Irakurketa teknologikoa
Gure irakurtzeko modua ere teknologien arora aldatu dela edota aldatzen ari dela esan al daiteke? Berdin irakurtzen dugu sarean? Goitik behera, hitzez hitz irakurtzen ditugu webguneetako edukiak, edo nahiago ditugu azalpen motzak? Gai berdinaren inguruan luze irakurri ordez, ez ote gara gai ezberdin asko dosi txikietan jasotzera ohitzen ariko?
Teknologiak eta, batez ere, Internetek, gure irakurtzeko ohitura eta moduetan izan duen eta izango duen eragina zientzialari askoren aztergai bilakatu da azken urteotan. Batzuk kaltegarria dela diote, sakon irakurri eta pentsatzeko dugun gaitasuna murriztuko dela baieztatzen dutelarik. Besteek, teknologia eta gure buruak konbinatu egingo direla eta, hortik, gure gaitasun intelektuala esponentzialki haziko dela defendatzen dute. Hemen ere, beraz, zenbat buru, hainbat aburu.
Nicholas G. Carr, IKTetan aditua den Entziklopedia Britainiarraren aholkulariak, lehen ezberdin pentsatzen zuela adierazten du «Is Google making us stupid?» artikuluan. Lehen luze irakurtzen zuela, sakon. Orain, berriz, ahalegin handia egin behar duela irakurketa luze bat egiteko. Eta aldaketa horren jatorria Internet asko erabiltzean datzala dio. Carren arabera, «Internetek eta, oro har, hedabideek, pentsamendurako materiala ematen digute, baina, era berean, gure pentsatzeko modua ere moldatzeko gai dira».
Internetek kontzentraziorako eta hausnarketarako dugun gaitasuna murriztuko duela dio. «Internet gure buruak hezten ari da, informazioa zati txikitan baina modu azkarrean jaso dezagun». Eta, hori horrela, pentsamendu lerro bat denbora luzez mantentzeko gaitasuna galduko dugula pentsatzen du Carrek eta, Internet gero eta gehiago erabili, eragina gero eta nabarmenagoa izango dela uste du.
Raymond Kurzweil adituak beste gogoeta bat egiten du. Adimen Artifizialaren asmatzailea den Kurzweilek, teknologien eta gure garunen konbinazioa defendatzen du. Alegia, bere garaian kalkulagailuekin gertatu zen gisan [ariketa aritmetikoak egiteko gaitasuna galdu dugu], egun, «Google gure memoriaren anplifikadore gisa hartzen dugu eta, bere gain uzten ditugu gure memoriaren zenbait lan».
Egia da, Internetekin, gure irakurtzeko modua aldatu egin dela. Londreseko University Collegeko zenbait adituk burututako ikerketaren arabera, une honetan inflexio puntu batean gaude, eta, bertan, gure irakurtzeko eta pentsatzeko modua drastikoki aldatzen ari da. Horretarako, bi webgune aukeratu eta erabiltzaileen irakurtzeko moduak aztertu zituzten. Diotenaren arabera, erabiltzaileek «begirada motzak» eskaintzen zituzten, informazioan edo edukietan gelditu gabe. Artikulu batetik bestera jauzi egiten zuten eta, normalean, ez ziren jatorrira itzultzen. Iturri bakoitzean orri bat edo bi irakurtzen omen zituzten eta klik batekin beste webgune batzuetara joaten omen ziren. Batez beste, lau minutu liburu elektronikoko eta zortzi egunkari elektronikoko.
Ikerlari hauen arabera, «Interneten ez da modu tradizionalean irakurtzen; izenburuei erreparatuz, begirada horizontalak gailentzen ari dira, bat bateko satisfazioa bilatuz».
Iritziak iritzi, informazioaren aurrean dugun jarrera aldatzen ari da. Informazioa ezberdin iristen zaigu eta ez dugu berdin barneratzen. Jasotzeko, barneratzeko eta berau analizatzeko modua aldatzen ari da.
Aldaketa konstantea da eta, zenbait kasutan saihestezina izan daitekeen arren, honakoan ere, erabileran dago gakoa. Luze eta sakon pentsatzeko gaitasuna ez dugula galdu behar, alegia, nahiz eta batzuetan azkar eta dosi txikietan irakurri