Fernando Goñi: "Euskara bizimodu bat da, are gehiago Nafarroan"
Ama euskalduna eta euskaltzalea izanik, Fernando Goñik beti izan du oso gertuko eta oso gogoko euskara. "Amari asko gustatzen zitzaion euskaraz mintzatzea, eta Zubirin euskaraz egin nituen aurre-eskolako ikasketak". Urteek aurrera egin ahalean, euskara ikasten jarraitzeko aukera galdu zuen. "Dena dela, euskaraz bizitzea eta euskaraz jardutea izan da nire betiko apustua".
Gaur egun, bi seme ditu, Amets eta Kepa, eta haiekin euskaraz aritzen da. Pilota arloaz gainera, enpresari lanetan ere badihardu, orain urte batzuk irekitako hotelean, Eugiko urtegi ondoan. "Nire hotelean bezero euskaldun asko izaten ditut, eta haiekin euskaraz hitz egiteko aukera izatea oso garrantzitsua da niretzat". Iruñeko Arrosadia auzoan egin dugu hitzordua pilotari profesional nafarrarekin eta bi semetxoekin etorri da.
Zein da zure familia-hizkuntza?
Gure ama euskaraz mintzatzen zen eta ni ere lau urtera arte euskaraz aritzen nintzen, baina ordutik orain gutxira arte ez dut euskaraz hitz egiteko aukerarik izan, hizkuntza galdu egin nuen eta.
Noiz erabaki zenuen euskara berriro ikastea?
Iruñera etorri nintzenean, hemezortzi urterekin, hasi nintzen berriro euskara ikasten, baina adin zaila zen eta ez nuen ikasketa prozesua biribildu. Pilotari profesional egin nintzenean, 25 urte nituela, gogo handiz hartu nuen eta pare bat urtez IKAko Arturo Campion euskaltegian ikasi nuen. Euskara ikasteari gogor eutsi nion eta orain euskaraz mintzatzeko gai naiz. Beldurra kendu nion euskarari eta sekulako aurrerapausoa eman nuen.
Semeekin euskaraz egiten duzu orain.
Bai, normalean etxean beti egiten dugu euskaraz. Bi irakasle izango ditut aurrerantzean etxean, Amets eta Kepa, eta emaztearekin ere euskaraz egiten dut. Pilota arloan, berriz, normalena da gaztelaniaz egitea, ohitura handiagoa dagoelako aldageletan gaztelaniaz egiteko; izan ere, guztion artean beti dago norbait euskaraz ez dakiena.
Hizkuntzaren ikasketa-prozesuan zer izan da zuretzat zailena?
Hizkuntzari dagokionez, zailena da lotsa alde batera uztea eta beldurra kentzea. Pausurik zailena eta inportanteena hori izan da. Errazena, ordea, euskaltegira joatea izan zen eta ordu pare batean mintzapraktika egitea.
Nolako hizkuntza iruditzen zaizu euskara?
Euskara hizkuntza zaila da hasieran. Baina, gustura hartuz gero, ikasketa askoz samurragoa egiten da. Gainera, nire kasuan ama euskalduna dut eta nire munduan euskara presente egon da. Nafarroan euskara mantentzea oso inportantea dela iruditzen zait eta baikorra naiz. Zubirin, esaterako, herriko gazteek euskaraz hitz egiten dute gaur egun.
Zer esango zenioke euskara ikasi nahi duenari?
Esango nioke emateko pausua eta ikasi dezala. Gainera, oso ondo pasatzeko aukera izango duela euskaltegian. Nik oso oroitzapen ona dut. Hitz egiterakoan hanka sartuz gero ere, astakeria galantak esanda ere, ez dadila lotsatu.
Zer da zuretzat euskara?
Euskarak gauza asko eman dizkit. Euskara bizimodu bat da, are gehiago Nafarroan. Iruñean euskaraz egitea ez da hain erraza, baina beste edozein tokitan agertzen da euskara.
Hotela eta jatetxea dituzu Eugin.
Bai, kirol-ibilbidea ez da oso luzea izaten, eta beste zerbait egin behar nuela erabaki nuen. Orain hamar urte hasi nintzen hotela kudeatzen, eta badakit Eugin, Zubiri ondoan dudan hotelean, dagoela nire etorkizuna.