HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Ezinduen kolektiboen aldarrikapena: Kontuan izan gaitzatela!
Eguneroko bizitzan oztopo ugari gainditzera ohitu badira ere, aldarrikapen eta eskakizunetan ez dute  atsedenik hartu Hernaniko ezinduen elkartekoek. Orain urtebete eratu zuten  Koxka elkartea, nahiz eta aurretik pausu asko emanak zituzten. "Hernani asko  hazten ari den herria da eta eskatzen diogu udalari kontuan har gaitzala  hirigintza proiektuak  abiatzerakoan". Koxka elkarteak helburu eta asmo bakarra du, "kontuan izan gaitzatela".


"Hor dago koxka! eta gainditu beharreko koxka. Hitz horrek baditu bi esanahi eta horrexegatik aukeratu genuen gure elkarteari izena emateko". Kike Parra elkarteko kidearen burutazioa izan zen, eta gainerako elkarteko kideei asko gustatu zitzaien.

Urtebete igaro da Koxka Hernaniko elbarri fisikoen elkartea sortu zutenetik, eta dagoeneko euren lehenengo ekitaldi publikoa egin dute. "Irailaren 26an antolatu genuen egitasmoamugikortasunaren astearen barruan. Mugikortasunak arlo asko hartzen ditu eta herritarrei gogorarazi nahi izan genien gu ere hemen gaudela, lehenengo mailako herritarrak garela". Koxkakoek ginkana-jokoa eta txokolate jana antolatu zituzten Hernaniko herritarrentzat, eta aurrerantzean herriko bizitzan presente egon nahi dute eta ekintza gehiago antolatu.

Sorreran, ezusteko galanta

Gaur egun hogeita hamazazpi kidek osatzen dute Koxka elkartea eta hilero elkartzen dira Hernaniko kultur etxean euren arazoez eta egitasmoez berba egiteko. Lehenengo deialdia egin zutenean, ordea, ezusteko galanta hartu zuten elkartearen sortzaileek. "Jende mordoa gerturatu zen lehenengo deialdira eta ezustean harrapatu gintuen".

Batzarraren ondotik, Hernaniko ezindu fisikoen taldea sortu zen ofizialki eta Eusko Jaurlaritzan erregistratu zen. "Lehenengo bilera hartara herriko neska-mutiko batzuen gurasoak ere etorri ziren, eta orduan konturatu ginen Hernanin bazirela haur ezinduak", hori ere beste ezusteko bat izan zen eta lan egiteko konpromiso handiagoa. Gaur egun, elkartea horiei guztiei erantzuten saiatzen da.


Elkar ezagutzea, garrantzitsuena

"Indibidualtasunetik kolektibotasunera igarotzea izan da garrantzitsuena". Horixe da elkarteko kideentzat urte honetako emaitzarik inportanteena. Ezinduen taldeko ordezkarientzat oso polita izan da elkar ezagutzea, "gauzak konpartitzen ikasi dugulako eta antzerako arazoak ditugulako". Horren haritik, guztien artean zerrenda bat egin zuten Hernanin zeuden oztopo arkitektonikoen gainekoa eta udalean aurkeztu zuten. "Praktikan, hori izan da orain arte egin dugun egitasmo nagusiena. Katalogo horretan jasotzen ditugu irisgarritasunaren ikuspegitik gure herrian dauden gabezia guztiak". Esaterako, Hernaniko Udal kiroldegiak hogeita bost urte bete ditu. "Badakigu egin zenean ez zegoela inolako sentsibilitaterik gure kolektiboaren inguruan, baina gaur egun egokitu daiteke kiroldegia, ezinduek erabil dezaten". Gai horrekin lotuta, eskari zehatza egin zuten Koxkakoek udalean, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.



Hernaniko Udaleko Hirigintzako Aholkularitza Batzordean partaide da Koxka eta talde eragile horretan ezinduen ikuspegia kontuan har dadin ari dira lanean. "Etorkizuneko erronkei aurre egin behar diegu eta gure interesak defendatu behar ditugu ahalik eta toki gehienetan", gaineratu dute elkarteko kideek.

Udal eta instituzioen jardunarekin kritikoak dira Koxkakoak, baina ez haiekin bakarrik."Herritarrek ere ez gaituzte kontuan hartzen. Autoak aparkatzen dituzte guretzat erreserbatutako lekuetan, espaloietan, eta gure egunerokoan oztopoak jartzen dizkigute. Ez dira jabetzen gu ere herri honetako parte garela, eta gehiago hartu beharko gintuzkete kontuan".

Legea gizartearen aurretik

Hernaniko Udalak eginiko azken lanen inguruan ere oso kritiko agertu dira, "aurrekoan gure elkarteko kide batek esan zigun Hernaniko Udalak jarri berri duen igogailua ezin duela erabili. Nonbait, sakatzeko botoiak oso altu daude", tamalez, horrelakoak egunero aurkitzera ohitu da ezinduen kolektiboa, eta Hernanin bezala, Euskal Herriko gainerako hiri eta herrietan ere, antzerako arazoak bizi dituzte. "Teorian erabakiak hartu hartzen dira, eta praktikan ere proiektuak egiten dira ezinduen iritzia kontuan izanda, baina aldaketak sakonagoa izan behar du". Koxkako kide den Bego Simonek adierazi digunez, "pentsaera-aldaketa ematen ez den bitartean jai daukagu".

Izan ere, oztopo handi zen txikiek asko baldintzatzen dute itsu, elbarri edota gurpildun aulkian mugitzera behartuta dauden pertsonen bizimodua. Ildo honetan, legea eta araudia gizartearen aurretik doala adierazi digute elkarteko kideek. "Legeak aintzat hartzen gaitu, gizartearen aurretik doa, gure egoera hobetzeko gaur egungo araudia ondo dago, eta gizarteak ulertu egin beharko luke". Oztopoak oztopo, erronkaz beteriko etorkizunari aurre egiteko prest daude Koxka elkartean, "urtebete ez da ezer eta gure elkarteak guztion konpromisoarekin egingo du aurrera".

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab02/192.168.149.52