HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Balio erantsiko zerbitzuak euskara-ikaslearentzat: Mondragon Lingua euskaltegien apustua
Gaur egun, bost zentro ditu Mondragon Linguak Euskal Autonomi Erkidegoan eta badira hilabete batzuk izen berriarekin lanean ari direla Arrasate, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Oñatiko euskaltegi hauetan. Marka eta izen aldaketarekin batera etorri den zerbitzu-eskaintza berria zertan den jakin nahi izan dugu eta horretarako, informazioa eskatzeaz gain, ikasle baten iritzia ere jaso dugu.

Mondragon Linguaren zerbitzuen berri galdetuta, hizkuntzaren erabilera eta irakaskuntza osatzeko balio dutenak azpimarratu dituzte, ikasleari doan eskaintzen zaizkionak, hain zuzen ere. Ikasleek gehiago edo gutxiago erabiliko dituzte, daukaten denboraren, zaletasunaren edota azkarrago edo beranduago ikasteko duten interesaren arabera.
Hona hemen hainbat adibide zehatz:

*LINGUA BAZKARIAK: Mondragon Linguako irakasle batekin bazkaltzeko aukera dute ikasleek, euskara praktikatze aldera. Zerbitzu honek balio dezake, baita ere, hizkuntzarekin harreman zuzenagoa izateko edota ikaslea denboraz gaizki dabilen uneren batean aurrez aurreko eskola bat ordezkatzeko.

*TXATAK: Irakasleak dira moderatzaile txat hauetan. Astero luzatzen dute parte hartzeko deialdia, maila eta gaien arabera sailkatuta. Mondragon Linguako edozein zentrotako ikasleek har dezakete parte txat hauetan. Helburua, benetako hizkuntza erabiltzea, uneoro irakasleen gainbegiratzearekin batera.

*GRABATUTAKO ESKOLAK: Zerbitzu hau ere web orrian aurkituko dute ikasleek. Mediatekan aurrez aurreko eskolak grabatuta aurkituko dituzte: hizkuntzaren alderdi ezberdinen inguruko bideoak, hainbat molderen erabilerarako proposamenak... etab. Eskoletara joateko modurik ez dutenerako irtenbide aproposa.

*LINGUA MAIL: "Ikaskuntza pilulak" edo euskara-ikasgai motzak. Astean behin jasotzen dituzte ikasleen posta elektroniko bidez, ikasten ari diren edukiren baten inguruko lanketa eta azalpenak. Hiztegia, ohiko akatsak, molderik erabilienak... dira, besteak beste, jorratzen diren arloak.


SISTEMA KONBINATUARI BEGIRAKO MONDRAGON LINGUA KONPROMISOA
Hainbat zentrotan, ikastaro bat kontratatzen denean, iraupen jakin baterako zerbitzua kontratatzen da, 9 hilabeteko ikastaroa, oro har. Eta 9 hilabete horiek ordaintzen ditu ikasleak, xede maila lortu edo ez. Maila hori lortuz gero ongi, eta bestela ere bai.

Mondragon Linguan, aldiz, ikasleek ez dute 9 hilabeteko ikastaro bat edo 15ekoa edo 16koa soilik kontratatzen; kontratuan, ikasleak maila jakin bat lortuko duela ere hitzartzen baita. Jakina, hori lortzeko, ikasleak ikaskuntzari ordu kopuru jakin bat eskaintzeko konpromisoa hartu behar du.

Helburu hori lortze aldera, erraztasun guztiak jartzen dira ikasleen eskura, ahalegin hori ahalik eta modurik erosoenean egiteko aukera izan dezaten. Baina, gainera, ikasleak ikastaroa amaitu eta xede-mailara iristeko modurik izan ez badu, nahiz eta bere ikaskuntza konpromisoa bete duen, ikasleak doan ikasten jarraituko du, hitzartutako maila hori lortu arte.

Conchi Bergera ikaslea: "Mondragon Linguaren berezitasunik handiena ikasleak motibatzeko egiten den lana da"


Altsasun jaio zen
Bere aiton-amonek euskara zekiten
9 urterekin Gasteizera joan zen eta 30 urte darama bertan bizitzen
Irakaslea da
Eusko Jaurlaritzan lan egiten du, Europako proiektuetako arduraduna da
Asko bidaiatu behar du (Belgika, Holanda, Suitza...)
Ingelesez, frantsesez eta italieraz daki
Oraingo erronka euskara da
Duela lau urte hasi zen euskara ikasten





Zer iruditu zaizu MLren eskaintza berria?
Nire ustez, egin diren aldaketak onerako izan dira, edukiak eguneratu egin dira, idazlan gehiago egiten da eta tutoretzaren aldetik, jarraipena zorrotzagoa da.

Aurrez aurreko klaseak ezberdinak dira. Zertan?
Orain eskola batzuk jariotasuna lantzeko dira, beste batzuk hiztegia ikasteko eta beste batzuk euskal gramatika ondo erabiltzeko.

Zure gustukoak al dira?
Bai, oso! Orain hitz egiteko aukera handiagoa daukagu eta, beste aldetik, klaseetan ikaslea motibatu egiten da lan pertsonala egiteko. Adibidez, gramatikako klaseak oso zorrotzak dira, baina normala da, hizkuntza ondo erabili nahi dugulako. Mondragon Linguaren berezitasunik handiena ikasleak motibatzeko egiten den lana da. Batzuetan ikasleok berez motibatuta egoten gara, baina beti daude momentu baxuagoak eta Mondragon Linguako irakasle, tutore, aholkulari eta langile guztiek horren alde lan egiten dute, aurrera egin dezagun gure gainean egoten dira.

Eta zer dira Lingua Bazkariak?
Aukera bat aste osoan zehar, bazkaldu bitartean, beste ikasleekin eta irakasle batekin hitz egiteko.

Zergatik joaten zara?
Orain denok gabiltza denboraz oso estu eta momentu guztiak aprobetxatu behar dira euskara ikasteko edo praktikan ipintzeko. Bazkari hauetan nik baino gehiago dakiten ikasleekin nago eta baita nik baino gutxiago dakitenekin ere. Lingua bazkarietan nire arlo onak eta txarrak zein diren konturatzen naiz.

Txateatzen ere aritzen zara, ezta?
Bai, ikasturte hasieratik.

Zer egiten duzue?
Moderatzaileak gaia proposatzen du eta hainbat galdera luzatzen dizkigu eta guk erantzun egin behar diegu. Aldi berean parte hartzaileen artean eztabaidak sortzen dira. Honekin bat-batekotasuna lantzen dugu eta moderatzaileak idazteko daukagun trebetasuna ikus dezake.

Astero Lingua mail bat jasotzen duzue, zer dira?
Niri Lingua mailak asko gustatzen zaizkit. Astero Mondragon Linguatik posta elektronikoz eskolatxo bat jasotzen dugu: akats tipikoak agertzen dira, erdarakadak, esamoldeak eta abar. Nik nire ordenagailuan gordetzen ditut eta aldi berean eskuz idazten ditut, hobeto barneratzeko.

Orain extranetarekin martxan hasi zarete, ikasleak zer aurki dezake bertan?
Hau ikasleen arteko tresna bat da. Bertan hizkuntz eskakizunak prestatzeko ariketak daude, idazlanak egiteko, artikuluak... gauza pila bat. Nik orain hasi behar dut erabiltzen.
Informazio gehiago nahi duenak:
www.mondragonlingua.com

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab02/192.168.149.52