Elena Odriozola: "Edertasunaz inguratzea beharrezkoa da niretzat"
"Txoria marraztu nahi baduzu, txori bilakatu behar duzu", esan zuen Katsushika Hokusaik. Elena Odriozolak (Donostia, 1967) Txoritxoak izeneko lanean ilustrazioak hiru dimentsiotara ekarri eta Koldo Mitxelenan erakutsi ditu aurten, eta hitzaurrean Katsushika Hokusai pintore japoniarra gogora ekarri du egitasmo honen arduradun izan zen Alejandro Fernández Aldasorok. Leuntasun handiko ilustratzailea da Elena, eta bere marrazkietan lirismoa nabarmena da. "Alejandrok inork baino hobeto ezagutzen nau eta Txoritxoak lanaren hitzaurrearekin oso identifikatuta sentitzen naiz". Ilustrazio samur eta soiletan aurkitzen du edertasuna Elenak, eta bizitzeko ere edertasunaz inguratzea behar duela eman digu aditzera.

Donostian egin dugu hitzordua, Kursaalen. Inguru zoragarria da ezbairik gabe, edertasun handikoa. Beharbada, horretxegatik Kursaaletik oso gertu bizi da Elena, inspiratzeko edertasuna behar duelako.
Donostian bizi zara eta Oronoz-Mugairin egiten dituzu bolada luzeak. Inguru zoragarriak dira biak ere.
Donostian oso gustura bizi naiz, gustuko dut. Eta bizitzeko zein lan egiteko hiri dotorea da, baina Oronoz-Mugairin inspirazio handiagoa aurkitzen dut. Gure ama hangoa da, eta askotan joaten naiz marraztera. Oporrak, esaterako, hantxe igarotzen ditut.
Non aurkitzen duzu inspirazioa?
Egunerokotasunetik asko edaten dut. Ideia asko hartu eta gero garatu egiten ditut. Bizitzak, eguneroko lanak, kaleak, edozein gertakarik... inspirazioa edozein lekutan aurki daiteke.
Beste ilustratzaile batzuen lanean ere aurkituko duzu inspirazioa, noski. Zein dira zuretzat erreferentziazko ilustratzaileak?
Hasi nintzenean ilustratzaile jakin baten eragin handia izan nuen. Asko gustatzen zitzaidan Austriako emakume bat: Lisbeth Zwerger; eta haren lanak eragin nabarmena izan zuen nire obran. Egia esan, orain ez zait horrenbeste gustatzen, izan ere, nik ere etengabeko bilakaera izan dut.
Arthur Rackham (Britania Handia, 1867-1939) ere asko gustatzen zait eta badaude beste asko. Violeta Lópiz gaztea ere izugarri gustatzen zait, oso ona da. Isidro Ferrer, Pablo Amargo... asko daude.
Oso klasikoak diren autoreak gustatzen zaizkit. Eragina, hala ere, ez dut bakarrik autoreetan aurkitzen. Arestian aipatu dizudan moduan, munduan, betikotasunean influentzia ugari aurkitzen dut, kalean, jende artean, zinean, toki guztietan aurki dezakezu.
Zein dira ilustratzaileen bereizgarri nagusiak?
Testuak interpretatzen ditugu, beste batzuk idatzitako testuei marrazkiak jartzen dizkiegu. Testuen interpretaziorako ahalmena dugu, sentsibilitatea... baina ez dakit esaten zein diren gure ezaugarriak. Eta gutxiago nireak.
Publizitate arlotik iritsi zinen ilustraziora. Nolakoa izan zen trantsizioa?
Publizitate agentzia batean egiten nuen lan, eta han ere marraztu egiten nuen, eta testuak maketatu. Izan ere, nik beti marraztu egin izan dut. Agentzia hartan zortzi urte egin ondoren, beste komunikazio-enpresa txiki batera joateko proposamena egin zidaten. Segurtasun handia eskaini zidaten baina ni iritsi bezain pronto, enpresa itxi egin behar izan zuten. Ez nintzen gehiegi arduratu, izan ere, aldatzeko beharra nuen, eta nolabait poztu egin nintzen.
Zer pasatu zitzaizun burutik?
Nik inoiz ez nuke utziko ezer, ez naiz iniziatibadun pertsona, baina badakit gauzak iristen direla eta lasai nengoen, banekielako etorriko zela nik benetan desiratzen nuena. Ordurako argitaratuta banituen bi liburu eta testu liburu bat. Etxean ama asko arduratu zen, izan ere, orduantxe alokatu bainuen etxebizitza bat. Egia esan, bizitzako arlo gehienetan ez dut segurtasun handirik izaten, baina lanean badut segurtasuna.
Lasaitasun hori lanak ematen dizu, ezta? Hazia ondo landuta zeneukan.
Ez pentsa. Garai hartako ilustrazioak ez zaizkit batere gustatzen, baina jendeari gustatzen zitzaizkion eta oso ondo funtzionatu zuten. Egia esan, etengabeko bilakaera bilatzen dut eta orain dela hiruzpalau urteko marrazkiak ere ez zaizkit batere gustatzen. Baina, jendeak gustuko ditu.
Ordutik hona, berrogeita hamar liburu baino gehiago ilustratu dituzu eta nazioartean lan handia egindakoa zara. Ingalaterran, esaterako, dezente argitaratu duzu.
Bai, egia da liburu asko argitaratu ditudala, eta nazioartean ere esperientzia handia dudala. Ingalaterran, esaterako, lan asko egin dut eta ez da batere erraza bertan lan egitea. Oso zorrotzak dira eta estu hartzen gaituzte ilustratzaileok. Ez zait gehiegi gustatzen han lan egitea.
Eta orain Euskadi Saria irabazi duzu.
Nire bilakaeraren eta lanaren ondorio dela uste dut, baina ez dakit nola analizatu. Finalera bi liburu aurkeztu nituen, eta sei ilustratzailetik hiru finalera iritsi ginen. Inoiz ez da jakiten, baina nik banekien nire liburu onenetarikoarekin nengoela -Aplastamiento de las gotas (Laberinto de las artes, 2009) -. Oso harro nago saria liburu horrekin irabazi dudalako. Uste dut liburu hau oso ona dela eta ilusio berezia egiten dit.
Kultura Ministerioaren beste sari bat ere irabazi zenuen 2006an.
Kultura Ministerioak bigarren saria eman zidan 2006an eta orain euskaraz argitaratuko da saria irabazi zuen liburua. Ilusio handia egiten dit eta egia esan, jendearen gustukoa izan zen. Isidro Ferrer ilustratzaileak irabazi zuen urte hartan Kultura Ministerioaren saria. Isidro Ferrer izugarri gustatzen zait eta niretzat erreferentziazko marrazkilaria da.
Zein da Euskal Herriko ilustrazioaren osasuna?
Harrobia egon badago eta etorkizuna ona da. Jende asko ari da sortzen, jende ona dator eta denborak konfirmatuko du hori. Gainera, badaude beste autore batzuk, lanean diharduten marrazkilari asko, eta oso ondo gainera.
Askok uste dute ilustrazioa haurrentzat dela. Zer esango zenieke?
Hori tontokeria handia dela. Nik ez ditut ilustrazioak haurrentzat egiten. Helduentzat ere egiten ditut. Edonork disfruta ditzan.