HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Jaiegunetan irekitzeari buruz
Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko idazkariak jaiegunetan irekitzeari buruzko iritzia ematen du, baita arrazoiak ere.

Egunotan, komunikabideak eta jendea soka luzea ekarri duen gai bat ahotan hartuta dabiltza. Eusko Jaurlaritzak merkataritza ordutegien legea onartu du, eta gaia kalera atera da. Lege honek zortzi jaiegunetan irekitzeko baimena ematen die, urtean, 400 metro koadrotik gorako saltokiei.

Erabaki honen ondorioa ez da, besterik gabe, egun jakin batzuetan dendak zabaltzea. Beste ikuspegi batzuk ere kontuan hartu behar ditugu. Jai egunetan eta igandeetan irekitzeak ez digu soilik merkatarioi eragingo —ekonomian, bizi kalitatean, ohituretan, aisialdian...—, gizarte osoari baizik.

Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko kideok bi jai egunetan irekitzea adostu dugu, saltoki ‘handiekin'. Geure buru horretara behartuta ikusi dugu. Batetik, legeak aurreikusitakoa baino egun gutxiago direlako. Bestetik, bi egun izanik, ez duelako izango ohitura aldaketa handi batek gizartean eta merkataritzan izan lezakeen eragin larria —lanaldiaren eta familia bizitzaren arteko oreka haustea—. Hala ere, adin egon behar dugu, arazorik sortuz gero, erantzuteko.

Gure lehengo jarrerak —jaiegunetan irekitzearen kontra— hiru arrazoi nagusi zituen. Lehenik, EAEn lehen zegoen egoera: ordutegi askatasuna zegoen eta inork ez zuen jaiegunetan irekitzen; hau da, sektoreak bere burua arautzen zuen. Bigarrenik, kontsumitzaileak merkataritzaren erreferentzia nagusia dira, eta inkesta eta ikerketa soziologiko guztiek emaitza bera dute: kontsumitzaileek ez dute dendak jaiegunetan irekitzerik nahi., beharrik ez dagoelako, saltoki handiak behar hori sortzen saiatzen diren arren. Azkenik, lan baldintzak okerrera egingo lukete eta, ondorioz, merkatari eta langileen bizi kalitateak ere okerrera egingo luke.

Arrazoi hauek ikusita, gogoeta sakona egin behar dugu: merkataritzaren ustezko liberalizazioaren alde eginez, ez ote garen lanaren eta aisia eta atsedenaren arteko oreka hausten ari.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.149.17