HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Norteko trenbidearen eraikuntza Goierrin
XIX. mendean, goierritar gehienak nekazaritzatik bizi ziren. 1833-1876 urteetan, karlista eta liberalen arteko gerrak Euskal Herriaren ekonomia egoera larrian utzi zuen. 1841ean Madrilgo gobernu liberalak aduanak Ebrotik Bidasoara pasa zituen eta aldaketa horrek eragin handia izan zuen barne merkatuan. Espainiako garraiobideak orokorrean oso atzeratuak zeuden eta berritzeari ekin zioten. 1856an Malkaskotik (Ordizia) Lizarrustirako (Ataun) errepidea egin zuten eta, urte batzuk geroago, Segura-Zegama-Otzaurteko errepidea. Honela, Goierri eta Nafarroaren arteko harremanak erraztu egin zituzten.

Torres, Alan eta Estibans ingeniariek Norteko Trenbidearen Gipuzkoako proiektua idatzi zuten 1856an. Txostenari harrera ona egin zioten Gipuzkoako agintariek. Merkantziak erraz eta merke mugitzeko ez zegoen bitarteko egokiagorik. Fermin Lasala eta Luis Mariategiren partaidetza ezinbestekoa izan zen Norteko Trenbidearen lehen pausoak gauzatzeko. Politikari liberalak trenaren aldekoak ziren, baina karlista eta integristak ez.

1858an hasi zituzten Norteko trenbidea egiteko lanak. Beasaindik Altsasura Lizarrustitik barrena eramateko proposamena berehala baztertu eta gaur ezagutzen dugun Zumarraga eta Otzaurtetik Altsasurako bidea aukeratu zuten. Lanak epeka gauzatu zituzten: Irun eta Tolosa artekoa lehenbizi, Tolosa eta Beasain artekoa gero eta Beasain eta Altsasu artekoa, azkenik. Zati honek sortu zuen lanik handiena, tunel asko eta luzeak egin behar izan baitzituzten. Altsasu eta Irunen artean 22 zubi eta 19 tunel eraiki ziren. Irun-Beasain-Altsasu tren-zerbitzuak 1864. urtean jarri ziren martxan. Hasieran trenbide bat bakarrik eraiki zen bi norabideetarako eta 1908an bukatu zuten bi norabideetarakoa. 1929an argindarra erabiliz hasi ziren ibiltzen trenak.

Atzerriko teknikarien, kontratisten eta langileen laguntza garrantzitsua izan zen proiektu erraldoi hura burutzeko. Toki ezberdinetako pertsonek erosi zituzten Norteko Trenbidearen akzioak. Euskal Herrikoez gain Madril, Kuba, Peru, Frantzia eta Italiako pertsonen abizenak azaltzen dira akziodunen artean.

Trenbidea pasa zen lurretan txikizio ugari egin zuten: zenbait belardi eta soro zatitu, erreka batzuk desbideratu, pertsona eta ganaduen bideak moztu eta abar. Kexa ugari izan zen herritarren artean: batzuk maila politikoan eta besteak pertsona eta ganaduen istripuengatik.

Elizaren barruan ere bi joera nabarmendu ziren. Zenbait elizgizon hasieratik jarri zen trenaren alde eta batzuek akzioak erosi zituzten. Gasteiz eta Iruñeko gotzainek, adibidez, igandeetan trenbidean lana egiteko baimena eman zieten herritarrei. Karlista eta integristen aldeko apaiz eta idazleei beldurra sortu zien Norteko Trenbidea eraikitzeak. Industriaurreko gizartean begiak jarrita zituztelako, modernitateari beldurra ziotenek, trenbideak zekartzan aurrerakuntzak ez zituzten begi onez ikusi. Eusebio M.D. Azkuek zioen ferrokarrila foruak uxatzeko atea zela. Arturo Kanpionek ere baserri giroko jarduera garbiak defendatzen zituen. Txirritak, ordea, goraipatu egin zuen Norteko Trenbidea.

Pello Joxe Aranburuk, trenbidearen eraikuntza eta bere ondorioaz idatzi duen liburuaren sarreran dio Sakamantekasen mitoa trenbidearekin lotu zela. Zenbaitek uste zuten umeen gantzaz koipeztatzen zituztela lokomotoraren gurpilak. 1873an Santa Kruz apaizak eta bere jarraitzaileek Beasaingo tren geltokiari su eman zioten. Eraso bat baino gehiago izan omen zen trenen aurka.

Ezin da zalantzan jarri Norteko Trenbidea aurrerapen handia izan zela Euskal Herriarentzat. Burdingintza, papergintza, ehungintza eta beste zenbait industria trenbideari esker kokatu zen Goierrin. Trenbideak aldaketa handiak eragin zituen Goierriko biztanleriarengan. Tren-geltokia zuten herriak hazi egin ziren. Horren adibide: Zumarraga, Beasain eta Ordizia. Nekazaritza hutsetik bizi ziren herrien biztanleriak, berriz, behera egin zuen; batzuk aipatzearren, Ataun, Segura edo Zegama.

Gaur egun ere antzeko arazoa gertatzen ari da AHTaren inguruan. Batzuentzat aurrerapena izango dena, beste batzuentzat hondamendia da.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab02/192.168.149.52