HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Animaliak oparitzea, moda berria
Animalia bat oparitu nahi al duzu Gabonetan? Jende askok tentazio hori izango du ziurrenez. Urteak bete dituen lagunari, ezkonberri den bikoteari edota gurasoen etxetik irten eta norberaren etxera bizitzera joan den lagunari txakurra, katua ala kanarioa oparitzea, modan jarri da. Aitzakiak ez du inporta. Originala izatea omen da helburua. Eta Gabonetan ere askok izango dute asmo hori. Animalien babesaren alde lan egiten duten elkarteek, berriz, ez dute begi onez ikusten animaliak opari gisa erabiltzea.

"Animalia bat ez da oparitu behar jabeak gero sofaren gainean besterik gabe utz dezan", dio Koldobika Goioaga SOS Bilbao animalien babeserako elkarteko lehendakariak. Etxe-abere batek arreta, maitasuna eta zaintza eskatzen ditu, "konpromiso handia". Gainera, animaliaren tamainaren arabera, ardura gehiago ala gutxiago izaten da. Tamaina erdiko txakur bat, adibidez, egunean hiru edo lau alditan atera behar da kalera. Katuak, aldiz, burujabeagoak dira, eta "gu bilakatzen gara horien morroi". Aktibitate maila ere aldatu egiten da txakur batetik bestera. Batzuek gehiago eta beste batzuek gutxiago behar izaten dute.

Jabeak animalia behar den moduan zainduko duela bermatu behar da. "Ezustekoa ez da oparia egingo duenarentzat izango, animalia jasoko duenarentzat baizik. Horregatik, arduren kontzientzia izan behar du jabeak, eta horiek modu egokian beteko dituela ziurtatu behar dugu guk", dio SOS Bilbao elkarteko kideak. Hala ez bada, hobe da beste opari bat egitea.

Ongizatea eta zaintza bermatzea, helburu

SOS Bilbao elkartean 160 katu eta 70 txakur inguru daude uneotan, etxe edo familia baten zain. Kaletik jasota edo jendeak ekarrita bildu dituzte guztiak. "Une kaskar batean gaude", azaldu du Goioagak. "Normalean, 100 katu izaten ditugu". SOS Bilbao elkartekoek oparia jasoko duenarekin harremanetan jartzen dira zuzenean, ez dute animalia oparitzen duten pertsonekin lan egiten. "Norbaitek abere bat oparitu nahi duenean, nori erregalatu behar dion galdetu eta hari telefonoz deitzen diogu lehenik eta behin. Ondoren, hitzordua egin eta fisikoki elkar ezagutzen dugu". Jabearen ezaugarriak eta bizimodua aztertzea da elkartearen helburua, ondoen egokitzen zaizkion hainbat animalia aukeratzeko eta horien artean gero berak nahi duena eraman dezan. Jabearen eta animaliaren arteko bat etortzea bilatzen da, modu horretan, animaliaren ongizatea eta zaintza bermatzen baita.

'Nahi dudan hori' ez da norberaren bizimodura ondoen egokitzen dena, askotan. "Jendea ez da hainbat kontuez ohartzen", dio Goioagak. Bere ustez, jendeari hitz egiten uztea da onena. Animalia bat zergatik adoptatu nahi duten azaltzea. "Psikologo lanak egiten ditugu (kar,kar,kar). Jabeari lauzpabost galdera egin eta haren erantzunen arabera, ondo pentsatu duen ala ez antzematen dugu berehala". Eta zoritxarrez, gehienek ez dituzte animalia batek behar dituen arretak kontuan hatzen.


Ondo pentsatu, erosi ala adopzioan hartu

Animalia oparitu baino lehen, gutxienez, horien babesaren alde lan egiten duen elkarte baten web gunea bistaratzea gomendatzen du SOS Bilbaoko kideak. "Beharbada, txakur jakin bat izan dezakezu buruan, arrazazko txakurra esaterako, eta txakurtegian ez aurkitu. Baina aurpegi eta begirada maitagarria duen beste txakur bat ikusi eta iritziz aldatzea dago". Goioagaren ustetan, animaliaren abizenak ez du zertan erabakia baldintzatu. Are gehiago, txakurtegiko animaliak "esklusiboak" direla aipatzen du, eta arrazazko animaliak, berriz, milaka daudela munduan.

Jendeak ez du animalia bat adoptatzeko joera. Familia berrira ondoen egokituko den animalia, txikitatik inguru horretan hazten dena ei da askoren ustea. Baina usteak ustel. Gehienak kaletik ala beste familia batetik etorritakoak dira eta txakurtegitik irteteko irrikatan egoten dira. Beraz, maitasuna besterik ez dute emateko. Adoptatzeak ere abantaila ekonomikoa du, askoz ere merkeagoa baita. Bilboko elkartean txakurrek 60 euro balio dute, eta katuek, berriz, 40-50 euro inguru. Bizkarroiak kenduta eta txerto guztiak emanda dituzte. Eta horrez gain, "ahal den neurrian" betiere, esterilizatuak ematen dira.


Eta opor garaian zer egin?

"Bada, animalia gurekin eraman", azaltzen du Goioagak. Ahal den neurrian, animalia oporretara eramaten saiatu behar da. "Hori litzateke egokiena". Baina ezin bada, bizilagunari edota senitartekoari hura zaintzeko eskatzea eta animalientzako egokituta dauden hoteletan zein egoitzatan uztea dira beste aukerak. Dena den, gaur egun ez dago animalia oporretan eramateko arazo handirik. Goioaga, esaterako, Picos de Europara joaten da sarritan, eta txakurra beti berarekin eramaten duela azaldu digu. "Katuak, berriz, ezin izaten ditugu gurekin eraman".

Gainera, Euskal Herrian zein Espainian, apartamendu eta hotel gehienak animaliak hartzeko egokituta daude. Hegazkinek, trenek eta autobusek ere, animaliak eramateko aukera eskaintzen dute. "Alemaniara txakurrarekin joanda gaude gu", dio Goiagak. Alabaina, nazioartera eramateko, konpainiari denboraz jakinarazi behar zaio; izan ere, tamainaren arabera, toki batean ala bestean bidaiatuko baitu animaliak. "Sei kilokoa bada, normalean, kabinan joaten da, eta handiagoa bada, zama-aldean". Animalia erregulatuta izatea da baldintza bakarra, "pertsonok nortasun agiria eguneratuta izan behar dugun moduan".


Txakurtegira bueltan

Zaintzeko denborarik ez dutelako ala hura etxean izaten aspertu direlako, SOS Bilbao elkartera animalia asko ekartzen dituzte urtean zehar. Horietako asko Gabonetan oparitutakoak izaten dira. "Otsailean ekartzen dituzte lehenengoak. Bi edo hiru hilabeteren ondotik, jendeak animalia bat etxean izateak suposatzen duen konpromisoaz ohartu eta txakurtegira eramatea erabakitzen du", SOS Bilbaoko lehendakariaren esanetan. "Opor garaia arte jasaten dute gehienek, baina uda pasa ostean, kopurua izugarri hazten da". Gabonetan animalia asko oparituko dira, originaltasunaren izenean. "Ondo pentsatutako opariak beharko dute izan", ohartarazten du Goiagak. Gauzak hala, hainbat elkarteren ustetan, animalien babesa bermatzeko lege zorrotzagoak ezarri beharko lituzke administrazioak.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60