Photoshop erabiltzea debekatu nahi dute Ingalaterran
Argazki digitalak manipulatzeko Photoshop eta antzerako programa informatikoak erabiltzea galarazi nahi du Britainia Handiko parlamentuak. Gaia hausnartzen ari dira parlamentariak. Ondoko argazkian daukazu eztabaidaren jatorria: gezurra badirudi ere, emakume bera dira, baina eskuineko argazkirako (iragarki baterako) Photoshopean tuneatu dute emakumea.
Eta ondo tuneatu ere: 59 urteko modelo ingelesari ukitu gehitxo egin
dizkiotela dirudi, ezta? Polemikak hautsak harrotu ditu Ingalaterran.
Non dago muga? Jo Swinson parlamentari britainiarrak argi du: muturreko
ukitu digitalek irudi perfektuak lortzen dituzte iragarkietan,
errealitatean lortu ezin daitezkeenak. Edertasunaren irudi irreal
horiek neska gaztetxoengan eragiten dutela dio Swinsonek, eta presio
handia jasaten dutela. Beraz, 16 urtetik beherako gazteei zuzenduta
dauden iragarkietan Photoshopa debekatu nahi du hainbat parlamentarik.
Ukitu digitalaren eztabaida ez da berria argazkilaritzaren munduan.
Zilegi da jatorriko iruditik hain urruti dagoen emaitza erakustea?
Helburuan egon daiteke gakoa. Alegia, argazkiak xede artistikoa badu,
zergatik ez erabili tresna manipulatzaileak? Azken finean, agian
egileak ez du errealitatea islatu nahi, artea egin nahi du. Batek baino
gehiagok, ordea, uste du ukitu asko dituen irudia gehiago dela
ilustrazioa, argazkia baino.
Beste gauza bat da atzean interes komertzial, politiko edo bestelakoak
ezkutatzen direnean. Izan ere, informazio modura saltzen zaigun
irudietan geroz eta gehiago baliatzen dira Photoshopen moduko teknikez,
errealitatea gezurtatzeko. Adibide gisa, Paris Match astekariak 2007an
argitaratutako Nicolas Sarkozyren argazki famatua, mitxelina ezabatu
ziona. Kontua da tresna horietatik harago manipulatzen duela
argazkilariak: argazkiaren enkoadrea bera, erakusten den errealitate
zatia (eta kanpoan uzten dena)... Irudia ateratzen den unetik subjektiboa
da emaitza. Era berean, ez al genituzke debekatu beharko
"Photoshopetik" pasatako testuak? Hots, informazio gisa iritziak eta
egia erdiak ematen dituzten testuak?
Laburtuz, argazkia ez dela gezurrak kontatzeko bitartekari bakarra.
Hori bai, aitortu behar da irudiaren, estetikaren eta edertasun kanonen
mende bizi garen garai hauetan, beharrezkoa dirudiela errealitatearen
distortsio digitalaren mugez mintzatzea. Ohiko moduan, sen arruntak du
giltza.