Agora
Egundaino espainieraz egindako pelikularik garestiena zuzendu du Amenabarrek. Horrela, zuzendari honek ikuskizun erraldoi bati ekin dio estreinakoz: ehunka eta ehunka aktore, dekoratu alimalekoak... Garai batean ospe handia izan zuten pelikuletarako dekoratzaile eta jantzi-arduradun britainiarrek, eta alor horietan ere horien pare dabil Agora. Nazioartean izen handia duten aktoreek hartu dute parte filmean.
"Mar adentro" eta "Los otros" filmei esker Amenabarren ezaugarrietako bat den barne-hausnarketa hori garatzea zail egiten du Agoraren ezaugarri batek, hain zuzen ere, den pelikula izateagatik diru-etekina atera beharrak, alegia. Beraz, esan daiteke apustu gogorra egin duela zinegile txiletarrak.
Filmean hiru gai edo narrazio-hari daude. Alde batetik, garai hartan nagusi zen erlijio giroa. Erromatarren menpeko Alexandriako erlijio eta kultura adiskidetasuna (IV. mendea), ikurtzat liburutegi famatua duen kultura maila gorena zapuztuko du kristautasunak, Konstantinok Inperioaren erlijio ofizial izendatu berriak, alegia.. Fanatismoak, kristau ez muturreko, judu eta erromatarren arteko elkarbizitza hautsiko du. Cirilo apezpikuaren, Alexandriako patriarkaren sasoia izan zen. Kristauak hitsak dira, zikinak, ahoberoak, fanatismoak itsututako jendea, boterea besterik nahi ez duen agintarien esanetara dagoena. Eta botere hori lortzeko zernahi da baleko, biolentziarik krudelena barne. Sasoi hartako argazkia edo egin nahi izan du Amenabarrek, eta ez die ñabardurei tarterik utzi, estereotipoak edo erakusten dizkigu, baina tira, alderdi honi dagokionez, balekotzat joko dugu.
Beste narrazio-hariak Hipatia du protagonista, liburutegiko astronomia irakaslea. Emakume jakintsua, begien bistan ikusi nahi ez dutenen haserrea jasatera behartua. Ez diote barkatzen, batetik, zientziak fedearen ziurtasuna zalantzan jartzea, eta bestetik, emakume batek, beraientzat bigarren mailako pertsona batek, gizonek gobernatutako lurrean iritzia ematea. Historiak ezer gutxi daki Hipatiaz, ez baita beraren idatzirik aurkitu oraingoz. Beraz, Amenabarrek eta Mateo Gil gidoilariak pertsona aurrerakoitzat onartzen dute, modernitatez betea, eta zientzialari gisara zintzoa. Beste muturrean dago garai hartako gizarte hits eta iluna. Nire ustez, alderdi hau subjektiboegia da, pertsonaiak lar liluratu ditu Amenabar eta Gil, eta garai hartan ez zegoen modernitatez jantzi dute, eta santu laikoa ematen du botereak agintean nahi dituen hainbeste kristau santujaleren ondoan.
Hirugarren narrazioa Hipatiaren maitasun-aferek osatzen dute. Hauxe du filmaren alderik ahulena. Hipatia zientziari eta zeru izartsuei emana bizi da buru-belarri, eta horrek ez dio gizonik maitatzen uzten, ez bere esklabo kristautua (Davo), ez gizarte liskartsuak gaina hartutako patrizioa (Orestes). Maitatu nahi eta ezina gailentzen da, zirrararik eza. Gertaerak zamatsuegiak dira, dekoratuak nabarmenegiak, eta jende xeheak xinaurri multzoa dirudi zapaldutako inurritegian oihuka... Horrek guztiak ez dio zirrikiturik uzten maitasunari, eta zukurik gabeko maitasuna dugu ordainetan.
Beraz, hona hiru gai edo argumentu ondo josi gabeak, desorekatuak, nahiz eta pelikulak baduen ezaugarri on bat baino gehiago teknikaren aldetik. Azken batean, zapore gazi-gozoa uzten duen filma, bere onean herren egiten duena. Egia esan, barne-hausnarketaren zale den Amenabar horrek eman dizkigu bere pelikularik onenak, eta espero dezagun hurrengoak ere bide beretik jotzea, eta lerrootan hizpide izan duguna salbuespena izatea.