Blanca Urgell, euskara-ikaslea
Blanca Urgell Kultura Sailburua gasteiztarra eta euskaldun berria da. Hasieran euskara zegoenik ere ez zekien pertsona zela esan digu elkarrizketa egin diogunean. Familiako senide batzuen eraginez hasi zen hurbiltzen eta hamalau urte zituela euskara ikasteari ekin zion. Pixkanaka, zenbait ikasturte ikasten eman eta gero, Euskal Filologia ikastea erabaki zuen: "Niretzat hori erabakigarria izan zen, zeren eta, batez ere, han, unibertsitate inguruan nituen euskaldunekin ikasi bainuen. Aurretik egindako kurtsoek asko lagundu zidaten baina mintzapraktika serio orduan hasi nuen".
Lanbidez Gasteizko EHUn Euskal Filologiako irakaslea da eta euskararen historia, euskararen gramatika historikoa da ematen duen gaia: "Hizkuntzaren alderdi historikoa: hau da, gure hizkuntza nola aldatu den eta nola iritsi den gaur egun dena izatera azaltzen dut nire eskoletan"
Zein da zure familia-hizkuntza?
Familiako hizkuntza gaztelania genuen eta ni familiako senide batzuen bidez euskarara hurbildu nintzen. Euskara bazegoela deskubritu nuen, interesa zeukala eta maitagarria izan zitekeela ere bai.
Eta orduan hasi zinen euskara ikasten.
Bai. Ni euskara ikasten 14 urterekin hasi nintzen, orduko gau-eskoletan, gero Aek izango ziren horietan.
Unibertsitatera iritsi nintzenean, Euskal Herri osoko, batez ere Hegoaldeko euskaldunak topatu nituen aldi berean. Batzuk ni bezala euskaldun berriak ziren, oso euskaldun berri saiatuak, ederto hitz egiten zutenak eta gero beste batzuk familiatik euskara ikasitakoak. Euskaldun mota asko aldi berean, alegia. Ni orduan ez nintzen gauza, unibertsitatera iritsi nintzenean, euskaraz solas normal bat eramateko. Eta hasieran txarto pasatu nuen. Baina, gero, pixkanaka, gero eta ausartago eta ausartago. Hantxe egin nuen nire mintzapraktika.
Egoera hartan zer egin zitzaizun zailena?
Zailena izaten da egoera guztietan hizkuntza erabiltzeko gaitasuna edukitzea. Errazagoa da, nire kasuan behintzat, alor profesionalean aritzea. Gehiago menderatzen dut. Egoera emotibo desberdinetan gaitasun hori garatzea askoz ere zailagoa egin zait beti. Eta gero, noski, askok daukaten arazo hori, ezta? Ergatiboa (subjektuari -(e)k jarri) noiz bai eta noiz ez. Orain ere batzuetan neure burua entzuten dudanean grabaketetan eta, esaten dut, ene!! Falta edo soberan dago...
Eta xamurrena?
Nik uste dut bihotzetik ateratzen zitzaidala eta izugarrizko plazera dela niretzat euskaraz aritzea, batez ere, patxadaz eta ondo hitz egiten dudanean. Ikasten ari nintzenean, nire kasuan, zenbat eta hobeto hitz egin, orduan eta hobeto sentitzen nintzen. Neure burua janzteko modu bat izan da:"Gai naiz eta ez da zaila. Hitz egin dut eta ze ondo!" pentsatzen nuen. Ez diogu beti geure buruari ahal dena baino gehiago eskatu behar alde horretatik, baina galdu egin behar da beldur hori.
Beste hizkuntzarik ikasi duzu?
Bai. Baina ez maila berean. Ingeles eta frantses pixka bat badakit. Alemanarekin ere saiatu izan naiz. Izan ere, izugarri gustatzen zait hizkuntzak ikastea. Baina, lanarekin-eta ez dut aukerarik izan gehiago sakontzeko. Ingelesez eta frantsesez irakurtzeko gauza banaiz, baina hitz egiteko oso motel ibili behar dut.
Zer esango zenieke euskara ikasi nahi dutenei edo bidean daudenei?
Animo asko izateko. Nik uste dut edozein hizkuntzatan oso inportantea dela beldurra galtzea. Mingaina askatu behar da, ez diogu lotsarik eduki behar akatsak egiteari. Uste dut joera handia egon dela gure hizkuntza arauen azpian jartzeko. Nik uste dut hizkuntza guztiek behar dutela izan, batez ere, gozamena mingainarentzat. Eta ez legea eta egitura perfektuak sortu beharra. Lasai sentitu behar da eta gutxi edo asko jakin, hitz egin behar da, erabili egin behar da.