Jokin Etcheverria: "Bilbok eskaini dit aukera nire euskal nortasuna garatzeko"
Ameriketako Estatu Batuetatik etorri berri, Bilbon egin dugu hitzordua Jokin Etcheverriarekin. Chiloe telebista-programako kapitulu berri bat grabatzen izan da, besteak beste Pittsburgh hirian, eta laster ETBn izango dugu ikusgai.
Chiloe eta BURP! Bask Underground Report saioen aurkezleak aurten bete ditu 30 urte eta antzerki zein komertzio-eskoletan egin ditu ikasketak. Bilboko Mesedeetako kaian bizi da, ingurune zoragarrian. Pare-parean ditu Erriberako azoka eta Bilbo Zaharra. "Ederra da ikuspegia, baina laster beste etxe batera joan beharra izango dut". Orain dela lau urte iritsi zen Bizkaiko hiriburura Donibane Lohitzunetik, eta ordutik ezagun egin da Chiloe eta BURP! Bask Underground Report saioekin. My Jok World S.L enpresa sortu zuen Maiana Agorrobyrekin eta telebista-saioak ekoizteaz gainera, elastikoak ere saltzen dituzte Euskal Herrian, Parisen, Bartzelonan eta beste zenbait hiriburutan. Bizitzaz, erronkez eta gaur egungo lanez hitz egin dugu Jokin Etcheverriarekin.
Donibane Lohitzunetik Bilbora etorri zinen orain lau urte. Zergatik Bilbora?
Ikasketak egin nituen Bordelen eta enpresa bat sortu nuen My Jok World izenekoa. Enpresa Iparraldean sortu banuen ere, Bilbon enpresarekin jarraitzea erabaki nuen. Izan ere, Frantzia erabat zentralista da, Parisen dago guztia, eta Paristik kanpo ezer gutxi aurki dezakezu. Bilbon aukera profesional zein pertsonal askoz handiagoak aurkitu ditut. Hemen aukera dut euskaraz proiektuak aurrera ateratzeko, eta nire nortasuna garatzeko askoz leku aproposagoa da Bilbo Paris baino. Ni euskalduna naiz, eta euskaraz garatu nahi ditut nire proiektuak. Ni mugakoa naiz, europarra sentitzen naiz eta nortasun ireki hori euskararen eskutik garatu nahi izan dut.
Hegoaldearen eta Iparraldearen artean alderik atzematen al duzu?
Euskal nortasuna garatzeko askoz aukera gehiago ditugu Hegoaldean, eta hori hemengook ez duzue baloratzen. Ni Iparraldetik nator eta han oso zaila da euskal nortasuna garatzea, euskaraz lan egitea, eta hori da igarri dudan desberdintasunik garrantzitsuena. Bizitza soziala ere erabat desberdina da. Iparraldean Baiona da erreferentziazko metropolia eta soilik hogeita hamar mila biztanle ditu. Hemen sekulako bizitza dago. Gainera, Iparraldeko folklorearekin nazkatuta nengoen. Ikurrina, lauburua... horiek euskal folklorearen erakusle dira Iparraldean, baina funtsean ez dute egiazko sentimendurik erakusten. Hala ere, segitzen dut Iparraldearekin harremana izaten, familia han baitut. Gainera, abenduan zine jaialdi bat egingo dugu, BURP! programarekin zerikusia izango duena.
Komertzio-ikasketak egin zenituen, baina arlo profesionalean antzerki arloan murgildu zara.
Bordelen komertzio-ikasketak egin banituen ere, nik txikitatik antzerkia egin izan dut. Gaur egun egiten dudana ere antzezlana da. Beti egin izan ditut ikuskizun txikiak eta gaur egun ere horretan dihardut.
Dena dela, bi arloak garatu dituzu. Enpresaren sorkuntzarekin, komertzioa eta ekoizten dituzuen produktuekin, antzerkia, ez al da hala?
Maiana Agorroby marrazkilariak eta nik neuk sortu genuen My Jok World enpresa. Gure ideia zen elkarrekin lan egitea, eta arte grafikoak eta antzerkia uztartzea. Gure enpresa sortu genuen, besteak beste, askatasun handiagoa edukitzeko lan egiterakoan. Gazteak gara eta ez dugu beste konpromisorik, eta horrexegatik murgildu ginen proiektu honetan. Komunikazio-zerbitzuak eskaintzen ditugu, ikuskizunak antolatzen ditugu eta beti egin ditugu elastikoak. Gure lehen elastikoak eskuz eginikoak ziren, serigrafiarik gabekoak, eta gure enpresaren nortasuna elastiko horietan islatzen zen. Gaur egun, Euskal Herrian, Parisen, Bartzelonan eta Madrilen saltzen ditugu.
BURP! saioa ere egiten duzue. Saio alternatiboa da, ezta?
BURP! saioak hankaz gora jartzen ditu Euskal Herriko zenbait tradizio. Entsegurik egin gabe, zuzenean grabatzen genituen kapituluak. Inprobisazioan oinarrituta, era naturalean. Euskararentzat ona da, gure kulturaren beste ikuspegi bat ematen digulako. Uste dut nortasun handiko saioa dela, eta uste dut gure errealitate bereziaren erakusle bilakatu dela BURP!.
Zuk oso estilo berezia duzu, Jokin, bai BURP! saioan eta baita Chiloe telebista-programan ere.
Hala uste al duzu? Egia da Chiloen pertsonaia bat sortzea erabaki genuela eta bidaiak era ezberdinean eta umoretsuan kontatzea. Gure helburua da umorearen bitartez mundua ezagutzera ematea: etnozentrismoa baztertzen saiatzen gara. Bidaiekin gauza asko ikasi ditut baina, batez ere, Euskal Herria hobeto ezagutzeko gogoa eman dit Chiloek. Abuztuan Araian (Araba) izan nintzen lau egunez, eta horixe izan da urteko nire bidaiarik onena. Mendian ibili nintzen, zaldian, eta lasaitasunaz gozatu nintzen.
Ez al du BURP! saioak estilo arriskutsuegia?
Egia da BURP! saioak estilo arriskutsua duela, baina uste dut Euskal Herrian horrelako saio bat falta zela gazteentzat. Dagoeneko 43 saio egin ditugu eta ETB3 katean denboraldi berria hasi dugu urrian. Pozik gaude Euskal Telebistan konfiantza eman digutelako eta momentuz oso gustura daude egiten dugun saioarekin. Guk ekoizten dugu, zuzendari, gidoilari, sortzaile-lana egiten dugu BURP! saioan. Estilo modernoa du, estetika unibertsala, eta guretzat apustu bat da.
Zein dira etorkizuneko zure erronka edo proiektuak?
Gure asmoa da BURP! eta Chiloe saioekin jarraitzea, baina aldi berean gauza berriak proposatu nahi ditugu jendea aspertu ez dadin. Berritasunak ezarriko dizkiegu gure proiektuei. Gustatuko litzaidake telebista zein bideogintza arloetan lanean segitzea. Errealizazioa eta gidoigintza oso gustuko ditut eta etorkizunean saio bat zuzentzea gustatuko litzaidake, eta kamera aurretik aldentzea. Era berean, antzerki arloan murgiltzea desio dut, baina oraindik ez dut proiektu konkreturik.
Teknologia berriak ere oso gustuko dituzu.
Ez pentsa. Facebook erabiltzen dut eta Youtuben daude ikusgai gure bideoak. Web gunea ere badut, www.myjok.com eta bertan daude gure produktuak. Baina nik nahiago dut gauzak zuzentzea eta sortzaile-lana egitea. BURP! saioan dozena bat lagunek baino gehiagok egiten dugu lan eta beste batzuek dute teknologia berrien ardura. Gauzak aldatu dira eta gaur egun ezagutzen dugun telebista ere aldatu egingo da eta ziur naiz aldaketa horiek irentsi egingo gaituztela. Etengabe aldatzen ari garela uste dut eta horrek ez dit beldurrik ematen.