HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Joxe Ramon Apaolaza: "Eguraldia da dagoen gauzarik dotoreena eta objektiboena"
Hernaniko Txanetenea baserrikoa da Joxe Ramon Apaolaza eta bere familian beti landu izan dute baratza. "Baserritik bizitzeko modurik badago, baratzetik bakarrik egin ahal da eta ez ganadutik", esan zigun. Fisika-ikasketak egindakoa da Joxe Ramon eta baratzean lan handia egiten badu ere, bazter asko astindu ditu bere eguraldi iragarpenekin; hain zuzen ere, epe luzera egiten baititu iragarpenak eta baita bete-betean asmatu ere. Eguraldiari bost minuturo begiratzen diola aitortu digu eta elkarrizketa hau egin bitartean leihora begira eseri da. Edonork irakur ditzan, Interneten argitaratzen ditu bere iragarpenak, http://jakindamet.blogspot.com helbidean.

Zeure burua baserritartzat ala eguraldi iragarletzat duzu?
Beste ezeren gainetik, baserritartzat eta euskalduntzat. Egun osoa ematen dut baserrian lan egiten, baina eguraldiaren gorabeherei egunero erreparatzea gustatzen zait: lainoa nondik datorren, indartzen ote den, hotza datorren ala ez... Interesgarriena da zuk ikusten duzunaren jarraipena zein izango den jakitea.

Nolakoa izan zen 1963. urtea, zu jaio zinenekoa?
Badakit 1960an sekulako elurtea bota zuela Errumania aldean. Errumanian halako hotza egin bazuen, hemen hego-haizea izan zen, ziur. Europan eguraldiarekin beti ematen da zatiketa bat mendebaldea eta ekialdearen artean. Batean hotza sartzen bada, bestean beroaldia. Eta urteak oso desberdinak dira; behin bakarrik ematen dira fenomenoak.

Naturarekin bat bizitzeak gauza asko beste modu batean ikusten laguntzen du...
Bai. Egun osoa kanpoan ematen dugunok gorabeherarik txikienak ere atzematen ditugu. Hedabideetako esatariak ez du guk adina denbora pasatzen eguraldiari begira. Zerbait zientifikoa da ikusi eta probatzea. Eta baratza dugunok egunero probatzen dugu ez dela horrela. Bestalde, hizkuntza ere nahasten dute: jela eta izotza, adibidez, ez dira gauza bera. Gaztelaniazko hielo jela da euskaraz, eta ez izotza. Izotza, ihintz mota bat da. Jela beltza ere gaizki erabiltzen dute. Ikusten ez den jela dela diote, baina nik berrogeita sei urte ditut eta bizitza osoan hiru bat alditan bakarrik ikusi dut jela mota hori. Jela beltza da ilberrian eta haizea dabilenean egiten duena; eta ilbeheran ez da jela beltzik izaten.

Oso gaztetxotan ohartu zinen eguraldia iragartzeko gai zinela...
Bai, Erain eskolan ikasten ari nintzela, 12 urte nituela, hasi nintzen iragarpenak egiten. 1978-79ko apirilaren 30ean Madrilen elurra egingo zuela iragarri eta asmatu egin nuen. Ordurako ondo ezagutzen nuen eguraldia... Horretarako, lainoa, haizea, tenperatura... aztertu behar dira. Lainoak ematen du informaziorik garrantzitsuena: zer-nolako lainoa dagoen, haizea halakoa izaten da, lainoak nolakoak diren, nora doazen, aurreko egunetan zer egin duen... Eguraldiaren gainean, nork bere kontuak atera behar ditu eta nireak aspaldi atera nituen. Gero, 1980an, asmatutakoa behin eta berriro probatzen hasi nintzen, gaur egunera arte. Urte hartan, gainera, lagun fisikari batzuek informazio gehigarria eman zidaten nire formula propioa garatzeko. Eta ez hori bakarrik, 1980ko urtarrilaren zortzian Ingalaterratik iparreko borraska txiki bat sartu zen, Azoreetako antizikloiko txiki bat igo eta Errusiako antizikloi handi batekin elkartu zen. Hala, oso eguraldi hotza izan genuen 8tik 15era bitartean. Gertakari hura hartuko nuke nik eguraldiaren historia osoko mugarri bezala; eguraldia beti kontuan hartzeko erregela bat bailitzan.

Zertaz konturatu zinen fisika-ikasketak egin zenituenean?
Beti gustatu izan zait fisika eta eguraldira zaletu nintzenean, are gehiago. Ez dago gauza dotoreagorik munduan eguraldia baino. Gai askotaz eztabaidatu dezakegu, baina eguraldia da dagoen gauzarik objektiboena. Fisika ikasten ari nintzela konturatu nintzen nik asmatutako planteamendua egokia zela eta ez zela inon azaltzen. Are gehiago, Fisika ikasten ari ginela esan ziguten matematikak ez duela eguraldia zehatz iragartzeko giltzarik.

Askotan esan ohi da atzera begiratzen ez duen herriak ez duela aurrera egingo.
Bai, hala da. Gaur egun eguraldia iragartzen duenak ez du atzera gehiegi begiratzen. Nik galdera asko egiten dizkiot neure buruari. Prezipitazioen estatistikak aipatzen dituzte, baina gero datu horiek ez dituzte ezertarako erabiltzen. Ez dute iraganetik ikasten edo ondo aztertzen.

Zertan datza zure lege errepikaria
?
Nik egitura bat sortu eta garatu egin nuen, aurretik izan den eguraldiari erreparatu eta gero nolakoa egingo duen azkar jakiteko. Etzi egingo duen eguraldiaren berri gaur eman behar duzu eta ez bihar, ahalik eta azkarren. ETBn esan nuen ilargian eta eguzkian dagoela lege errepikariaren jatorria. Horrek gauza asko esan nahi ditu. Datu batzuk emango ditut: historian zehar izan diren hotzaldi gehienak, 10etik 7, beti izan dira ilbeheran, eta beste 3rak ilberrian. Badirudi inor ez dela konturatu hala izan denik eta are gutxiago zergatik. Kazkabarra noiz egiten duen gehien... Hitz batean esanda, zergatik egiten du urte batetik bestera hain eguraldi desberdina? Lege errepikaria da gauza handi bat oso txikian jarrita.

Egia da azken 300 urteotako datuak aztertu eta konparatzen dituzula?

Bai. Ez dauzkat datu guztiak, nahiko nukeen arren. Baina daturik nagusienak baditut. Euskal Herrian izan diren uholderik handienak aztertu ditut. Eta hotzaldirik handienak ere ikertu ditut. Horiek jakinda, azken 200-300 urteotako eguraldia nahiko irudikatuta gelditzen da.

Zer harrera izan du Jakindamet.blogspot.com webguneak?
Harrera ona izan du guneak. Ia 3.000 sarrera izan ditu dagoeneko eta igotzen ari da. Horrek esan nahi du iragarpenak onak izan direla, inolako propagandarik ez dut-eta egin. Nik eguraldiaren iragarpena hain epe luzerako egiten dudanez, nire kontra ere banabil, arriskua hartzen dudalako. Baina egunero iragartzeko modurik ez dudanez, ba halakoak egiten ditut. Hori bai, gaztelaniaz idazten dut informazioa, uste dudalako jende gehiagorengana iristen naizela honela.

Zuk pultsua egin diozu jendeari zure formula asma dezan...

Norbaitek eguraldia hilabeteko aurrerapenaz iragartzen duenean beste norbaiti desafioa egiten dio. Zergatik ez dute besteek egiten? Nire iragarpenak Interneten daude argitaratuta. Pultsua da besteen erreakzioak ikustea.

Zer eguraldi izango dugu Euskal Herrian martxoan?

Aurretik hasiko naiz. Otsailaren 20an hotza sartuko da eta elurra ia itsas mailara iritsiko da. 20tik 24ra edo iraungo du. Trumoi-bolada bat, iparraldeko haize gogorrarekin. Gero, etenaldi bat izango da eta martxoan nik uste dut beste elurte handi bat etorriko dela, handia egun asko pasatuko ditugulako hotzak martxoaren 2tik hasita.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab02/192.168.149.52