Ahizpa biki txalapartariak, lurraren soinuaren ahots
Ttukunak txalapartari taldea Gasteizko Sara eta Maika Gomez ahizpa bikiek osatzen dute. Hamabi urte zituztela hasi ziren txalaparta jotzen ikasten eta azken urteotan munduko kontinente gehienetan ibili dira egur, harri eta burdinan makilak jotzen, txalaparta munduan barrena ezagutzera ematen, eta hain euskalduna den musika-tresna hau askotariko instrumentu eta musika estiloekin nahasten. Bikiak izaki, txalaparta jotzeko garaian ezinbestekoa den konexio edo komunikazioa berezkoa dute. Aspaldi honetan, Madrilen bizi dira Gomez ahizpak eta kontzertuek eta birek uzten dizkieten tarteetan diskoa prestatzen ari dira.
Musika zaleak izan dira beti Sara eta Maika eta umetan solfeoa eta euskal dantzak ikasi zituzten. Gasteizko Kontserbatorioa zabaldu zutenean, amak hara eraman zituen. "Asmoa txistua ikastea zen, baina buruko ilearen erdia moztuta eta tximez josia zuen neska bat zen txalaparta-irakaslea, eta horrek gure arreta deitu zuelako edo bihozkada bategatik, azkenean, txalaparta-ikastaroan izena ematea erabaki genuen. 12 urte genituen garai hartan".
Ustekabean, atzerrira jauzia
Orduan hasi zuten bidea ez da eten, eta ezkontza eta hiletetan txalaparta jotzetik Vic-eko Mercat de Música Viva de Vic azokan (Katalunia) eta Salvador de Bahian (Brasil) 2.000 pertsonen aurrean jotzera pasa ziren. "Oso urduri geunden, 19 bat urte genituen eta etxetik hain urrun eta halako jendetzaren aurrean aritzeak dardara eragin zigun".
Jada ez dira gai esateko zenbat herrialdetan izan diren eta txalaparta jotzeko zenbat hegaldi hartu dituzten, ezta noiz hasi ziren ezagunak egiten ere. "Emanaldi bat egin, beste baterako deitu, atzerrira behin joan eta orduz geroztik ez gara gelditu. Dirudienez, jendeak oso ondo hartzen gaitu eta ahoz aho ezagunak egin gara".
Ez da oso ohikoa neskak txalaparta jotzen ikustea. Ttukunak hasi zirenean, gainera, arraroagoa zen. "Txalaparta tradizioz gizonezkoen instrumentua izan da beste gauza asko bezala. Gainera, txalapartak pisu handia dauka. Guk ia 200 kiloko zamarekin bidaiatzen dugu eta txalaparta jotzeko indarra behar da. Gu gorpuzkeraz txiki samarrak gara, baina poliki-poliki jende nagusia ere ohitu da, mugak gainditu genituen".
Bikien konplizitatea
Txalaparta jotzea elkarrizketa eta komunikazioa da. Horregatik esaten dute Ttukunak taldeko kideak ahizpa bikiak izateak are eta gehiago lotu eta txalaparta jotzean emaitza biribiltzen dutela. "Txalaparta jotzearen gakoa ez da bakarrik musika-tresna menderatzea; ezinbestekoa da, baita ere, zure bikoteak ondo jotzea eta, batez ere, etengabeko komunikazioa izatea, are eta gehiago inprobisatu ahal izateko".
Txundigarria da bi ahizpek nola jotzen duten, askotan beraien buruek eta besoek bat egiten dute ia bakarra bihurtuz. Hala, beraien emanaldiak entzungarriak izateaz gain, ikusgarriak ere badira. "Jotzen dugunean, burua aldagelan uzten dugu eta inprobisatzeari ekiten diogu taulak afinatu gabe. Ez dugu ezertan pentsatzen, burua beste nonbaiten izaten da eta lurraren taupadak entzun eta transmititzen ditugu. Badakit, mistiko samarra dela, baina hori da sentitzen duguna". Horrek guztiak dakar ikus-entzuleak musikarekin eta ahizpen ikuskizunarekin aho zabalik gelditzea. Hori jakinda, ez gara hainbeste harritzen esaten badigute ezinezkoa dela bi kontzertu berdin egitea: "Ezinezkoa da minutu bakarra berdina izatea. Zuk taulan ttakun (ikus koadroan dagoen informazioa) bera egiten baduzu ere, ez du soinu bera izango, ez duzu puntu berdinean ezta indar berarekin joko".
Ttukunak taldearen kolaborazioen curriculuma ikaragarria da: Martires del Compas, Ojos de Brujo, Radio Tarifa, Tomas San Miguel, Arto Tuncboyaciyan (Armenia), Pierre Favre, Benjamin Taubkin, Julia Sarr, Antonio Canales, John Zorn eta abar luze bat. Gainera, azken horrekin, AEBetako Zorn musikari esperimentalarekin, birak egiteaz gain, Zorn bera eskaini da Ttukunaken diskoa AEBetan argitaratzeko. "Alemaniako jaialdi batean ikusi gintuen eta antza, bat-batean txalapartarekin liluratuta gelditu zen, segidan berarekin igotzeko eskatu zigulako. Hainbat proiektu ditugu elkarrekin".
Gasteiztar hauen beste bertute bat da txalaparta musika estilo oso desberdinekin nahastu izana; eta horren adibideetako bat da ahizpek sortutako Palo Flamenco taldea, besteak beste. Bestalde, une honetan lehen disko propioa egiten ari dira: "Txalaparta izango da oinarria eta beste instrumentuak beraren inguruan ibiliko dira; eta ez alderantziz".
Txalaparta perkusiozko euskal musika tresna da. Bi euskarriren gainean jarritako zurezko ohol horizontalek osatzen dute. Egur erabilienak haltza, gaztainondoa eta lizarra izan dira. Txalaparta lau makilez jotzen da, txalapartari bakoitzak bi makil dituela. Tradizioaren arabera, jole bat "ttakuna" ("tukutuna" edo "bia") da eta bestea "herrena" ("urguna", "pikatzailea" edo "bata"). Lehenengoak, oreka edo ordena ezartzen du bigarrenak desoreka sortzen duen bitartean.
|