Bakarrik ala bikotekidearekin egiten duzu lo?
Testua: Gorka Etxabe (Arteman Komunikazioa)Britainia Handian eginiko Zientzia eta Medikuntza Kongresu batean ohea partekatzea edo konpartitzea ez dela osasungarria adierazi du mediku ospetsu batek. "Osasunaren, atsedenaren eta erlaxazioaren mesedetan bikotekideek bananduta egin beharko lukete lo" azpimarratu du. Haren ustez, bikoteen %50ek loaren perturbazioak sufritzen dituzte elkarrekin lo egiterakoan.
Gaia interesgarria iruditu zaigu eta, hori dela eta, gurean zein uste dugun aztertzea pentsatu dugu. Pentsatu eta egin. Horretarako, zuengana zuzenean jotzea erabaki dugu eta adibide txikia baldin bada ere, euskaltegi bateko talde batekin elkartu eta eztabaida jaso dugu. Sarreran aipatu bezala, elkarrekin lo egiteak ez omen digu mesederik egiten. Aditu britainiarraren esanetan, historiari begiratuz gero, oso ohitura modernoa omen da batera lo egitea. Alegia, industria-iraultzaren ondorio zuzena ei da. "Jendea hiriburu handietara joan zenean, etxeetan lekurik ez zegoenean, batera lo egiteko beharra zegoen eta ordutik ez da ohitura hori aldatu". Erromatarren garaian, esaterako, elkarrekin lo egiteko ez, baizik eta harreman sexualak edukitzeko erabiltzen omen zen ohea. Lo nork bere ohean egiten zuen.
"Nik ez dut emaztearekin lo egiten eta jendeak gauza bera egin beharko luke", dio mediku ospetsuak. Eta honela arrazoitu: "ohea partekatzeak depresioa eragin dezake, arazo kardiakoak sor ditzake, kolpeak eta birikietako trastornoak, eta horrek guztiak bikotearen banaketa ekar dezake". Horrexegatik guztiagatik, osasungarriagoa omen da bakarrik lo egitea.
Beraz, eta orain arte irakurritakoaren arabera, nahiz eta bikotekidearen alboan hobeto egiten dugula lo uste izan, ez omen da hala.
Mahaiaren bueltan Aretxabaletako EuskaltegianGu Aretxabaletako (Gipuzkoa) Udal Euskaltegira gerturatu gara, eta bertako ikasleei galdetu diegu ea bakarrik ala bikotekidearekin egiten duten lo. Era berean, nahikoa atseden hartzen duten ere galdetu diegu. Erantzunen arabera, argi dago Aretxabaletan nahiago dutela bikotekidearekin bakarrik baino.
Aretxabaletako Udal Euskaltegiko ikasgela, Mirian Txintxurreta irakaslearekin. Eskumatik ezkerrera, Ana Nogueiras, Estibaliz Arrate, Ion Albizu, Itziar Piedehierro, Marijo Maltras eta Pili Muñagorri. (Argazkia: J. Arantzabal)
3. mailako froga prestatzen harrapatu ditugu ikasleak. Jakinaren gainean zeuden azalduko ginela, eta etxeko lanak eginak zituzten. Han aritu gara beraiekin solasean, izan ere, mintzamena lantzeko balio izan baitie guk proposatu diegun gaiak.
Ana Nogueirasek ez du zalantzarik. "Nik bikotekidearekin egiten dut lo. Beharbada, deskantsatzeko ez da ona izango, baina oheratzeak beste konnotazio batzuk baditu. Harremanak hobetzeko, sentipenak transmititzeko, askoz hobea da bikotekidearekin lo egitea, eta bikotekiderik gabe ez dakit lo egiten. Alboan norbait behar dut eta bere berotasunak on egiten dit".
Estibaliz Arratek ere bat egiten du Anak dioenarekin. "Niri hasieran kostatu zitzaidan beste pertsona batekin lo egitea, ordura arte beti bakarrik oheratzen nintzelako. Baina, gerora ohitu egin naiz eta orain nahiago dut bikotekidearekin lo egin".
Ion Albizu da gizonezko solaskide bakarra, eta hura ere bikotekidearekin oheratzearen alde agertu da. "Nik bikotekidea daukat eta berarekin egiten du lo, eta nahiago dut berarekin lo egin, nahiz eta batzuetan gustura egiten dudan lo bakarrik. Osasunarentzat kaltegarria izan daiteke ganorazko atsedenik ez hartzea, baina ohea partekatzea ona da maitasunarentzat".
Maitasunaren mesedetan, elkarrekin hobetoItziar Piedehierro da mahaiaren bueltan gaudenon artean gazteena eta oraindik bakarrik egiten du lo. "Nik oraindik bakarrik egiten dut lo, baina nire asmoa bikotekidearekin lo egitea da etorkizunean. Hori bai, uste dut bakarrik hobeto egiten dela lo. Alboan norbait edukitzerakoan, haren kurrunkak, mugimenduek... gehiago molestatzen dute, baina uste dut ohea partekatzea beharrezkoa dela".
Marijo Maltrasek ere bikotekidearekin egiten du lo eta horrela segitzea espero du luzaroan. Hala ere, Marijok, besteek ez bezala, uste du bakarrik lo egiteak ez diola maitasunari kalterik egiten. "Bananduta lo egiteak ez du esan nahi maitasunik ez dagoenik, logela berean bi ohe egoteak ez du esan nahi bikoteak ez duela ondo funtzionatzen. Hori bereizi egin beharko genuke, izan ere, asko elkar maite duten bikotekide askok bananduta egiten dute lo".
Itziar Muñagorrik beti egin du lo norbaiten alboan. "Aita, arreba, beti izan dut norbait alboan. Goxotasun hori inportantea da. Gaur egun senarrarekin egiten dut lo, eta ondo moldatzen gara, nahiz eta zurrunga egiten duen". Hori bai, oheratzerako orduan arazoak izan daitezkeela ohartzen du Itziarrek. "Nahiago dut bikotekidearekin lo egin, baina tarteka, niretzat denbora hartzea gustatzen zait eta beranduago oheratzen naiz. Egun horietan ez naiz senarraren alboan oheratzen, batez ere, ez molestatzeko, eta malgutasun hori garrantzitsua da".
Bikotekidearekin, atseden gutxiago Maitasunaren mesedetan izan daitekeena deskantsuaren kalterako izan daiteke. Hori da, behintzat, gure solaskideek uste dutena. Albizuk argi dauka. "Bikotekidea urduri badago, arazoak baditu, ziur ez duzula ondo lo egingo. Baina hori da bikoteen egunerokoa, ezta?". Arazoak arazo, gure solaskide gehienek atseden hartzen dute bikote-lagunaren alboan. "Lo ondo egiteko beste faktore asko kontuan hartu behar dira, ez bakarrik albokoaren gorabeherak. Urduritasunek, arazoek... galarazten dute loa, eta ez albokoak". Anak dioenez, "bikotekidea kanpoan denean, ez dut lorik egiten, eta hori da niretzat benetako arazoa. Segurtasun-eza izan daiteke, edo ohitura-kontua".
Argi dago, beraz, Aretxabaletan zein iritzi duten. Ohitura-kontua ala besterik ezagutu ez dugun ondorio ote da? Ez dakigu, baina argi dago nahiago dugula bikotekidearekin bakarrik baino.