Akabo erosketak plastikozko zorroetan?
Carrefour bere saltokietan ohiko plastikozko poltsak dohainik ez ematen hasi da. Etxe honek hilabete pasatxo zeraman poltsa hauen ordez beste batzuk ematen debalde, behin eta berriz erabiltzeko poltsak. Baina aurki 50 zentimo ordaindu beharko du bezeroak poltsako. Ipar Euskal Herrian lehenago hasi ziren supermerkatuak ekimen honekin, eta ia ez da inongo dendetan plastikozko poltsarik ematen musu truk, ordainduta bai. Eta ordaindutako horiek ere ezaugarri jakin bat izan beharko dute 2010. urtetik aurrera Iparraldean, biodegradagarriak izatea.
Datuak ikaragarriak dira. Frantzian erabilera bakarreko 18.000 milioi poltsa banatzen dira urtero eta Espainian 10.500 milioi. Poltsa bakoitzaren kostua zentimo batekoa da gutxi gorabehera. Beraz, doakotasuna saihestuta diru asko aurreztuko dute saltokiek. Espainian urtero 5 milioi euro pasatxo aurreztea espero dute. Hau da, aipatutako ekimen honen atzean badirudi arrazoi ekonomikoak daudela, eta ez horrenbeste ekologikoak. Baina betiko plastiko-zorroak baztertzeak ondorio ekologiko handia du. 5 bezerotik 1ek astean sei poltsa aurrezten baditu, Espainian bakarrik 322.000 milioi poltsa aurreztuko lirateke. Eta bide batez petrolioa aurreztuko litzateke, plastikoaren lehengaia.
Betiko plastikozko poltsaren ordez, zer?
Eroskik ere plastikozko poltsak erabiltzen ez dituen bezeroa "saritu" nahi du. Erosketa ordaintzera doanean programa informatiko batek esango dio zenbat plastiko-poltsa behar dituen, eta erabiltzen ez baditu zentimo bateko deskontua egingo diote poltsako. Baina Eroskik ez daki noiz kenduko dituen ohiko plastiko-zorroak betiko. Ez Eroskik, ez Alcampok, ez Sabecok... Zeren ekimenak ekimen, oraindik bezero askok darabiltza zorrook. Eroskik, hala ere, espero du, bere saltoki guztiak kontutan hartuta, urtero 60 milioi poltsa gutxiago erabiltzea.
Ohiko plastikozko poltsa horiek gutxitzeko lau era daude: denetik gutxiago kontsumitzea, plastiko hori birziklatzea, berrerabiltzea, edo bestelako zorroak erabiltzea. Hitz bakarrean edo esateko: kontsumo-ohiturak aldatu behar dira. Badirudi gutxiago ez dugula kontsumitu nahi, nahiz eta krisiak horretara behartu gaituen. Beraz, aldaketa zerk ekarri du, nondik ari da etortzen? Betiko plastiko horren ordezkoak erabiltzen hasi gara erosketetan, batez ere saltoki handietan: birziklatua izan daiteke, oihalezkoa, patata azalarekin egindakoa... Plastiko hauek guztiak ez dira erabilera bakarrekoak. Eta betiko plastiko zorroa berriz erabilita ere plastiko gutxiago behar da: jende askok zaborra sartzen du bertan, edo bidaietako arropa zikina, edo umeentzako mozorroak egiten dituzte... Hori plastikozko zorroari dagokionez, baina erosketak beste era batera eginda ere zorroen kopurua murrizten da.
Adibidez, erosketa etxetik gertu egiten bada, hor dago betiko orgatxoa. Eta saltokietako langileek erosketak etxera ekarrita ere zorro dezente aurrezten da. Normalean kartoizko kaxetan ekartzen baitute, ez dute dena plastikozko poltsetan sartzen. Baina gauza bat da zorroak gutxitzea, eta beste bat plastikoa murriztea. Izan ere, arrakasta handia dute azken urteotan azpian kortxo zuria eta gainean plastikoa daramaten jakiek. Horrelako jakiak geroz eta gehiago erosten baditugu, plastiko kopurua ez dugu horrenbeste murriztuko, nahiz eta plastikozko zorrorik ez erabili. Hau da, kontua ez da soilik plastiko-zorroak murriztea, plastikoa bera eta zabor kopurua murriztea baizik. Eta plastikozko botilan datorren ura etengabe erosten badugu, kanilatik edan ordez, zorroak zorro, zenbatean gutxituko dugu plastiko kopurua?
Eta zer esan birziklatzeaz? Datuek diote erabilitako ohiko plastiko-zorroen %10 besterik ez dela birziklatzen gurean. Ez da erraza. Kartoia eta kristala errazago birziklatzen dira plastikoa baino, berez. Baina kartoia eta kristala (botilak) nola birziklatu badakigu, badakigu zein edukiontzitan bota behar dugun. Baina ez dakigu plastikozko poltsak non bota. Edukiontzi horian? Berez ez: edukiontzi horian plastikozko enbaseak bota behar dira, eta poltsak ez dira enbaseen kategorian sartzen. Beraz, ohikoa da plastikozko poltsak aurkitzea edukiontzi horian, urdinean, berdean eta elementu organikoen edukiontzietan. Horrela oso zaila da birziklatzea. Frantziako Landetan, adibidez, beste edukiontzi batzuk jartzen hasi dira: bat plastikozko botilentzat, beste bat latentzat, eta beste bat tetrabrikentzat. Baina plastiko-zorroak? Horientzako ere edukiontziak sortu beharko al dira?
Kontuak kontu, eta Nazio Batuen Erakundearen arabera ur gazi kilometro koadro bakoitzeko 18.000 plastiko puska daude munduan! Interneten baten bat galdetzen hasi da ea ezin den zaborra espaziora bidali kohete bidez. Baina kilo bakar bat orbitan jartzeak 15.000 euro pasatxo balio du. Euskadiko Autonomia Erkidegoan, birziklatu gabeko zaborretik 500 kilogramo/biztanleko tokatzen zaigu urtean. Atera kontuak! Baina, arren, plastikoak ito aurretik atera!