinbestekoa da hesteetako biopsia bat.
Zer da hesteetako biopsia? Edozein biopsia bezala, hestearen geruzarik azalenekotik puskatxo bat ateratzen da, inolako minik gabe, ondoren puskatxo hori mikroskopioan aztertzeko. Umetan hari-mutur batetik zintzilik dagoen kapsula txiki batekin egiten da:umeak kapsula irentsi ondoren, kapsula horrek muturrean daraman pintzak heste zatitxo bati atximur egiten dio eta lagina lortzen du. Nahikoa da haritik tira egitea heste zatitxoa kanpora ateratzeko, umearentzat aparteko molestiarik gabe.
Noiz egin behar da hesteetako biopsia? Gaixotasun zeliakoa susmatzen den bakoitzean egin behar da biopsia, eta dietatik glutena erretiratu aurretik. Horrela, biopsiak nabarmen jarriko ditu hesteetako biloen atrofia eta gainerako lesioak. Lesio horiek ez dira zelian bakarrik agertzen, baina glutenik gabeko dietarekin normalizatu egiten direnez, bigarren biopsia bat egingo da, kontrolekoa, eta horrekin argituko dugu behin betiko ea gaixotasuna zeliakia den ala ez.
Zeintzuk dira zeliakiaren konplikazioak? Tratatu gabeko edo behar bezala tratatu gabeko gaixotasun zeliakoaren konplikaziorik larriena hesteetako minbizia garatzeko arriskua da. Bestetik, tratamendurik gabe, desnutrizioaren eta burdina edo bitamina-gabeziaren ondorioak era ager daitezke. Baina zeliakiaren konplikaziorik txarrena gaixoaren bizimoduari eta elikadurari ezartzen dizkion baldintzak dira: glutenak erabat desagertu behar du gaixoaren jan-neurritik, eta glutenik gabeko dieta hori bizitza osoan mantendu behar da.
Zein da gaixotasun zeliakoaren tratamendua? Hasiera batean, hesteetako lesioaz aparte dauden sintomak tratatu behar dira (anemiak, laktosarekiko intolerantziak, etab.). Sintomak berehala konpontzen dira, baita aurreneko astean ere glutena dietatik kenduz gero; baina markatzaile serologikoen eta heste-mukosaren normalizazioa motelagoa izaten da. Gaitzaren sintomak tratatzeaz gain, neurri dietetikoak dira tratamenduaren oinarria: glutenik gabeko dieta egitea, gaixoa bizi den artean. Dietatik garia (eta baita zekalea, garagarra eta oloa bezalako beste zerealak ere) duten produktu guztiak kendu behar dira. Arroza eta artoa jan ditzakete, zereal horiek ez baitute glutenik. Dieta hori egitea erraza dirudi, itxuraz, baina praktikan zaila gerta daiteke hainbat arrazoirengatik:
Produktuen etiketetan sarritan ez da agertzen gluten terminoa, baina bai, ordea, glutena duten beste osagai batzuk (lodigarriak, almidoi eraldatuak, malta, proteinen hidrolizatuak, etab.), eta glutena oharkabean sartzen da gaixoaren elikaduran.
Produktu askok—modu soltean saltzen direnak, edo kontserbatan, artisau-metodoei jarraituz eginak, edo produktu manufakturatuak oro har— glutena eduki dezakete, etiketan horrelakorik ez adierazi arren: hestebeteak, izozkiak, litxarreriak, edari alkoholiko batzuk, botika batzuk, etab.
Glutena duten janari-edarien zerrenda oso zabala da, eta betiere gaixoaren segimendua egiten duen espezialistak osatu beharko luke. Badira gaixo zeliakoen elkarteak ere, zerrenda eguneratuak eta bestelako informazio baliagarri ugari eskaintzen dituztenak (Euskal Herrian EZE elkarteak lan handia egiten du).
Gaixo zeliakoak aparteko arazorik gabe har ditzakete ondorengo janariak: frutak, berdurak, barazkiak, tuberkuluak (patatak, esaterako), esnea, haragia eta arrain freskoak, arroza eta artoa, koipeak eta azukrea. Baina, bere konposizioagatik edo prestatzeko moduagatik zalantzaren bat sortuz gero, onena janari-edari hori ez kontsumitzea da.
|
|