HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Olatz Simon: "Aurrerapauso txiki batzuk eginda ere sentitzen duzuna paregabea da"
Olatz Simon EITBko berriemailea da Txinan, eta aurretik Bruselan izan zen bi urtez korrespontsal lanetan. Bruselan zein Asian asko bidaiatzea egokitu zaio, beti ere gaurkotasunaren itzalean: Indian, Korean, Japonian eta Indonesian izan da azken hilabeteotan. Egun, Txinera ikasten ari da. Euskara, frantsesa, alemana eta ingelesa ere ondo menperatzen ditu, baina txikitan bere etxean gaztelania zen hizkuntza nagusia.

Zein da zure familia-hizkuntza?
Gure etxean gaztelaniaz hitz egiten zen, gurasoek ez baitzekiten euskaraz. Nire familia-hizkuntza, beraz, gaztelania izan da.

Noiz erabaki zenuen euskara ikastea?
Nirea baino nire gurasoena izan zen erabakia eta ikastolara bidali ninduten bi urte nituenean.

Euskaltegian ikasitakoa al zara?
Ez, zorionez edo zoritxarrez ez naiz euskaltegian ibilitakoa. Bilboko Urrentxindorra Ikastolan ikasi nuen euskaraz eta ikasketak ere euskaraz egin ditut. Hori bai, unibertsitatera iristerakoan euskara berriro ikasi beharra nuela sentitu nuen.

Euskara ikasten aritu zarenean, zer izan da zuretzat zailena eta zer errazena?
Haurtzaroan eta ikastolako azken urteetan eskola orduak bukatuta gaztelania erabiltzen nuen beti. Lagunekin, etxean, beti gaztelaniaz. Unibertsitate garaian, berriz, lagun euskaldunak egin nituen eta euskaraz hitz egiten hasi nintzen klasetik kanpo ere. Orduan ikusi nuen akats ugari egiten nituela, ez ikastolako hezkuntza txarra izan zelako, ezta gutxiago ere, baizik eta euskara benetan erabiltzen ez nuelako unibertsitatera iritsi arte. Zailena da akats larriak egiteko beldurra galtzea. Bestalde, benetan hiztuna naiz eta harriekin ere hitz egingo nuke, beraz lotsarik ere ez dut eta horrek asko laguntzen du hizkuntza bat ikasten duzunean, edo-eta nire kasuan bezala, praktika falta duzunean. Samurrena, dakizun gutxia erabiltzen duzunean, solaskideak eskaini ohi dizun laguntza da. Ez dut inoiz ikusi euskara ikasten duen norbaiti inork aurpegi arraroa jarri edo eta gehiegikeriarekin erantzun dionik. Beste herrialdeetako hizkuntzak ikasterakoan, ordea, bai, horrelakoak ikusi eta bizi izan ditut.

Beste hizkuntzarik ba al dakizu?
Ingelesa, frantsesa eta alemana dakizkit. Azken hori nahiko herdoilduta dudan arren. Nire erronka orain, euskara hobetzearekin batera, txinera da eta horretan dihardut.

Nolako hizkuntza iruditzen zaizu euskara?
Oso polita. Han eta hemen euskara entzuten dutenean, oso hizkuntza polita dela esaten didate batzuek eta besteek. Zaila da zerotik hasten zarenean, edota euskaldunekin harremanik ez duzunean. Gramatika eta sintaxia oso korapilatsua izan daiteke, eta hori da niretzat zailena.

Zer esango zenieke euskara ikasi nahi dutenei?
Serio hartzeko, oso erraza baita ikasketa-proiektua bertan behera uztea. Bestalde, edozein hizkuntzarekin gertatzen den bezala, aurrerapauso txiki batzuk eginda ere sentitzen duzuna paregabea dela, eta esfortzuak merezi duela.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab02/192.168.149.52