Amaia Vazquez: "Euskal Herrian Gabonak eta familia gehiegi idealizatzen ditugu"
Zein familiatan ez dago gatazkarik? Harreman guztiek eragiten dituzte gatazkak eta askotan Gabonetan areagotu egiten dira arazo horiek. Izan ere, Gabonak familia giroan ospatzen diren jaiak dira. Erlijio katolikoaren eraginez, jai horiek era tradizionalean igarotzen dituzte euskaldun gehienek, izan ere, Euskal Herriko gizartea oso tradizionala da arlo horretan. Gaur egun, ordea, familia eredu ezberdinak aukeratu dituzten pertsona ugari daude, Gabonetan bidaiatzea erabakitzen dutenak, etxetik alde egiten dutenak. Egun horietan familia arazoak azaleratu egiten dira, hildakoen falta sumatzen dugu eta banandutako familiek arazoak izaten dituzte elkartzeko.
Euskal Herrian Gabonak eta familia gehiegi idealizatzen ditugu
Honen guztiaren gainean berba egiteko, Amaia Vazquez psikologoarengana jo dugu. Amaia aditua da familia gatazketan eta zenbait gomendio eman dizkigu egun horiek era naturalean bizitzeko. "Familiok sarriagotan hitz egin beharko genuke arazoez. Era berean, Euskal Herrian Gabonak eta familia ez genituzke horrenbeste idealizatu behar".
Familian igarotzeko jaiak dira Gabonak tradizioari erreparatuz gero. Horrek, baina, arazoak sortzen ditu familia askotan.
Gaur egun Gabonak ez ditugu horrenbeste lotzen erlijioarekin. Gabonak familian igarotzeko festak direla uste dut eta horrexegatik jende askok oso gaizki pasatzen du egunotan. Nik psikoterapian askotan ikusten dudanez, asko dira Gabonetan alde egin nahi dutenak, ihesi joaten direnak. Horrek eramaten gaitu gatazkez hitz egitera. Berez, familiak definizioz dakar konfliktoa. Gatazkarik ez badago, familia hilda dagoela esan dezakegu. Eta Gabonetan agerian geratzen da gatazka horiei aurre egiteko ezintasuna. Harreman guztiek sortzen dituzte arazoak, seme-alaba eta gurasoen artekoak, seme-alaben artekoak... Gabonetan sentimenduak eta emozioak korapilatu egiten dira eta askotan ez dakigu emozio horiek euren lekuan jartzen.
Nola saihestu gatazka horiek?
Familia-egunak antolatu beharko genituzke urtean zehar; esperientziak konpartitzeko, bizipenak trukatzeko, anai-arreben artean mintzatzeko, bakoitzaren emozioak mahaiaren gainean jartzeko. Ondo egongo litzateke egun batzuk familia eta senideei eskaintzea. Eta horrela, Gabonetan ematen diren gatazka asko saihestu egingo genituzke.
Gabonetan falta direnak gogoan izaten ditugu. Horrek ere tristura eta arazo asko eragiten al ditu?
Askotan oso gaizki kudeatzen dugu tristura. Egia da, heriotza oso gaizki hartzen dugula, eta ez daudenen falta sumatzen dugula modu ezegokian. Ez daudenak tristuraz gogoratzen ditugu eta alaitasunez gogoratu beharko genituzke. Bizipen hori beste era batean bizi beharko genuke. Joandakoak utzitakoarekin zer eraiki behar dugu? Gabonetan arlo positiboak hartu beharko genituzke kontuan. Nik garrantzia ematen diot urte bukaerari, ziklo baten amaierari. Lagunekin eta familiarekin ziklo berri bat eraikitzen hasteko egunak dira. Zorionez, gero eta gehiago lagun taldeek hartu dute protagonismoa. Urte amaiera lagunen artean igarotzen dugu gero eta maizago.

Gaur egun badira familia eredu ezberdinak, ezta?
Oraindik ere, nahiz eta familia eredu ezberdinak egon; ama bakarra, aita bakarra, bikote homosexualak... Guraso garenok, edozein motako familia sortu dugunok, oso itsatsita jarraitzen dugu jatorrizko familiari, gure familiako kide izatearen sentimendua oso lotuta dago eredu tradizionalari. Euskal Herrian familia oso zutabe garrantzitsua da. Psikologook familiari garrantzi handia ematen diogu, edozein familia ereduri, haurrek figura tinkoak behar dituzte afektiboki era osasuntsuan hazteko eta gizarteratzeko. Haurrek partaide izatearen sentimendua garatzeko derrigorrezkoa dute familia. Hala ere, uste dut Euskal Herrian familiari eman zaion garrantzia eta boterea gehiegizkoa izan dela.
Eta banandutako familiek nola bizi dituzte Gabonak?
Banandutako familietan lehenengo urtea izaten da txarrena. Gabonak iristean drama bat gertatzen da familia horietan, eta seme-alabentzat oso gogorra izaten da. Aitaren familiarekin toki batean, amaren familiarekin beste toki batean.
Banandu ondorengo lehenengo urteko Gabonak oso traumatikoak izaten dira. Ama bakarreko edo aita bakarreko familietan edo eta beste eredu batzuetan ez da arazo berezirik izaten. Askatasunez aukeratutako bizitza denean, ez da inolako arazorik izaten.
Euskal Herriko eredu tradizionalak, beraz, kalteak eragiten al ditu etxe askotan?
Bai, etxe askotan eragiten ditu kalteak. Euskal Herrian sentimenduak eta emozioak mahaigaineratzea debekatuta izan dugu. Arriskutsua izan da horietaz berba egitea, konfliktoak ezkutatu egiten dira, eta horrek arazoak eragiten ditu. Askotan ez dugu horrexegatik elkartu nahi. Gure nagusiek diote hobe dela bakea, eta askotan bake horrek ezkutatzen ditu anai-arreben arteko gatazkak, ezkutatu egin dira bakoitzaren izaeraren zenbait ezaugarri familiarekin bat ez datozenak... eta horren ondorioz, pertsona askok ez dituzte Gabonak igaro nahi familiarekin eta beste festa mota baten alde egiten dute.
Horren haritik, gaur egun askok Gabonetan etxetik alde egitea erabakitzen dute. Hondartzara, mendira...
Nolabaiteko ihes egite bat dago. Bakearen beharrak gauza asko ezkutatzen ditu. Konfliktoei aurre egin behar zaie, hitz egin behar da, naturaltasunez jokatu behar da. Bake hori faltsua da, ez da benetakoa eta horrek arazo gehiago eragiten ditu.
Zer gomendatuko zenieke horrelako egoera baten daudenei?
Guk gatazka-mailak bereizten ditugu. Askotan, gatazkak gaindiezinak badira, zertarako ahalegindu konpontzen? Bakoitzak festa horiek ospa ditzala nahi duen moduan eta nahi duen pertsonekin, edo bakarrik.
Tamalez, ordea, Gabonak oso idealizatuta ditugu, ezta? Eta horrek eragin dezake pertsonen erabakietan.
Aukera pertsonala izan beharko luke eta inportantea da epaitua ez sentitzea. Inork ez dezala inor epaitu Gabonak modu batean edo bestean bizi dituelako. Euskal Herrian Gabonak idealizatu egiten ditugu, jendeak idealizatu egiten ditu eta horrek ere kalte egiten digu.
Psikologoek lan gehiago izaten al duzue Gabonetan?
Egia esan, ez. Nire kontsultan ez dut lan gehiago edukitzen. Nik udako oporren ondoren izaten dut lan handia. Depresioak, bikote arazoak, seme-alabekin arazoak... baina horrelakorik ez da gertatzen Gabonetan.
Zuri, Amaia, gustatzen al zaizkizu Gabonak?
Niri izugarri gustatzen zaizkit Gabonak eta nik disfrutatu egiten dut garai horretan. Eten bat egiten dugu lanean eta opor txikiak hartzen ditugu. Euskal kulturarekin, Olentzerorekin... oso ondo pasatzen dut. Askok ez didate sinesten, baina egia da, niri asko gustatzen zaizkit. Eta nire etxean konfliktoak ere badira, baina hitz egiten dugu eta ez bakarrik Gabonetan.