HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Juan Vallejo mendizalea
Alberto Iñurrategi eta Mikel Zabalza lagunekin batera egin ditu Juan Vallejok (Gasteiz, 1970) azken bi urteotako espedizioak. Euskal Herriko mendizale eta alpinistek miresmenez jarraitu dute Vallejoren lana, eta hamaika errekonozimendu jaso ditu; ez bakarrik egin dituen tontor guztiengatik, zortzi zortzimilako, baita igotzeko eragatik, eta mendia ulertzeko filosofiagatik ere.
Bi alaba ditu, Irati eta Ainhoa, eta Arabako hiriburuan bizi da gaur egun.
Etxean bizi izan du mendizaletasuna txikia zenetik, aitak mendia maite baitzuen. Orain, berriz, bera da bi alabaren aita eta aitortzen du familia eratu zuenetik gehiago kostatzen zaiola Himalayara joatea. Mendia, ordea, lanbide bilakatu da Vallejorentzat. Hori bai, "ogibidea baino, pasioa da niretzat", azpimarratu digu alpinistak. Euskaraz egin dugu solasaldia, euskaldun berria den arren, primeran hitz egiten baitu euskaraz.

Zein da zure familia-hizkuntza?
Gure etxean gaztelaniaz hitz egiten zen. Hori bai, ni txikitan ikastolara joan nintzen, baina han ere gaztelania asko hitz egiten genuen. Gurasoek ez zekiten euskaraz eta Gasteizen euskarak ez zuen presentzia handirik.

Anai-arrebekin hitz egiten al duzu euskaraz?
Ez dugu euskaraz hitz egiten, eta nik beste badakite, baina ez dugu euskaraz hitz egiteko ohiturik. Gure artean gaztelaniaz egiten dugu.

Noiz erabaki zenuen euskara ikastea?
Nik ez nuen erabaki, nire gurasoek baizik, eta ikastolan matrikulatu ninduten. Hori bai, gerora erabaki nuen euskaltegira joatea eta bi ikasturte egin nituen euskaltegian. Egia esan, nire ogibideak ez dit ikasturterik amaitzen inoiz utzi, baina euskara praktikatzeko balio izan dit.

Euskara ikasten aritu zarenean, zer izan da zuretzat zailena eta zer errazena?
Niri euskara asko gustatzen zait eta gustura joaten nintzen eskoletara. Dena dela, niretzat zailena izan da aldi berean euskara ikastea eta alpinismoa jorratzea. Nik denbora tarte luzeak egiten ditut etxetik kanpo, mendian.

Eta mendian hitz egiten al duzue euskaraz?
Askotan hitz egiten dugu euskaraz espedizioetan. Alberto Iñurrategirekin ez dut inoiz euskaraz egiten, baina beste lagun batzuekin egiten dut euskaraz. Aurten, adibidez, kazetari bat etorri da gurekin, Aitor Elduaien, eta berarekin beti hitz egiten dut euskaraz. Orain, berriz, mendian baino gehiago etxean egiten dut. Nire bi alabak ikastolara doaz eta oso ondo hitz egiten dute euskaraz. Niretzat lagungarria izan da.

Beste hizkuntzarik ba al dakizu?
Ingelesa nahiko ondo menperatzen dut, eta noski, gaztelaniaz ere uste dut ondo egiten dudala.

Nolako hizkuntza iruditzen zaizu euskara?
Niri ez zait hizkuntza zaila iruditzen; hori bai, asko praktikatu behar da ondo hitz egiteko, eta tamalez, Gasteizen ez dago aukera handirik. Dena dela, hizkuntza polita iruditzen zait.

Zer esango zenieke euskara ikasi nahi dutenei?
Esango nieke ikasteko; gure hizkuntza delako eta polita delako. Dena dela, uste dut gaur egun euskaltegira doazenak perfila lortzeko joaten direla, eta gutxi joaten direla benetan hizkuntza maite dutelako. Horrek pena ematen dit. Berez, ikasteko gustuagatik jende gutxi joaten da euskaltegira.


HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60