Ezer ez egiteko
Oporretan ere estresak jota!
Iritsi dira. Oporrak. Ezer ez egiteko denbora. Baina arduratzen gaitu eginkizunik ez izate horrek, eta minutu bakoitza antolatzen hasten gara. Urtean zehar oso ohitura finkatuak izaten ditugulako, eta ez dakigulako beste era batera bizitzen. Askoz errazagoa da bizitzea zehatz-mehatz antolatua badugu eguna. Planak. Planak besteei kontatu ahal izateko. 2 museo eta katedral bat egunean. 3-4 hiriburu bidaia bakarrean. Goiz jaiki ahalik eta gauza gehien ikusteko. Gidetan aipatzen diren guzti-guztiak. Horrela gure denbora librea aprobetxatu dugula sentituko dugu. Horrela ingurukoei benetako oporrak izan ditugula esango diegu. Galdatuko digutelako zer egin dugun. Nora joan garen. Zer ikusi dugun.
Etekina atera diezaiegun oporrei. Joan gaitezen hoteletara ordenagailuarekin. Edo, bestela, bila ditzagun ziber-aretoak korreoa begiratzeko. Har ditzagun telefono deiak. Har ditzagun dei guztiak. Pentsa dezagun gu gabe ez dutela lana behar bezala aurreratuko. Ezinbestekoak garela. Ezinbestekoa dela gure lana. Ez ditzagun egun gehiegi segidan hartu horrexegatik. Ez dezagun erabat deskonektatu.
Ez gaitezen etxean geratu ezer egin gabe. Apartekoa edo nabarmena ez den ezer egin gabe. Planik, eperik, erabakirik eta araurik gabe. Maite ditugunekin egoteko prestutasun hutsarekin.
Opor egunek ez dutelako zerikusirik urteko gainontzeko egunekin.