HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Atazak / Ariketak
Maila
Gako hitzak
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua

Bangkok: Kaosaren xarma




Orain hamabost urte munduko hiririk nahasiena zirkulazio kontutan Bangkok zen. Barregarria ere bazen nahasmen hura, tuk-tuk izeneko motor saldoari esker. Kabinadun motor hauek taxi-lana egiten dute. Berez bi lagunentzakoak dira, baina familiak ere ikusten dira, kabina barruan denak bertan sartuta. Zarata (hortik datorkie izena) jasangaitza ateratzen dute. Abiada-muga dute, orduko 40 km. Hala ere, gutxi fida! Izu laborria eta zorabioa sentituko duzu-eta burmuinean. Edozeinek esango luke gidariek euren burua hil nahi dutela. Halakoxea baita zirkulazio-zirrikiturik txikienetik ere tuk-tuka sartzeko duten trebetasuna! Helmugara iritsi izana miraritzat joko du bidaiariak, zirrara barrenean eta trafikoaren kearen beltza aurpegian dituela!





Agintariek Bangkok hiri modernotzat jotzea nahi zutenez, aipatutako burrunba hori guztia nahi horrekin ez zetorrela bat ikusi zuten. Beraz, zirkulazio-arazoa bideratzeko hainbat neurri hartu zituzten: metroa lur-azpian, lur-gainetik errail bakarrean doan trena, eta hainbat autobide. Bada, burrunbak bere horretan dirau: bizi-maila igo denez, hiritar askok autoa erosi du eta tuk-tuk horiek baztertu egin dituzte. Ondorioz, jada ez dira nagusi hirian. Orain motor berezi horiek turistek darabiltzate, ia beste inork ez, eta bidaia ere halaxe ordaintzen da, turista-prezioan. Dena den, egia da ezin dela Bangkok ikusi, eta tuk-tuk batean ez ibili.

Zorionez, Chao Phraya ibaian gora eta behera, autobusarena eginez dabiltzan gabarrek hiria zeharkatzeko modu merkea eskaintzen dute. Modu entretenigarri eta azkarra da, hiriko biderik nagusiena den ibaian barrena, Bangkok alderik alde igarotzeko. Gainera, ikusi nahi dena moilaren batetik gertu bada, ez izan zalantzarik, hartu gabarra! Bidaiari denboraren erdia jango diozu igual. Eta zorte apur batekin bidaide izango dituzu monje tibetarrak euren tunika biziekin! Izan ere, tenpluetara joateko eta etortzeko moilak darabiltzate monjeek. Ikuskizuna behintzat, ziurtatuta duzu!

Dena esatera, trafikoa zerbait hobetu da. Lur-gainetik errail bakarrean doan trena ondo dabil, eta ibiltzeko modu garbia da. Dena den, errail horri eusten dioten zenbait zutabek hondatu egin ditu hiribarruko kale ugari. Orain aireporturako ibilbidea ordubete azpitik egiten da, lehen ia lau behar ziren. Zorionez esan daiteke Bangkok asmatzen ari dela berezkoari eutsiz modernizatzen.


Gauzarik harrigarrienetako bat hauxe da: nahiz eta kontsumoak gora egin duen erlijioak oso bizirik segitzen duela thailandiarren artean. Tenpluak bete egiten dira eta arrunta da, Europan ez bezala, gazteak ikustea. Europan gaztedia urrundu egin da erlijio girotik, Thailandian eta Asia Hegoaldean, ez. Han euren erlijioa praktikan jartzen duen gazte asko dago, bai islamistak, bai budistak, bai hinduistak.

Erawan hotelak duen tenplu hinduista oso harrigarria da. Jendetza dabilen bi kaleen bidegurutzean dago, eta gain-gainetik pasatzen da trena. Baina hiriko zalaparta gorabehera, beti daude ehunka hinduista otoitzean, edo intsentsu makilatxoak pizten, edo mesede eske. Eta hinduistarik hinduistenek dantzariei ordaindu egiten diete Brahmaren ohoretan dantza egin dezaten. Hantxe dago guztiaren erdi-erdian Brahma, bere lau buruekin lepagainean.

Lasaiagoak dira tenplu budistak, arkitekturaren aldetik ederrak benetan batzuk. Horri esker monumentuak ikusteko hiririk apartenetako bat da Bangkok munduan: Wat Po, Wat Arun, Wat Mahathat dira sakratuenetako hiru. Tenplu hauen ingurumariak dira egokienak monje budistak eta hauen tunika biziak ikusteko. Azafrai-laranja kolore-bitarte guztiko tunikak ikus daitezke.

Beste tenplu bat ere bada, Wat Phra Keo, hain zuzen, garrantzizkoena. Bertan dago Jadezko Buda ttipia, 66 zentimetro eskas garai dituena. Berau da Thailandiako irudirik gurtuena.

Saltoki sekulakoak ugari dira Asian, horietako batzuk Bangkok hirian, esaterako, Siam Paragon izenekoa, barrenean Ferrari kontzesionarioa duena. Luxuzko hainbat hotel ere badira hirian, Oriental izenekoa edo Shangri-La. State Tower eraikinaren  goialdean, berriz, modan dauden tabernak ere badira, eta ikusmira bikaina dute begiek handik. Baina ez zaitezte engaina! Erdi mailako klasea badu Thailandiak, kontsumitzeko nolabaiteko ahalmena duena alegia, eta baditu aberaskumeak ere, baina askoz ere gehiago du nekazari txirotik.

Ospe txarra ere badu Bangkok hiriak, toki askotan dagoelako prostituzioa, bereziki Patpong o Soi Nana eremuetan. Dena den, hiria ez dago prostituzioaren arloan Asiako beste hainbat hiri baino okerrago. Hala ere, ikuskizun erotikoak ikustera doan begiluzeak arazoak izan litzake eremuotan. Baina Bangkok ez da hiriburu arriskutsua inongo saltsatan sartu nahi ez duenarentzat.


Esaguzu bildu ditugun ideia hauek testuan irakurri dituzunekin bat datozen.
HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab02/192.168.149.52