2009ko Zinemaldian krisia, benetan eta zinez?
Zinemaldiak itzali du aurtengoz foku-argien distira, modeloen antzera alfonbra gorriaren gainean ibili den jende saldoari zuzendutakoa. Zine-aretoetako argi-jaurtigailuen eta bestelako argi-jaurtigailu digitalen lanparak ere itzali dira. Argi gutxiago izan da aurten, egun bat gutxiago iraun du zinemaldiak, atzera begirako gutxiago izan dira. Eta artistak limurtzeko lore-sortak ere txikiagoak, eta azken egunetako festa eta koktelik ez da izan. Dena den, beti bezain indartsu dirau Zinemaldiak. Benetako protagonistak ikusleak dira, eta mukuru bete dituzte aretoak, pelikulak pelikula. Glamour zaleek bibaka hartu dituzte Brad Pitt, Naomy Watts, Robert Duval, Lola Dueñas, Ricardo Darín, Pablo Pineda eta enparauak. Donostiak zinea hausnartu du, genero onekoa, begi-ninian eta bihotzean gutxienez 365 egunez, eta gehienez bizitza osoan, irauten duen horietakoa.
Zinemaldi honek denentzako du lekua. Ez da neurriz kanpo hazitako eta bulimiak jotako erakustaldi bat, ekitaldi eta zine-emanaldiek gaina hartutakoa. Beraz, ez du aukera krudelik egitera behartzen: edo irrikaz zain eduki gaituen filma ikusi jende mordoaz inguraturik edo proposamen interesgarri bat ikusi areto huts batean. Zinemaldiak sail asko ditu, eta umilenaren pelikularik umilenak ere aretoak bete-bete egingo dizkizu, guri 3 egunez gertatu zitzaigun bezala "Zuzendu mesedez!"-ekin: alde horretatik Tarantino/Pitt-en "Malditos bastardos" eta Campañella/Darín-en "El secreto de sus ojos"-en pare izan ginen.
Zinemaldiaren kritika egina dago, egina dagoenez, bai komunikabideetan, bai interneten ere. Beraz, ez naiz alferreko lanean hasiko. Nahiago dut komentatzea nire zinemaldia nolakoa izan den. Zerk eman didan atsegin gehien, nahiz eta sail ez hain glamourrez betetakoetan gertatu hori. Gao yu txinatarraren lana, "La ciudad de la vida y la muerte" borobila izan da, eta baita Juan José Campanellaren "El secreto de sus ojos" ere, edo Isaki Lacuestaren "Los condenados". Sail nagusiko onenak iruditu zaizkit, nahiz bigarrena gupidarik gabe atzendua izan den; eskerrak lehenari Urrezko Maskorra eman dioten. Sail nagusia beste urte batzuen antzerakoa iruditu zait, nahiz eta Lacuestari ohikoa duen indar hori ez diodan horrenbeste igarri, zuzendari moduan esan nahi dut. Egia esan, egin izan ditu dokumental indartsuagoak. Eta traje bati josturak ikusten zaizkion bezalaxe, halaxe gelditu zaio pelikula Campanellari, baina hala ere gustagarri egin zaio ikusleari.
Zabaltegik eskaini ditu, aurten ere, proposamenik onentsuenak
"Beste Festibaletako Perlak" sailak Michael Haneke austriarraren "La cinta blanca" maisu-lana eskaini zigun. Zuri-beltzean egina, oso ondo bereizten da zer den zuri eta zer beltz. Hor badago mezuaren parte bat. Formari lotutako ezaugarri hau pelikularen gaiaren zerbitzura dago. Pelikulak aztertu egiten ditu puritanismoz betetako gizarte batek zein errepresio-baliabideak darabiltzan. Izu laborria igoko zaizu bizkar-hezurretik gora, baina formalki ederra da, hotza eta garbia, bisturi zorrotzak barrenean dituen ebakuntza gela bat bezalakoxea. Zinemaldiko gainerako filmek maila apalagoa dute honen aldean. Adibidez, nahiz eta onak iruditu zitzaizkidan, Koreatik etorritakoek. Bong Joon-hok "Mother" ekarri digu; nola maite duen amak semea! Umorea, tragedia, barne-begiratua, suspentsea, osagai guztiak daude maitasun-istorio baten menera jarriak. Osagaiak oso bestelakoak dira euren artean, baina neurri-neurrian emanak, eta pasioz ezarriak.
Rachir Bouchared, Olivier Hirschbiegel eta Philippe Van Leeuuw dira hurrenez hurren "London River", "Five Minutes of Heaven" eta "Le jour oú Dieu est parti en voyage" filmen zuzendariak, eta plazaratzen duten gaia, erronkaz betetakoa, hauxe da: biktimen arteko barkamena. Zenbat herri dagoen ondokoarekin, itxura batean behintzat, adiskidetu ezinda, terrorismoa eta genozidioa medio! Adiskidetzea eta barkamena beste biderik ez da bakea berreskuratzeko. Adiskidetzea eta barkamena, zein urrats zailak emateko, eta zein ezinbestekoak! Gizarteak badu gai horretan zeresanik, eta etikak ere bai. Izan ere gizakiari eragiten baitio gaiak, edonongoa delarik ere gizakia.
Euskal zinemari duintasuna ematen dio Zinemaldiko Zinemira sailak, eta berriki aipatu dugun gai hau ez dute bazter utzi Euskal Herriko zine-zuzendariek. Pelikula sentikorrak ekarri dizkigute, ezagun du badakitela zertaz ari diren hizketan. Gorka Gamarrak "Urumage" ekarri digu, hots, Rwandako genozidioa, GAL taldearen hilketak Javi Martinezen "Itsasoaren alaba" filmak, eta ETAren hilketa batek urteetan iraunarazten duen trauma Javi Elortegiren "Zorion Perfektua" lanak. Eta Migel Angel Jiménez esaten ari zaigu, "Ori" filmaren bidez, gatazkak arma bitartez konpondu nahi izateak ezinbestean dakartzala belaunaldi oso baten, edo gehiagoren, tristura eta atsekabea. Oso pelikula interesgarriak dira, eta aurtengo Zinemiraren goi-mailari eusten lagundu diotenak.
Sentikorra da baita ere Bilboko 70. hamarkadako langile-jendea protagonistatzat duen Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren "La máquina de pintar nubes" ere, edo Juanmi Gutierrezen "Zuzendu, mesedez!". Juanjo Franko zinegile, koreografo eta pintorearen aldarrikapena egiten du film honek. Eusko Ikaskuntzan asko maite dute Juanjo Franco zena. Umila zen gizona, imajinazio handikoa oso, eta estetika eta etikaren aldetik jator jokatutakoa.
Zinemaldiak aurten eman duen beste ezusteko bat, Uruguayko zinea
Gu lau ale zirelakoan, adibidez, Juan Pablo Rebella eta Pablo Stoll-en "Whisky", baina ez, lau ale ez ezik sorta ederra izan dugu Donostian: Adrián Biniez-en "Gigante", Daniel Hendler-en "Norberto, apenas tarde" edo Federico Vieroj-en "La vida útil". Aurtengo Horizontes Latinos saria lehendabizikoak eraman du, eta beste biek, Zinema Eraikitzen sailaren saria. Sail honetan bertan iaz Rigoberto Perezcanoren "Norteado" ikusi genuen, eta aurten estreinatu da, eta halatsu estreinatuko dira datorren urtean bi Uruguaykoak ere. Kontuak kontu, esan dezakegu argentinarraz eta mexikarraz aparte, Uruguayko zinegintzak ere bere garrantzia duela Hego Amerikan.
1800 film baino gehiagoren artean aukera fina egin dute arduradunek. Ondorioa, 50 filma baino gehiago, 350 emanaldi baino gehiago. Aretoak jendez mukuru. Datorren urtean dirua nola eta nora banatu ondo hausnartu behar da. Zain gaude. Eta pozik, denak gaude pozik.
Krisia? Non da baina?