HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Nola hartu neurria kolesterolari
 Kolesterol-maila altua atzeman al dizute errutinazko odol-analisian? Ba al dakizu nola jokatu aurrerantzean? Jan-neurria oso alderdi garrantzitsua da, baina ez bakarra. Kirola egitea, ohitura osasungarriak mantentzea eta estresa uxatzea ere beharrezko neurriak dira. Irakurtzen jarraituz gero, gaitza kontrolatzeko egin behar duzun guztiaren berri izango duzu.

 Osasun-arazo kronikoen artean, kolesterolarena izugarri ugaritu da azken hamar urteotan, hiritarren % 10,5ek kolesterol-maila altuak baititu. Eta, adituen ustez, oraindik ere gehiago ugarituko da. Elikadura txarra, sedentarismoa eta tabakismoa bezalako ohiturak dira horren erantzule nagusiak.

ZER DIRA GANTZ "TXARRAK"?


    Kolesterola gure gorputzak sortzen duen koipe bat da, odolean eta bestelako gorputz-ataletan aurkitzen dena. Gorputzak jaten dugunetik ere lortzen du kolesterola, animalia-jatorriko elikagaietatik batez ere (esnekiak, haragia, arrautzak,...), baina baita landare-jatorrikoetatik ere (ahuakatea, olioak, etab.)
    Gorputzak bere eguneroko funtzionamendurako kolesterola behar du, baina maila orekatuan, jakina. Kolesterola behar-beharrezkoa da, gorputzak hormonak fabrikatzeko eta zelulen mintza sortzeko. Azalean jarrita, kolesterolak iragazgaitz egiten du, uraren galera eta substantzia toxikoen sarrera zailduz. Janarietako gantza xurgatzen ere laguntzen dio kolesterolak gorputzari. Odoleko kolesterol-mailak altuegiak direnean, ordea, gibelak ezin du kanporatu, eta orduan odolean pilatzen da.
    Bi eratako kolesterolak bereizten dira gaur egun: kolesterol "ona" (HDL izenarekin ezagutzen dena) eta kolesterol "txarra" (LDL). Kolesterol onak, arteriak garbitzeaz gain, odolaren zirkulazioa hobetzen du. Kolesterol txarra, berriz, odol-hodien paretan pilatzen da, hodi horiek estutuz eta zirkulazioa oztopatuz. Horri arteriosklerosia esaten zaio, eta benetan arriskutsua da, bularreko anginak eta bihotzeko nahiz garuneko infartuak eman ditzakeelako.

NOLA JAITSI KOLESTEROL TXARRAREN MAILA?

    Dieta osasungarria eta gantz saturatu gutxikoa egiteaz gain (ikus beheko laukia), badira beste neurri batzuk ere LDL kolesterolaren maila jaisteko aproposak:
* ARIKETA EGITEA. Aldian-aldian ariketa egitea gomendatzen da. Kirolak metabolismoa bizkortzen du, gehiegizko gantzak "erretzen" laguntzen du eta kolesterol onaren sorrera estimulatzen du. Astean bizpahiru aldiz aritzea da onena, eta edozein kirol-mota egin daiteke: igeri egin, lasterka edo bizikletan ibili, dantzatu, edo baita martxa onean ibili ere. Baina saio bakoitzak 20 minutu iraun behar du, gutxienez.
* ERRETZEARI UZTEA. Tabakoak, bere hartan, ez du gantzen produkzioa aldatzen; baina dieta desegokiarekin edo kolesterol-maila altua izateko joera genetikoarekin batera konbinatzen denean, arazoa okerragotu dezake.
* ESTRESA KONTROLATZEA. Garrantzi handiko kontua da hau, estresak errazten baitu gantz-ehunetatik datorren kolesterola odolera askatzeko prozesua.
* OBESITATEA. Gain-pisuak mota guztietako koipe eta gantzen pilaketa errazten du (kolesterola barne). Horrek ez du esan nahi, pertsona argalek ezin dutenik arazorik eduki kolesterolarekin.
* FAMILI ARAZOA OTE? Bada heredatua izan daitekeen kasu berezi bat: hiperkolesterolemia familiarra. Gaixotasun larri samarra da, eta onena espezialistarengana joatea da.
ALDIZKAKO KONTROLAK. Odol-analisi batean kolesterol-maila altua atzeman badizute, aldizkako kontrolak egin beharko dituzu, eboluzioa jarraitzeko. Sei hilabeteren buruan, gomendatutako neurriak bete arren kolesterola jaitsi ez baldin bada, botikek bidezko tratamendua beharrezkoa ote den planteatzeko ordua iritsi da.

                                         NON DAGO MUGA?
KOLESTEROL TOTALA
- 200 mg/dl-tik behera: maila osasungarritzat jotzen da.
- 200-239 mg/dl bitartean: maila zertxobait altua da.
- 240 mg/dl-tik gora: kolesterol-maila altutzat hartzen da.
iKOLESTEROL ONA (HDL)
- 45 mg/dl-tik gora: maila osasungarritzat jotzen da.
- 35-44 mg/dl bitartean: maila zertxobait baxua da.
- 35 mg/dl-tik behera: maila baxu eta ez osasungarritzat hartzen da.
KOLESTEROL TXARRA (LDL)
- 130 mg/dl-tik behera: maila osasungarritzat jotzen da.
- 130-159 mg/dl bitartean: maila zertxobait altua da.
- 160 mg/dl-tik gora: maila altu eta ez osasungarritzat hartzen da.
 


KOLESTEROLAREN KONTRAKO JAN-NEURRIA

    Dieta orekatua eta osasungarria egitea da kolesterol-mailak kontrolatzeko biderik onenetako bat. Eta ez da batere zaila: koipe edo gantz "txarren" kontsumoa murriztea eta gantz "onena" bultzatzea.
- Gantz saturatuei stop! Horiexek gehitzen dituzte kolesterol "txarraren" mailak. Gantz horietan aberatsak diren janarien kontsumoa gutxitu beharko da, beraz: gurina, esneki osoak, arkume eta txerri-haragia, oilasko-azala, manteka, erraiakhestebeteak, opil industrialak, patata frijituak eta gainerako snack edo litxarreriak. Txahal-haragia, arrautzak eta mariskoa astean bitan gehienez.
- Omega-3 gantz-azidoetan aberatsak diren janariak. Arrain urdina, soja eta fruitu lehorrak oso egokiak dira, kolesterol "ona" igotzen dutelako.
- Antioxidatzaileak. Komeni da antioxidatzaile natural asko dituzten elikagaiak kontsumitzea (landareetatik datozenak, barazkiak), zelula koipetsuen oxidazioa murrizten dutelako eta arterietan gantza pilatzea eragozten dutelako.
- Zuntzetan aberatsak diren janariakLekaleetan, frutan eta algetan dagoen zuntzak laguntzen du gorputzean koipe gutxiago xurgatzen.
- Oliba-olioa. Gantz-azido monoinsaturatuak dituenez, oliba-olioak kolesterol "ona" gehitzen du eta kolesterol "txarraren" oxidazioa saihestu.
- Ideia egokiak:
Kendu haragiaren ageriko koipea edota oilaskoaren azala, sukaldean prestatu aurretik.
Jan ezazu arrautzaren zuringoa bakarrik (kolesterola gorringoan dago-eta).
Saia zaitez esneki gaingabetuak hartzen, eta gurina, manteka edo margarina ordez oliba-olioa erabiltzen.

Nola hartu neurria kolesterolari. Pdf-a
HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60