HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Rita Levi-Montalcini, 100 urteko ikerlari saiatu eta konprometitua
Rita Levi-Montalcini (Turin, 1909) italiarrak medikuntzan lortu zuen lizentziatzea, eta Neurokirurgian egin zuen doktoretza. Jatorriz judua izaki, Italia utzi behar izan zuen, Belgikara joan zen lanera 1939an, eta urte horretan bertan, alemanen atzaparretan erori baino lehen, Turinera itzuli zen. Bigarren Mundu Gerra amaituta, Italiatik AEBetara joan zen. Han Viktor Hamburger laborategian egin zuen lan, Washingtongo Unibertsitateko Zoologia Institutuan (Sant Louis-en).
Stanley Cohen-ekin lankidetzan egindako ikerketek azaldu zuten zelulak ugaltzen hasiko badira, lehenbizi horretarako agindua jaso behar dutela, eta agindu hori hazte-faktore izeneko sustantzia batzuek ematen dutela. Bi ikerlariok Nobel saria jaso zuten 1986an, medikuntzan. Rita Levi-Montalcini egun biziarteko senatari da, 2001ean Carlo Azeglio Ciampi orduko Italiako presidenteak izendatu ondoren.

Sefardi sendi batean jaio zen Turinen, Paola ahizpa bikiarekin batera. Aita, Adamo Levi matematikari trebea zen, eta elektronikan ingeniari lanbidez. Ama, Adele Montalcini, margolari ospetsua zen. Lau seme-alaba izan zituzten: Gino, Anna, Rita eta Paola.

Aitak Rita ama eta emazte leial izatea nahi zuen, baina Ritak ikasi egin nahi zuen eta bere ikasketak ordaintzeko okindegi batean egin zuen lan 1929. urtera arte, nahiz eta alergia eman legamiak. Aitaren esanaren kontra, medikuntza ikasten hasi zen Turinen 1930ean, eta 1936an lizentziatu. Giuseppe Levi histologo italiar entzutetsuaren lankide izan zen, Benito Musollinik 1938an Arrazaren Manifestua atera zuen arte. Idatzi horren arabera, juduek (ez-arioek) ezin zuten karrerarik ikasi, ezta ere profesionalki lanbiderik izan. Beraz, Bigarren Mundu Gerran etxeko gelan zeukan genetikazko laborategia, eta han ikertzen zuen oilasko-enbrioietan nola ugaltzen ziren nerbio-zuntzak. 1940an neba ezkonberriarekin, amarekin eta ahizpekin, aita hila zuen, Piamontera joan zen ihesi, eta hara eraman zuen bere laborategia. 1943an familia eta laborategia Florentzian ziren. 1945ean Turinen da berriro, eta bertan lanean, 1945-1946 urteetan.  
1947ko irailean onartu zuen Washingtongo Unibertsitateak egindako gonbidapena, Viktor Hamburger ikerlariarekin lan egiteko. Sei hilabetez aritzeko asmoa zuen hasieran, baina 30 urte eman zituen. Hementxe egin zituen bere ikerketarik garrantzikoenak, eta hauei esker lortuko du gerora Nobel saria. 1958an irakasle hasiko da unibertsitate horretan eta 1962an ikerlari-talde bat sortuko du Erroman, eta bolada luze batez Amerika eta Italia izango ditu lantoki. 1961-69 urte tartean Erromako Neurobiologia Ikerketa Etxean zuzendari aritu zen, eta 1969tik 1978ra arte Biologia Zelularraren Laborategian, zuzendari baita ere.

Ahizpa bikia, artista ospetsua, Paola Levi-Montalcini 2000. urtean hil zen, eta hurrengo urteko abuztuaren 1ean, orduko Italiako Errepublikako Carlo Azeglio Ciampi presidenteak biziarteko senatari izendatu zuen Rita Levi-Montalcini. Egun ehun urte dauzka, eta lanean segitzen du.

Ezkongabea, feminista, laikoa eta ezkertiarra

Medikuntza Nobel sariaren jabe den zientzialari italiarra ezkongabea eta feminista sutsu eta betierekoa da: "Ni naiz neure senarra". Egun gutxi entzun eta nekez ikusten du baina ez da geldirik egotekoa: ikertzen, hitzaldiak ematen, baliabide gutxi dutenei laguntzen... dihardu eten gabe: "Nerabe nintzela ez ezkontzea erabaki nuen. Ez nion sekula, nire amak aitari egin zion bezala, gizon bati obedituko".

Ehun urte baditu ere, sasoian dago eta zientziaren eta bizitzaren aurrean jarrera ezkertiarra izaten jarraitzen du. Arrazoinamendu kontu bat baino ez omen da, izan ere humanitatearen zorigaitz guztien errua burmuinaren eskuin hemisferioak omen dauka: "Alderdi instintiboa da, apenas garatu duguna eta diktadoreek giza taldeak beren esanetara jartzeko baliatzen dutena. Tragedia guztiek hemisferio honetan dute iturburu, desberdin den ororen mesfidati den alderdia". Hain zuzen, bere tesiaren bidez, burmuinaren bi hemisferioetatik bat bestea baino garatuago, helduago dagoela defenditu zuen.

Rita Levi-Montalcini laikoa eta zorrotza da erabatekoa. Bere hautuen artean testamendu biologikoa eta eutanasiaren alde inolako ezbairik gabe azaltzea izan da. Ez dio heriotzari ikararik: "Naturalena hauxe da. Noizbait ailegatuko da, baina ez du nik egindakoa akabatuko. Nire gorputza bakarrik eramango du".

Nobel saria

Medikuntzako Nobel Saria Stanley Cohen-ek eta Rita Levi-Montalcini-k batera irabazi zuten. Hazkuntza faktoreei buruz egindako lanagatik izan ziren sarituak 1986an. Hazkuntza faktoreak (Nerve Growth Factor) hazten ari diren animalien zelulei buruzko informazioa ematen duten proteinak dira. Hauek hazkuntza erregulatzen dutenez, etorkizunean erabilpen bikaina izan dezakete eta dute kaltetutako ehunen sendakuntzan. Bestalde, kantzerraren sendatze-bidean ere, laguntza handia eman du zelulen hazkuntza faktoreen ulermenak, zeren eta minbizia zelulen kontrolik gabeko hazkuntza besterik ez baita.

Emakume konprometitua

Zientzialari aparta honen egitekoen artean arazo etiko eta sozialak konpontzeko egitasmoak sustatzea ere badago. Afrika gosea, pobrezia eta izurriteek jotako kontinentea da eta testuinguru honetan emakumeen heziketa ezak ikaragarri kezkatu izan du zientzialaria. Bere usteen arabera, eroso bizi diren herrialdeen eginkizun da, dudarik gabe, herrialde behartsu hauei garapena eta aukerak eskuratzen laguntzea. Baina, heziketa da kakoa. Ez bakarrik gizabanakoaren ikuspegitik, baizik eta heziketa egokiaren bidez pobreziari aurre egitea posible dela uste baitu.

Lehen hezkuntza jaso ezin duten Afrikako herritar guztien artean, galerarik handiena emakumeek dute. Ume-umetatik neskek familia-eginkizun zehatzak dituzte. Esaterako, ur eta egur bila joan behar izaten dute. Heziketak neska hauei biolentzia eta menderakuntza-egoeretatik ihes egiten, beren buruaren jabe izaten eta etorkizun askeagoa eraikitzen lagunduko lieke. Bestela esanda, heziketak eskainiko die egungo gizarteak dituen alor guztietara iristeko giltza. Eta zalantzarik gabe, dio Rita Levi-Montalcinik, heziketaren bidez lortuko litzateke emakumeen osasunarekin zerikusi zuzena duten arazo larriak gainditzea, hala nola, mingarrien artean mingarriena izan daitekeen ablazioak eragindakoak: "Kultur heziketak bakarrik etengo ditu munduan barrena hedatuta dagoen ohitura beldurgarri eta anker hauek". Horretarako, bere ustez, mundu mailako emakume talde bat osatzea, biktima diren emakumeen aldeko lege eraginkorrak indarrean jartzeko, oso baliagarria izango litzateke.

Madrileko Unibertsitate Complutenseak Honoris causa doktore izendatu zueneko hitzaldiaren amaiera-hitzak:

Bizitza biziko badugu, konpromisoz behar du. Antzina-antzinatik Homo Sapiensa gainerako espezietatik nabarmendu da arriskuari aurre egiteko izan duen jarrera eta moduagatik. Egungo gazteek gainditu behar dituzten arriskuak oso bestelakoak badira ere -ez baitute haiek bezala zerupean bizitzeak sorrarazten duen beldurrik edota animalia harraparien hatzaparretan erortzeko izurik sentituko-, baditu erronka handiak: garapen neurrigabea eta kaotikoa duen gizarte batean bizi beharra, hain zuzen.
Konpromisoa, norberak bere buruan duen konfiantza, sosegua eta balorea dira gizakiaren ibilian gertatu ohi diren edonolako zaitasunak gainditzeko estimulurik eraginkorrenak.

 Esana agindua denean

Esan hitzak adiera ugari har ditzake testuinguruaren arabera. Testuan irakurri dituzun bi adibide hauetan zein adiera hartu duen aztertuko dugu jarraian:

  • Rita gaztea aitaren esanaren kontra...

Norbaiten esanaren kontrako jarrera edukitzeak hark nahi duena ez egitea esan nahi du. Alegia, ez obeditzea.

Hortaz, Rita esan txarrekoa dela esan dezakegu, esana betetzen ez dela ona, hain zuzen. Kasu honetan, gaztelaniazko desobediente hitzaren adiera hartzen du.

Eta gaztelaniako obediente adjektiboa euskaraz esaneko edo esan oneko.

  • Diktadoreak giza taldeak beren esanetara jartzeko eskuineko hemisferioaz baliatzen dira.

Norbaiten esanetara jartzea egiturak norbait horren zerbitzura jartzea esan nahi, berak esandakoa betetzeko prest gaudela, hain zuzen.

Aukera gehiago daude, hala ere, ideia hau adierazteko. Gaztelaniazko a las órdenes de, obedeciendo a, al servicio de ordain hauexek ditugu:
Esane(t)an / esane(ta)ra egon

Adibidez:
  • Agintariaren esanean dagoen armada: el ejército que está a las órdenes del mando.
  • Zerbitzariak etxeko andrearen esanetara zeuden: los/las criados/as estaban al servicio de la señora de la casa.

Esana bete / Esana egin lokuzioak obeditu aditzaren sinonimo dira.


HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60