Klima aldaketaren inguruko jardunaldia Durangoko Udal Euskaltegiak antolatuta
2010/02/25

Durangoko Udal Euskaltegiak, martxoaren 3rako Klima Aldaketaren inguruko sentsibilizazio jardunaldia antolatuko du.
Jardunaldi honen helburua da klima aldaketarekin erlazioa duten arazoen aurrean, euskaltegiko irakasle zein ikasleak sentsibilizatzea. 2009.urtean zehar, Euskaltegian ezarri eta ziurtatu den Ekoscan arauaren araberako ingurumen kudeaketarako sistemaren testuinguruan sortu da ekimena.
Sistema honen ezarpenaren lehen momentutik, ingurumen alorraren hobekuntza helburu duen edozein ekimen martxan jartzekotan, irakasle zein ikasleen parte hartzea ezinbestekoa dela argi geratu zen. Hori dela eta, ingurumenaren hobekuntzarako planeko helburuetako bat, sisteman parte hartzen duten eragile guztien sentsibilizazioa lortzea da.
Jardunaldi honen helburu nagusietakoa, parte hartzaileei klima aldaketaren zergatiak eta ondorioak ezagutaraztea eta ondorioak gelditu eta gutxitzeko egiten ari diren ekintzen inguruko informazioa jakinaraztea da. Zentzu honetan, gaur egun maila globalean, zein tokiko mailan martxan jarri diren ekintza nagusien aurkezpena egingo da.
Aitor Larrucea, Durangoko Udaleko Tokiko Agenda 21eko arduradun teknikoak, 2009ko apirilean argitaratu zen Klima Aldaketaren Aurkako Udal Ordenantza eta bertatik ondorioztatzen den klima aldaketaren aurkako udal programa aurkeztuko ditu goizean.
Arratsaldeko saioan, Ismene Mandaluniz, Durangaldeako Mankomunitateko Tokiko Agenda 21eko teknikariak Mankomunitatetik gauzatzen ari diren ekintza nagusien azalpena egingo du.
Programa osoa ikusteko klik egin hemen