|
|
Juan Martinez de Irujo: "Jokalari sutsua naiz, askotan gehiegi bizi izaten ditut partidak eta ez zait gustatzen galtzea"
Abuztuko torneoetan jokatu izana nabarmen igartzen zaio Juan Martinez de Irujo (Ibero, 1981) txapeldunari. "Argaldu egin naiz, izan ere, partida mordoa jokatu ditut uda honetan". 2003an pilota profesionalean debuta egin zuenetik hiru txapelketa irabazi ditu eskuz banaka eta beste horrenbeste binakakoan. Azaroan egingo ditu 28 urte, potentzia handiko BMW autoa gidatzen du eta Iruñea ondoko auzo dotore batean bizi da, Mutiloa Goitin. Miresmena eragiten duen pilotaria da Irujo eta Euskal Herri osoan oso ezaguna. "Zorionez, zale ugari ditut Euskal Herri osoan eta ondo hartzen naute frontoi guztietan. Guztiei eskerrak eman behar dizkiet".

Pilotarien semea eta iloba. Zure etxean pilota garrantzitsua izan da, ezta?
Ibero 180 biztanleko herria zen eta herriko jolaslekua, frontoia. Esku pilotan, palan, futbolean... guztia pilotalekuan egiten genuen. Niri pilota asko gustatzen zitzaidan eta ordu asko egiten nituen pilotalekuan. Aitak ere jokatzen zuen eta osaba pilotari profesionala zen. Gogoan dut askotan joaten ginela osaba pilotan jokatzen ikustera.
Aitaren eta osabaren oroitzapenak, beraz, badituzu.
Bai, Nafarroan jokatzen zituzten partidak ikustera joaten gineneko oroitzapenak baditut, oso txikia nintzenekoak. Aita ez zen inoiz profesionala izan, baina asko jokatzen zuen.
Amak ere pilotan jokatzen al zuen?
Bai, amak paletan egiten zuen. Bidaurretan herritar guztiek jokatzen zuten pilotan. Nik askotan ikusi dut ama pilotan jokatzen gizonezkoen aurka eta berak irabazten zituen partida asko. Eta arrebarekin ere jokatu izan dut pilotan. Gure etxean, kirol nagusia izan da beti.
2003an debuta egin zenuen eta 27 urterekin pilotan irabazi daitekeen guztia irabazi duzu. Kirol amets guztiak bete dituzula esan daiteke.
Txapelketa horiek irabazi ditut, baina gehiago irabazi nahi ditut. Hutsetik hasi nahi dut eta ilusio horrekin segitzen dut lanean. Irabaztea oso polita da, guztioi gustatzen zaigu eta inoiz ez zara garaipenaz aspertzen. Txapelak irabaztea oso polita da, ez bakarrik irabazlearentzat, haren ingurukoentzat ere izugarria izaten da, eta horrek ez du nekatzen.
Zein txapelketa izan da zuretzat bereziena?
Txapelketa guztiek izan dute zerbait berezia. Batez ere, podiumaren goialdean egoteak zirrara berezia eragiten du, ez bakarrik norberagatik, baita inguruko guztiengatik ere. Eta finalaren ondorengo ospakizuna ere oso berezia izaten da, familiarekin, lagunekin, eta maite dituzun guztiekin ospatzen baitira txapelak.
Lesioak, berriz, unerik gogorrenak.
Zalantzarik gabe, horiek dira unerik gazienak. Kirolariak gara eta arrisku hori dugu. Nik bi lesio garrantzitsu izan ditut azken urteotan. Debuta egin eta berehala muskulu dortsalean min hartu nuen, eta ondoren eskuan ebakuntza egin zidaten. Hori izan zen larriena, ez bainekien nola geratuko zen nire eskua. Larri pasatu nuen, oso une latza.
Irujozaleak Euskal Herri osoan
Gaur egun pilotalekuetara zale gehien erakartzen duen pilotaria zara. Eta ez bakarrik Nafarroan, Euskal Herri osoan ere zale ugari dituzu.
Eskertzekoa da. Nire izateko eraren eta jokatzeko moduaren ondorio dela esango nuke. Erasora jokatzea gustatzen zait eta ez naiz inoiz kikiltzen. Eta horrexegatik ditut hainbeste jarraitzaile. Oso polita da eta eskertzen diet zaleei.
Azken urteotan, pilota arloan, bi pilotari nabarmendu zarete: Aimar Olaizola eta zu zeu. Norgehiagoka edo lehia horrek kirol arloa gainditzen duela dirudi. Zuek nola bizi duzue?
Bai, egia da. Pikea dago bi pilotarien zaleen artean, eta batzuetan jendeak gehiegikeriak egiten ditu horren ondorioz, larregi bizi dute gure artekoa. Pike sanoa ona da, baina, hortik aurrera gehiegikeriaz jokatzea ez da ona. Gure arteko harremana ona da. Esango nuke biok garela pilotari handiak eta ziur naiz, benetan pilota maite duen zaleak bi pilotariokin disfrutatuko duela.
Etxauriko bailarako gereziak
Adituek diote une honetako pilotaririk indartsuena zarela, alegia fisikoki sasoi onenean dagoen pilotaria zarela. Bat zatoz baieztapen horrekin?
Hori besteek esan beharko dute. Nik prestakuntza fisiko handia egiten dut. Txapelketak ondo prestatzen ahalegintzen naiz eta, ahal dudan neurrian, asko zaintzen dut neure burua.
Etxauriko bailarako gereziek ematen al dizute indar hori?
(barreak) Zalantzarik gabe, gure amaren herriko gereziak bereziak dira. Hemen, Nafarroan, dugun 'pedigria' paregabea da. Baina, gainerako pilotariek ere, gerezirik gabe, lan handia egiten dute eta pilotari on asko dago gaur egun. Inork ez du inoren inbidiarik.
Txantxetan esan dugu gereziena, baina jakin badakigu gazte denboran askotan joaten zinela amaren herrira gereziak batzera.
Bai, askotan. Osabak zituen gereziondoak eta familia osoa joaten ginen Etxaurira batzeko garaian. Munduko gerezirik goxoenak ditugu amaren herrian, Etxauriko bailaran. Orain ere joaten naiz batzuetan, baina zorionez, azken urteotan eskuz banakako final asko jokatu behar izan ditut, eta gereziak batzeko garaian jokatzen dira finalak. Hori dela eta, etxean lasai egoten uzten didate eskuak zaintzen.
Pilotaren bilakaera azken urteotan
Asko aldatu al da pilota azken urteotan?
Ez dakit zer esan. Egia da telebistak publizitatea ekarri duela eta horrek eragin handia izan duela. Aspaldi zuriz jokatzen genuen, orain gorriz eta urdinez. Materiala ere aldatu dela diote askok...
Aldaketa horretan guztian telebistak sekulako eragina izan du, ezta?
Bai, bai. Telebistak zerikusi handia izan du. Orain pilotariak ezagunagoak gara telebistaren eraginaren ondorioz, jende gehiagok ikusten gaitu, baina ni hasi nintzenean jende gehiago gerturatzen zen pilotalekura.
Pilota arloan, ordea, badira inoiz aldatuko ez diren gauzak.
Bai, kopa eta purua, apustuak... Tabakoaren legea onartu zenean zertxobait igarri genuen eta esango nuke orain lehen baino gutxiago erretzen dela pilotalekuetan. Dena dela, partidan buru belarri bazaude, kea igarri ere ez duzu egiten.
Pilotariek aldagela konpartitzen duzue, ezta? Hori ere berezia da.
Pilotan bakarrik gertatzen da hori eta berezi egiten du gure kirola. Arerio izanda ere, aldagela konpartitzen dugu, guztiok elkarrekin aldatzen gara. Era berean, txapelketako partidak ez direnean, askotan arerio izango garenok elkarrekin egiten dugu etxetik pilotalekura bitarteko bidaia.
Gastronomia eta amaren 'goxua'
Nolakoa da Juan Martinez de Irujo pilotalekuetatik kanpo?
Pilotalekuan jokalari sutsua naiz, askotan gehiegi bizi izaten ditut partidak eta ez zait gustatzen inoren aurka galtzea, baina, frontoitik kanpo bizitza lasaia egiten dut. Nire lagunekin egotea oso gustuko dut, oso normala naiz, gustuko dut ondo pasatzea eta txantxak egitea.
Gastronomia ere gustatzen zaizu. Amaren 'goxua' bezalakorik ez dagoela entzuna dugu.
Ez naiz oso gozozalea, baina amaren goxua modukorik ez dago. Mariskoa eta arraina ere oso gustuko ditut, eta ahal dudan guztietan aprobetxatzen dut ondo jateko.
Euskara eta euskararekiko konpromisoa
Bestelako kontu bat. Euskara ikasten aritu zinen, baina ez duzu hitzik egiten, zergatik?
Hiru urtez joan nintzen AEKren euskaltegi batera, baina gero Mutiloara etortzerakoan utzi egin nuen. Niretzat zailena hitz egitea zen, lotsa handia ematen zidan eta horregatik ez nuen hitzik esaten. Ez nago batere harro euskaltegia utzi izanagatik, baina sekulako lotsa sentitzen dut euskaraz hitz egiterakoan eta gaizki pasatzen dut.
Dena dela, euskararen aldeko konpromisoa erakutsi duzu, ezta? Besteak beste, euskararen aldeko festak babestu dituzu.
Bai, horrelako eskariei gustura erantzuten diet. Hitz askorik ez dut egiten euskaraz, baina horrelakoak eskatu dizkidatenean egin egin ditut. Ea denborarekin aukera dudan euskara ikasteko! Nork daki, beharbada, seme-alabak ditudanean beraiekin ikasiko dut. Nire bikoteak badaki euskaraz eta ikasi egin beharko dut.
JOKOA EZ DA JOLASA
Gehiegitan nahasten ditugu "jokoa" eta "jolasa". Beraz, saia gaitezen bereizten. Haurrak herriko plazan jolasean ibiltzen dira edo jolasean aritzen dira, baina herriko pilotalekuan Irujok eta Olaizolak jokatu egiten dute pilota-partida. Alegia, "jokoa" atsegin hartzeko ariketa arautua da, norgehiagoka. Gainera, jokoan batek galdu eta besteak irabazi egiten du, dirua, esate baterako. Horregatik esaldiok: "karta-jokoan ari", "jokoa ez da errenta", "jokoan ondo larrutu omen dute", etab. Ikus dezagun orain zer den "jolasa". "Jolasa" atsegin edo atseden hartzeko edozein jardun, olgeta, dirurik jokatzen ez den joko edo kirol izan daiteke. Eta hortik esaldiok: "ez dira horiek haur-jolasak", "eskolako jolas-orduak", "ez dute atseden eta jolas-beharrik", edo "haur-jostailu bat bezala hartu haute jolas egiteko".
|
|
|