HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Marmokak: itsasoko ikara
Urtero agertzen dira marmokak gure kostaldean eta baita ehunka ziztada egin ere. Zergatik ugaltzen diren, zelan jokatzen duten eta ziztada baten aurrean zer egin irakurri ahal izango duzu artikulu honetan.

Hamar urtetan penintsulako kostaldetara iristen den marmoken kopurua hirukoiztu egin da. Orain arte, batez ere, Mediterraneoan gertatzen zen arazoa zen, baina Bizkaiko itsasoan, ura hotzagoa badago ere, gero eta sarriago egiten dituzte agerraldiak. Aurten, marmokak agertu dira jada Euskadiko hondartzetan.

Ander Palacios itsas zientzialariaren esanetan, "hona ez dira Mediterraneora iristen diren espezie berberak heltzen, baina baldintza egokiak badaude, besteak beste, gazitasunaren igoera edo bat-bateko tenperatura aldaketa, Bizkaiko itsasoan ere arazo bihur daiteke. Hala ere, zerbait zehatza izango da".

Bizkaiko itsasoa zabala da, uhin gogorrak ditu eta korronte ugari. Baldintza horiek ez dira marmoken pilaketarako egokiak. "Tenperaturak gora egin eta harrapariak urritzen diren heinean, gehiago agertuko dira, baina pixkanaka izango da, izurri handirik gabe", Palaciosen ustez.

Balizko arrazoiak

Uraren tenperaturaren igoerak gero eta espezie pozoitsuagoak erakartzen ditu, Afrikatik datorren eta heriotza eragin dezakeen "Carabella portugaldarra" esaterako. Australian jende gehiago hiltzen da marmoken ziztadak direla eta marrazoen erasoen ondorioz baino. Bertako espezie arriskutsu batzuk Israeleko eta Greziako kostaldeetara heldu dira Suezeko kanalaren bidez eta ez daude Mediterraneoko hondartzetatik oso urrun.

"Kutsadura biologikoa deiturikoa da", Palaciosen hitzetan. "Marmoken kasuan, batez ere, kanalen ondorioz gertatzen da, baina baita akuarioetarako harrapatu diren marmokak askatzen direlako ere. Inguru berrian harrapari naturalik ez dutenez, baldintza egokiak egonda, ugaltzea erraza da. Floridako dortoka edo zebra mejiloiarekin gertatutako gauza bera gertatzen da.

Gaiaren inguruko ikerketa gutxi dagoenez, ezin da segurtasun osoz jakin zer dela eta ugaltzen ari diren marmokak. "Nire ustez", esan du Palaciosek, "medusen izurriei mesedegarri zaien eragileetako bat klima aldaketa da, uraren beroketa eragiten baitu. Zenbaitek onartu nahi ez badute ere, niretzako argi dago". Egia da behintzat udan agertzen direla gehiago, uraren tenperatura altuagoa denean.

Beste eragile bat gehiegizko arrantza izan daiteke. Hori dela eta, marmokak jaten dituzten espezieak gutxitzen dira eta oreka naturala hausten da. Palaciosen esanetan, "sare pelagikoetan dortoka ugari eta marmoken harrapariak diren hainbat arrain ere geratzen dira harrapatuta".

Zenbaiten iritziz, itsasora jaurtikitako nekazaritza ongarrien elikagaiak daude uretan, gero eta gehiago, eta marmokak horiekin elikatzen dira.
Azkenik, gero eta euri gutxiago dugu eta euriak lurraldeko ura itsasora eramaten du gazitasuna orekatuz. Beraz, baliteke uraren gazitasun handiak ere marmoken kopurua handitzeko lagungarri gertatu izana, marmokek gatza gutxi duen ura gaizki jasaten baitute.

Finean, Palaciosen ustez, "gero eta gehiago moldatzen ditugu itsas inguru berrietara".

Hartu beharreko neurriak

Izurrien aurrean hondartzetan hartu beharreko neurriei dagokienez, Palaciosek argitu du "asko garatzen ari dira, baina % 100ean eraginkorra den bat ere ez dago. Marmokak harrapatzen dituzten arrantza ontziak saritzen ari dira orain", baina ontzietatik marmokak arrantzatzea marmoka kontzentrazio handiak daudenean baino ez da eraginkorra.

"Orain arte egindako saiakera kimikoak oso zailak eta garestiak izan dira eta berdin gertatu da harresi fisikoak jartzeko saiakerekin". Atxikitze sareek medusen zatiak eta tentakuluak pasatzen uzten dituzte eta zati horiek ere ziztatzen dute. Beraz, konponbidea iturburuetara jotzean datza, baina horien inguruko informazio urria dago, gaiari buruzko ikerketa gutxi egin baitira. "Egun dauden ikerketak oso zehatzak dira, maila geografiakoa eta espeziei dagokienez ere. Ezin dira orokorrean erabili", azaldu du adituak.

Marmokak korronteekin batera mugitzen dira, "ur gaineko paraxut erraldoi baten modukoak dira. Neurri batean mugimendu borondatea dute, baina distantzia luzeetan". 55 metro orduko abiadura hartzeko gai dira.

% 95ean ura dira eta ez dute ez begirik ez burmuinik. "defentsa moduan erasotzeko baino gehiago" ziztatzen badute ere, tentakuluak janaria harrapatzeko erabiltzen dituzte pozoiarekin arrain txikiak anestesiatuz. Palaciosek dioenez, "arpoi txikien moduko zelula erresumingarriak dituzte. Azalean lotu eta erretze sentsazioa ematen duen produktu kimikoa sartzen dute".

Zer egin ziztatuz gero

Gurutze Gorriak bandera gorriaren bitartez ohartarazten du medusa izurriak daudenean. Lau orduz, ordu bakoitzeko hamar lagunek ziztadak dituztenean jartzen dute arrisku bandera. Marmokak ikusten baditugu, hobe da ez bainatzea. Marmoka uxagarriak diren eguzkiaren aurkako kremak ere badaude.

Marmokak azala ukitzen badu, gunea handituko da eta hazkura gogorra sortuko zaigu. Normalean, baba more mingarriak agertzen dira eta erraz infektatzen dira. Marmoka batek ziztatzen bagaitu, honakoak dira Gurutze Gorriak ematen dituen gomendioak:

- Ez ukitu ezta igurtzi ere.
- Ur gaziarekin garbitu.
- 15 minutuz izotza jarri plastikozko poltsa baten bidez, inoiz ez zuzenean, izotza ur gaziz eginda badago salbu.
- Egonez gero, tentakulu zatiak atera.
- Zauri baten moduan sendatu, iodoarekin garbituz.
- Medusa espeziea identifikatu dagokion tratamendua jartzeko.
- Sorosleengana jo edo osasun zentro batera joan.

Konbultsioak izanez gero edo arnasketan zein bihotzean asaldurak nabarituz gero, ospitalera joan behar dugu.

Kontuan izan medusa ziztada bat izan duenak, beste bat jasotzen badu erreakzio larriagoa izan ohi duela.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60