Eduardo Troncoso: «Ligatzean ez dago porrotik, sentimenduak adieraztea da gakoa»
Ligatzen ikasteko ikastaroak eskaintzen ditu Eduardo Troncosok, Zarautzen. Gakoa norberaren mugak gainditzea dela dio argentinarrak.
Ligatzeko arazoak dituen edonorentzat. Ez arduratu, Eduardo Troncosok aurkitu du irtenbidea. Argentinarra da jaiotzez, baina urte andana darama Zarautzen psikologo lanetan. Psikologoa izateaz gain, akupuntorea, kriminologoa eta aholkularia ere bada. Haren kontsultara joaten zirenek ligatzeko arazoak zituztela ikusita, ikastaroak ematen hasi zen joan den irailean.
30 urteko emakume batek ezin du ligatu. Zer egin behar du?
Eta ba al daki zergatik ez duen ligatzen? Horrelakoetan, garrantzitsuena ligatzea zerk galarazten dion jakitea da. Ligatzen ez badu, oztopo emozional bat duelako ez du ligatzen: lotsa, ezezkoaren beldurra, onartua ez izateko beldurra, ingurukoek erranen dutenaren beldurra... Baina, askotan, lotsaren gainetik koldarkeria da nagusi, ligatzean bakarrik kostatzen zaiolako jende berria ezagutzea. Baina muga emozionalak topatu eta gaindituz gero, ez du ligatzeko arazorik edukiko.
Bertze kasu bat: 60 urteko emakume batek ezin du ligatu.
60 urterekin ligatu nahi duela argi badu, arazoa ez da harena, ingurukoena baizik. Sarritan gizarteak ez ditu onartzen adin batetik aurrerako pertsonen harremanak. Kasu honetan, berak nahi badu eta bertzeen erranari kasurik ez badio egiten, lortuko du.
Nola definituko zenuke ligatu hitza?
Azken batean, sentimentuak adieraztea da; ez da txarra norberaren afektibitate, gizarte eta sexu beharrak asetzea. Hasteko, gustuko pertsonarengan interesa piztu behar da, eta berezia dela sinetsarazi. Eta nola piztu interesa bertzearengan? Ausarta izanez. Atsegina izan eta gauza politak erranez gustuko pertsona ezustean harrapatuko dugu, eta, hala, interesa pizteko aukera handiagoa dago. Denok atsegin dugu gauza politak entzutea, baina erran ere egin behar dira. Eta hori ere, hitz egokiak erabiliz, noski. Ez da gauza bera zeinen gona polita duzun erratea edo zeinen ongi gelditzen zaizun gona erratea. Eta hori edozein txokotan egin daiteke. Are gehiago, eguneroko bizimoduan, autobusean, okindegian edo arrandegian, askoz ere errazagoa da ligatzea. Ustekabean edonor ager daiteke! Eta badaezpada ere, ligatzeko orduan hiruzpalau lagunekin saiatzera aholkatzen dut nik beti. Etikoagoa eta praktikoagoa da!
Noiz eta nola sortu zen ikastaroak emateko ideia?
Aspaldidanik ari naiz psikologo lanetan Zarautzen, eta nire kontsultara etortzen zirenek eta ezagun askok ligatzeko arazoak zituztela ikusi nuen. Arazo horiek tarteko, gaizki sentitu, eta askok drogak hartzera jotzen dutela ohartu nintzen. Iragarki bat jarri nuen ezagun horientzat, eta berehala zabaldu zen hedabideetan. Jendeak izena eman zuen, eta geroztik hortxe nabil.
Nolakoa da ikastaro egun bat?
Ezer baino lehen, bertze arloetan bezala, ligatzen ere ikasi egiten dela azpimarratu nahi dut. Seiko taldeak egiten ditut, eta bi egunean sei orduz egoten gara. Talde txikietan jendea erosoago sentitzen da, eta berehala hasten da bere arazoak azaltzen. Bakoitzak bere kezkak adierazi ondoren, muga horiek gainditzen saiatzen gara, autoestimua eta motibazioa lantzen. Eta poliki-poliki, gustuko pertsonarenga hurbildu eta horrelakoetan zer egin behar den ikasten dugu, zer eta nola erran behar diren gauzak... Ligatzeko sekretuak!
Nolako jendea joaten da?
Denetarik! Adin guztietako jendea. Etorri den gazteena 25 urtekoa izan da; zaharrena, berriz, 62 urtekoa. Taldeak adin bertsuko jendearekin egiten ditut, eta hainbat herritakoekin, batzuek hala eskatzen dutelako. Ikastaroetan, batez ere, gizonezkoek parte hartzen dute. Eta batez ere, maila ekonomiko egonkorra duen jendea etortzen da: enpresaburuak, kirolariak, irakasleak, kamioi gidariak, kimikariak... Behin baino gehiagotan saiatu dira ligatzen, baina ez dute egin. Bertze batzuk, berriz, familiaren presioa dela-eta etorri dira. Adin jakin batetik aurrera, etxekoek bikotekidea bilatzeko eskatzen diete askori. Etorri den jendea gustura joan izan da hemendik, jendearen erranaz ahaztu eta beldurrak gainditzen ikasi dutelako. Eta ligatzen ikasi dutelako ere bai.
Ikastaroetara etorri direnek ligatu al dute inoiz euren artean?
Behin! Kasu bakarra egon da, eta orain elkarrekin dabiltza. Hala ere, azpimarratu nahi dut ikastaroetan nola ligatzen den ikasten dela, eta ez direla ligatzeko.
Joan den asteburuan, bosgarren ikastaroa eman zenuen. Nolakoa izan da jendearen parte-hartzea?
Ona eta emankorra; pozik nago. Inguruko jendea ez ezik, kanpokoa ere etorri da: Hernani, Irun, Errezil, Hondarribia, Bilbo, Lasarte, Donostia... Baita Kanarietatik eta Madrildik (Espainia) ere. Eta oraindik ere jarraitzeko asmoa dut.
Euskal Herriko eta Argentinako jendearen artean nabaritu al duzu alderik?
Bai. Argentinar guztiak ez dira ligatzen abilak, baina bai, badago aldea. Hemen, oro har, jendea itxiagoa da. Gizonezkoak, batez ere. Asko kostatzen zaie euren sentimentuak adieraztea. Bertzalde, hemen herri txiki asko dago, gehienek elkar ezagutzen dute, eta auzokoak erranen duenari asko erreparatzen zaio. Horregatik, ikastaroetan beldur hori gainditzen saiatzen gara. Ederra da gustuko duzun pertsonari sentimenduak adieraztea!
Etorkizunera begira, ba al duzu bertze asmorik?
Bikotekideentzako ikastaroak antolatzekotan nago. Urteen joanean, sarritan harremana hoztu egiten da, eta haientzat espresuki izango dira. Bikotekidea landarea bezalakoa da, egunero ureztatu behar da. Sua itzaltzen joan arren, berriro indartu daiteke. Ildo horretatik bideratuko dugu hurrengo ikastaroa.
Azken aholkua, ligatzeko arazoak izan eta ikastaroetara joatera ausartzen ez diren haientzat.
Aholku asko eman nitzake! Horien artean bat autoestimua edukitzea da. Oso garrantzitsua da norberak egiten duenarekin pozik gelditzea. Eta ligatzean ez dela inongo kalterik egiten ere nabarmenduko nuke, denon behar bat da. Ligatzean ez da porrotik, sentimentuak adieraztea da gakoa. Eta guztia biribiltzeko, ausardia; beldurrik gabe aurrera egitea.