HABE Liburutegia biblioteka espezializatua da eta publikoa, eta hizkuntza du ardatz nagusi. Euskarri desberdineko dokumentuak biltzen ditugu Liburutegian: 30.000 liburu, 600 aldizkari-bilduma eta bideo, kasete, diskete, tesi, txosten, CD, CD-ROM eta DVD ugari.
Hiru atalez osatuta dago liburutegia:
1. HA - Hizkuntzalaritza Aplikatua
Hau da Liburutegiko atalik espezifikoena eta sei azpi-atal nagusiz osatua dago:
A Soziolinguistika
Munduko hizkuntzen egoera, elebitasuna, eleaniztasuna, hizkuntza-plangintza, hizkuntza-politika, eremu urriko hizkuntzak, hizkuntza eta gazteak, hizkuntza eta generoa, hizkuntza eta legedia...
B Bigarren hizkuntzaren didaktika
Lau trebetasunak, irakasleen formazioa, planteamenduak, baliabideak, curriculuma, ebaluazioa, autonomia, teknologia berriak...
C Psikolinguistika
Ama-hizkuntzaren jabekuntza, bigarren hizkuntzaren jabekuntza, tarteko hizkuntza, analisi kontratiboa, errore-analisia, neurolinguistika, biolinguistika...
D Hizkuntza eta eskola
Irakaskuntza elebiduna, kulturaniztasuna eskolan, gutxiengoak eskolan, etorkinak eta eskola...
E Ama-hizkuntzaren didaktika
Lau trebetasunak, alfabetatzea, gramatika...
F Hizkuntzalaritza
Semiotika, komunikazioa, itzulpengintza, gramatika, ahoskera, fonetika, pragmatika, diskurtsoa
Sei atal nagusi hauez gain, beste hiru atal osagarriok ere lantzen ditugu
| | G Pedagogia - Hezkuntza |
| | H Psikologia |
| | I Soziologia |
2. EB - Euskal Biblioteka
Euskaraz sortzen den dokumentazioa biltzen da bertan: literatura (eleberriak, ipuinak, antzerkia, olerkia, bertsolaritza...), gizarte-zientziak, natur zientziak, zientzia aplikatuak, artea, geografia, historia... Euskaraz dagoen liburutegi orokor baten funtzioa betetzen du.
3. MD - Material Didaktikoa
Atal honetan hizkuntza ugari (auto)ikasi edo irakasteko materialak aurki daitezke. Hizkuntza nagusiak hauek dira: euskara (baq), ingelesa (eng), frantsesa (fre), gaztelania (spa), alemana (ger), katalana (cat). Horiez gain beste 70en bat hizkuntza ikasteko materialak ere aurki daitezke: txinera, arabiera, errusiera, poloniera, italiera, hungariera, bulgariera, hindi, swahili... eta beste asko.
Zerbitzuak
Hauek dira Liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzurik nagusienak:
Mailegu arrunta
- Zerbitzu hau baliatzeko bazkide-txartela egin beharra dago.
- Zerbitzu honen bidez aldiko lau liburu (bideo, CD...) eraman daitezke etxera hilabeterako. Epe hau beste hilabetez ere luza daiteke (behin bakarrik), baldin eta beste inork erreserbatu ez badu dokumentu hori. Epea luzatzeko eskaria hilabetea amaitu baino lehenago egin behar da (maileguak@habe.org).
- Ikasmaterialak mailegatu nahi direnean, hamar item eramaterik izango da, baina gehienez ere lau izenbururi loturikoak.
- HABEren Gasteizko eta Bilboko egoitzetan jaso eta itzul daitezke mailegatutako dokumentuak. Baina, erne!, eskari guztiak Donostiako egoitzara zuzendu behar dira beti.
- Aldizkariak, 1960. urte aurreko liburuak, liburu bitxiak edo erreferentziazkoak (hiztegiak, entziklopediak...) eta beste bakan batzuk ezingo dira maileguan eraman eta Liburutegiaren eremuan kontsultatu ahal izango dira soilik.
Biblioteken arteko mailegua
Zerbitzu honen helburua bikoitza da: batetik, beste Liburutegietako dokumentuak gure Liburutegiko bezeroei eskaintzea; eta, bestetik, alderantziz, HABE Liburutegiko dokumentuak beste erakundeetako Liburutegien eskura jartzea.
- Lehen kasuan, gure bezeroek HABE Liburutegian ez dagoen dokumenturen bat kontsultatu nahi badute, zuzenean Liburutegian eska diezagukete edo helbide honetara idatzi maileguak@habe.org. Kasu honetan, HABE Liburutegiko eremuan bakarrik kontsultatu ahal izango dira dokumentuak (ezin izango dira, beraz, etxera eraman).
- Bestalde, beste Liburutegiren batek gure dokumenturen bat nahi badu, hona zuzendu behar du eskaria maileguak@habe.org. Mailegatzen diren dokumentuak ezin izango dira Liburutegi jasotzailearen eremutik atera. Lau astez eduki daitezke liburuak maileguan eta honako hau da ordainsaria: 8,00 € mailegatutako liburu bakoitzeko.
Biblioteka batetik bestera bidaltzen diren liburuak posta zertifikatu bidez bidaliko dira beti.
Fotokopia-zerbitzua
Beste Liburutegiren batetik eska daitezke artikuluen fotokopiak. Hona ordainsariak:
| Fotokopia edo digitalizazio multzoa | 5,00 € |
Eskatutako dokumentua oso luzea denean, liburutegiak berak erabakiko du ordainsaria, beti ere, eskatzaileari aldez aurretik jakinarazita.
Informazio bibliografikoa
Posta elektronikoz (
liburutegi@habe.org) eta, soilik oso kontsulta zehatzak direnean, telefonoz eginiko galdera eta kontsulta bibliografikoak erantzungo ditugu.
Liburu berriak
Hil honetako
liburu berriak.
Bisita gidatuak
Euskaltegi, unibertsitate eta ikastetxeetako ikastaldeei bisita gidatuak egiteko aukera ematen diegu. Eguna eta ordua eskatu behar dira aldez aurretik:
liburutegi@habe.org
Katalogoak
Bi lan-tresna hauek eskaintzen ditu Liburutegiak kontsultagai:
Katalogo Orokorra
Absys-ek kudeatzen du katalogo hau eta, bertan, euskarri desberdinetan dauden 30.000 dokumenturi buruzko informazioa aurki daiteke: batik bat liburuak, baina baita, bideoak, DVDak, CDak eta CD-ROMak ere.
Artikuluen Datu Base Dokumentala
Liburutegian ditugun aldizkarietan eta liburu konpilatuetan (artikuluz osatutako liburuetan, alegia) dauden artikuluetako informazioak osatzen du ADBD datu-basea. Kapsula softwareak kudeatzen du datu-basea eta 83.000 artikuluri buruzko oinarrizko informazioa dago bildua bertan: egilea(k), izenburua, zein aldizkari edo liburutan dagoen, aldizkariaren alea, urtea eta orrialdea. Horrez gain, artikuluaren "abstract" edo laburbilduma ere ematen da eta, horrelakorik ezean, artikuluaren lehen orrialdea.
Datu-base honek hiru aukera eskaintzen ditu bilaketak egiteko garaian:
- Artikuluak bilatu
Egilea, izenburuko hitza(k) eta urtea dira bilaketa egiteko erabili daitezkeen eremuak.
- Aldizkarien aurkibideak
Kasu honetan, hustu ditugun 165 aldizkarietako ale bakoitzaren aurkibideak kontsulta daitezke.
- Testu librean bilatu
Lehen aukerako hiru eremuez gain, "abstract" edo laburbildumako edozein hitzen araberako bilaketa egin daiteke hemen