HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Jone Uriaren lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusia
Urriaren 3an abiatu zen Zestoan aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia eta Barakaldoko BECen izango du helmuga, abenduaren 13an. Ordura arte jiraka eta bueltaka ibiliko da bertsolarien zirko handia —Euskal Herri osoko berrogeita lau bertsolari, hamar epaile, beste horrenbeste gai-jartzaile, eta ehunka laguntzaile eta kolaboratzailez osatua—, bertsozaleak hunkitu eta bertsoez goza dezaten. Txapelketak sekulako ikusmina pizten du eta aurtengoa ere ez da salbuespen izango. Telebista, irrati, egunkari eta agerkari digitalek txapelketaren informazio zehatza eskainiko digute zaleoi, Euskal Herriko ekitaldi handienetakoa den txapelketa honetan.

Jone Uria

Bertsolaritza eta matematikak

Garai bateko bertsolaritzak sekulako bilakaera izan du azken urteotan; ondo landutako irudia, itxura modernoa, emakumeen gero eta presentzia handiagoa, diseinuzko eserlekuak... gauza asko aldatu dira bertsolaritzan eta aldaketa horien guztien lekuko izan da gure protagonista. Jone Uria algortarra da, hemeretzi urte ditu eta matematika ikasten ari da. Hamabi urte zituela hasi zen bertsotan Algortako Bertsolari eskolan. Eskolarteko txapelketetan Bizkaiko txapelduna izan da txiki zein nagusitan. 2008ko Bizkaiko txapelketan finalaurrekoetara heldu zen. Eta aurten hartuko du parte lehenengoz Txapelketa Nagusian. Zestoako saioan estreinatu eta puntuaziorik onena eskuratu zuen.

Getxoko Andra Mari auzunean egin dugu hitzordua Jonerekin. Kalean jende gutxi dabilen egun bat da eta Jonek berak ere kontzentratuta dirudi. Matematika ikasten dihardu Euskal Herriko Unibertsitatean, nonbait erritmoa eta logaritmoak gustuko ditu eta ikasketak eta bertsolaritza ondo uztartzen ditu. "Jende askok esaten dit bertsolaritza eta matematika elkartzea arraroa dela. Baina esango nuke zientziak ez diela hitzei kalterik egiten eta ondo moldatzen naiz. Ordu asko eskaintzen dizkiet biei".

Etxean, bertsolaritzarekin harremanik ez

Joneren etxean inor ez zen bertsolari. "Gurasoak zaleak dira, baina ez dute inoiz bertsotan egin". Gogoan du garai batean ez zituela oso gogoko, Gero, ordea, entzutearen poderioz, bertsolari bilakatu da. Algortako jaietan zuzeneko saio batek piztu zion bertsotan aritzeko gogoa. "Aitak zuzeneko saioan bertsoen gaineko komentarioak egiten zizkidan eta asko gustatu zitzaidan. Esango nuke ordukoari esker egin nintzela bertsolari".

Bertsotan hasi zenean, ordea, ikastolan ez zegoen bertso-eskolarik baina handik urtebetera Fredi Paia algortarrak bertso-eskola sortu zuen. Geroztikburu-belarri aritu da Jone bertsolaritzan. Esan digunez, inoiz ez zitzaion burutik pasa Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko zuenik. "Gogoratzen dut 2001ean lehenengo finalera iritsi nintzenean, adinaren kalkuluak egin nituela. Orduan pentsatu nuen 2009an txapelketa nagusian egoteko aukera izango nuela, baina amets bat besterik ez zen". Ametsa zena, baina, egia bihurtu da, eta Jonek bikain hasi zuen Txapelketa Nagusia, lehenengo saioko puntuaziorik onena eskuratuz.

Plazetako jende-uholdeak errespetua ematen badio ere, Jone Uria lasaia da eta elkarrizketa honetan ere agerian utzi du patxada hori. Txapelketa zalea ez den arren, txapelketan agertzea inportantea dela dio: "Jendearen aurrean agertzen garelako eta ezagutzera ematen dugulako geure burua". Hala ere, Jonek nahiago ditu saio normalak, bertso-poteoak eta afariak. Ariketei dagokienez, orokorrean mota askotako saioak eskaintzen ditu Jonek, "baina, beharbada, zortziko txikiko umorezko saioetan eta bakarka moldatzen naiz ondoen".

Gero eta emakume gehiago bertsolaritzan

Bertsolaritzak etorkizun oparoa duela uste du, gero eta gazte gehiago datorrelako, eta Euskal Herri osoko bertsolariak agertzen ari direlako. Era berean, emakumeen presentziarekin harro agertu da. "Ni ohituta nago emakumeekin kantatzen. Bertso-eskolan gehiago ginen eta txapelketetan ere neska asko elkartzen ginen". Zorionez, entzuleak zein bertsolariak ohitu egin gara egoera berrira.

Nork jantziko du txapela?

Aurtengo txapelketan ere sorpresarik ez dela izango uste du Uriak eta azken urteetako irabazlea ikusten du faborito. "Uste dut txapelak ez duela buruz aldatuko. Amets Arzallus ondo dabil, Unai Iturriaga eta Igor Elortza ere bikain ari dira, baina uste dut onena Andoni Egaña dela eta berak irabaziko duela". Finalaren aurrean kiniela egitera ausartu da bertsolari algortarra, eta hiru lehenen izenak eman dizkigu. Andoni Egañak irabaziko du, Maialen Lujanbio bigarren izango da eta hirugarren, Unai Iturriaga.



Zortziko Txikia

Bertsoa puntutan zatitzen da eta puntu bakoitzak, neurriaren arabera, silaba-kopuru jakin bat izango du. Zortziko txikiak lau puntu ditu eta errima lerro bikoitietan doa. Neurri hau, temako egoera bizi eta umoretsuetarako gehiago erabiltzen da, berbaldi luze dramatiko eta epikoetarako baino.
Segidan, adibide bat duzue. Jone Uria eta Iratxe Ibarra, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian aritu ziren 2008ko azaroaren 26an.

Gaia: Dantza ikastaro batean ezagutu duzue elkar. Astetik astera, Iratxek geroz eta estuago heltzen diola konturatu da Jone.

Jota ikasi nahian 7
belarri ta buru 6A
hona etorri zinen 7
gainera seguru 6A
baina hurbiltzen zabiltz 7
zu ordurik ordu 6A
gaur tango bat dantzatzen 7
bukatuko dugu 6A




HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60