Gasherbrum´09 Euskal espedizioa
Arkaitz Lasa (Andoain, 1979), Unai Zendoia (Billabona, 1981) eta Oskar Porras (Usurbil, 1975) gipuzkoarrak Himalaiako Gasherbrum mendietan izan dira uda honetan. Bi tontor egiteko asmoz abiatu ziren Euskal Herritik ekainaren erdialdean. Lehenengo Gasherbrum II mendia igotzeko asmoa zuten eta ondoren, Gasherbrum I. Eguraldi aldakorrak, haize zakarrak eta mendiaren egoerak, ordea, saiakera bakarra egiteko aukera eskaini zien, eta Oskar Porras usurbildarrak egin zuen tontorra Gasherbrum Ien.
Gasherbrum´09 Euskal espedizioa
Transkripzioa
Ikusi
Elkarrizketaren transkripzioa
Zer aldatu da zuen ustez alpinismoan? Bilakaera bat egon da? Zer aldatu da?
Arkaitz Lasa: bizitza edo gizartea aldatu den bezalaxe, halako kontsumismo puntu bat ere hartu du. Joan, nolanahi igo, edozein baliabide erabilita...
Unai Zendoia: beti egon da alturako porteadoreak erabiltzeko joera, soka fijoak erabiltzea, baina orain gero eta gehiago ibiltzen dira, eta mendian gero eta soka gehiago jartzen dira, soka fijatu gehiago egiten dira. Porteadoreek bidea irekitzen dute, lehen atzean joaten zirenak. Hori Zabalzak orain... lehengoan irakurtzen nuen Desnivelen nola esaten zuen, orain dela ez horrenbeste urte Lothsera joaten zenak ez zuela soka bat ere ez, eta orain soka dutela tontorreraino iristeko urtero. Hasieran Everest eta Cho Oyu izaten zirela jende gehiena ibiltzen zena, pasatzen zena...baina orain zortzi milako guztietan zabaltzen dela, baina lehen zen Everest jende gehiena joaten zena, soka gehien jartzen zirena, xerpa gehien zebiltzana, baina orain hori dena denera zabaltzen ari dela.
Lehiakortasuna, norgehiagoka zera hori... ikusten ari dena lehenengo emakumezkoa zein izango den hamalau zortzi milakoak igotzen eta Edurne Pasaban sartu da zera horretan. Aukera bat da, baina...
Unai Zendoia: aukera bat da, baina azkenean horrelako karrerak oso arriskutsuak dira.
Arkaitz Lasa: presioa tartean dagoenean...
Unai Zendoia: mendi horietan presaka eta presioarekin erabaki txarrak besterik hartzerik ez dago.
Arkaitz Lasa: eta gozatu gutxi.
Unai Zendoia: korearra gainera han zegoen, G-Ien zegoen.
Arkaitz Lasa: aurrekoari lotuta, inpresioa da badirela batzuk pentsatzen dutenak dirua mahai gainean jarri eta nahiz eta ez egon mendian ibiltzera ohituta, edo progresio bat jarraitu edo dena delakoa. Mendira joateko mahai gainean dirua jarri eta uste dute xerpa batekin edo porteadore batekin, edo oxigenoa behar bada, igo daitezkeela.
Hala ere, espedizioko kide guztiak oso gustura bueltatu dira eta egindako lanarekin konforme, "gure ametsak errealitate bihurtu dira, zazpi mila metrotik gora ibili garelako eta une arriskutsuetan beheranzko bidea hartzen jakin dugulako, erabakirik onena hartzen jakin dugulako", adierazi digute Unai Zendoiak eta Arkaitz Lasak. Andoainen izan gara beraiekin, espedizioaz, alpinismoaz eta etorkizuneko erronkez jarduten.
Munduko tontorrik garaienetako hotzetik Euskal Herriko epelera etorri dira Arkaitz, Unai eta Oskar, "tontorra hirurok egin izan bagenu gusturago itzuliko ginen, baina Himalaiara berriro joateko gogoz etorri gara eta hori oso inportantea da". Mendizale gipuzkoarren lehenengo esperientzia izan da zortzi mila metroko mendi batean. Hamabi alpinistez osatutako talde batekin joan ziren, baimenak haiekin partekatuz. "Madril, Aragoi, Frantzia eta Alacanteko beste bederatzi mendizalerekin egin dugu bidaia, eta tamalez, Alacantekoa bertan geratu da. Tontorrerako saiakera egiterakoan gehiegi tematu zen, burugogorkeria handiz jokatu zuen eta mendian burua hotza eduki behar da", adierazi du Unai Zendoiak.
Espedizioaren prestakuntza lanak
Lan handia du eta luze irauten du tankera honetako espedizioen prestakuntzak. Hiru mendizale gipuzkoarrak orain urtebete hasi ziren guztia prestatzen. "Lehenengo urratsa dirua eta baimenak lortzea da". Mendizale bakoitzaren bidaiaren eta bi hilabeteko egonaldiaren aurrekontua bederatzi mila euro ingurukoa da eta diru-kopuru hori lortzeko, Arkaitzek, Unaik eta Oskarrek ate asko jo behar izan dituzte. "Enpresa pribatuetara jo genuen, baina aurtengo krisiak ez digu gehiegi lagundu. Era berean, kamisetak jarri genituen salgai eta diru apur bat atera genuen. Donostia 2016 Kultur Hiriburua egitasmoak ere eman digu babesa". Nork bere klubaren laguntza ere jaso zuen, eta enpresa askok dirutan ez baina materialetan eman zieten laguntza. "Askotan generoa eskatzen genuen. Pilak, materiala, kirol dendetan materialean deskontuak... eta horrela bideratu genuen guztia".
Prestakuntza fisikoa ere oso garrantzitsua izaten da horrelako espedizioetan. "Himalaiara joaten garen gehienok progresio bati jarraitzen diogu. Hasieran, Pirinioetan, gero Alpeetan eta azkenik, Andeetan prestatzen dugu geure burua. Himalaia izaten da ibilbide horren azken urratsa", adierazi du Arkaitz Lasak. Eta horren haritik, lan fisiko handia egin dute hiru mendizaleek Gasherbrumeko espedizioa prestatzen. "Izotzetan eskalatu dugu, neguan mendi dezente egin genituen, bizikletan, korrika... normalean egiten duguna baino dezente gehiago egin dugu aurten". Prestakuntza horrek guztiak, ordea, ez du bermatzen Himalaiako mendi garaietara ondo egokitzea eta tontorrerako saiakeran parte hartzea. "Altuerara oso ondo moldatu gara, eta gustura gaude. Mendian oso garrantzitsua alderdi psikologikoa, hemen prestakuntza handia egin, baina gero han denbora asko zain egon behar izaten da kanpamendu nagusian eta horrek sekulako desgastea eragiten du". Bi mendizaleentzat, erresistentzia eta errekuperatzeko gaitasuna dira garrantzitsuenak.
Komunikazioa Himalaiatik
Mendiaz, prestakuntzaz eta arriskuez gainera, horrelako espedizioek izaten dituzte landu beharreko beste arlo batzuk, eta horietako bat komunikazioa da. Oskar, Unai eta Arkaitzen apustua komunikazioaren aldekoa izan da. Baina, azkenean, ezin izan zuten gauza handirik egin. "Satelite bidezko telefonoa erabili nahi genuen komunikaziorako, baina azkenean ez genuen aukerarik izan. Ez eta web gunea hornitzeko ere. Hedabide baten eskaintza ere jaso genuen, eguneroko hartu-eman informatiboa egiteko, baina hori ere baztertu egin genuen".
Orain, berriz, Himalaian bizi izandako esperientzia Euskal Herrian hedatzeko asmoa dute. Horretarako, diaporama bat prestatuko dute, argazki, irudi eta soinuz jantzitako dokumentu grafikoa, "asmoa da zine areto eta kultur etxeetan gure espedizioaren berri ematea". Izan ere, Gasherbrum mendiak badu zerbait berezia euskal mendizaleentzat. Besteak beste, Felix Iñurrategi mendizale aretxabaletarra bertan zendu zen. "Gogoan izan genuen bertatik pasatzerakoan".
Espedizio eta tontor gutxiago
Aurten hamahiru espedizio izan dira Gasherbrumeko kanpamentu nagusian, eta normalean berrogei inguru izaten dira. Beraz, inoizko espedizio kopururik txikiena batu da aurten inguru hartan. Era berean, oso mendizale gutxik lortu dute tontorrera iristea. Esaterako, G-II mendiaren tontorrera bi mendizale bakarrik iritsi dira aurten. "Oso eguraldi aldakorra izan dugu eta tontorrera igotzeko saiakera gutxi izan ditugu bertan izan garen guztiok", gogorarazi digute Arkaitzek eta Unaik.
Datorren urtera begira ez dute espediziorik antolatuko, baina bi urte barru badute beste saiakera bat egiteko asmoa. "Oraindik ez dakigu zer egingo dugun, baina dakiguna da Himalaiara itzultzeko gogoz etorri garela Euskal Herrira".