HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Guggenheim Museoan: Robert Rauschenberg eta Anish Kapoor
Nazioarteko bi artista ospetsu hauen artelanak ikusteko aukera eskaintzen digu Bilboko Guggenheim museoak. Bi erakusketek ez dute elkarrekin zerikusirik, beraien artelanak material industrialekin egindakoak izan arren.

Robert Rauschenberg

Rauschenberg estatubatuarra da. 1964an Veneziako Bienalean saritua izan zen. Dada eta Pop artearen nolabaiteko jarraitzaile dela esan daiteke. Bere artelanen atzera begirakoa duela hamaika urte ikusi genuen Bilboko Guggenheimen. Oraingo erakusketa, 1998koaren osagarria izan arren, Gluts (soberakinak) saileko eskultura eta metal gaineko pinturetara bakarrik mugatzen da.

"Besteek utzitako objektuak gustuko ditut, horregatik saiatzen naiz beti horiek berreskuratzen", zioen Robert Rauschenbergek. 1986an Texasen krisialdi ekonomiko handia gertatu zen eta bere pentsaera gauzatzeko aukera izan zuen Rauschenbergek. Herriko lantegi eta txatartegietan hondakin ugari aurkitu zuen: herdoildutako gurpilak, bide-seinaleak, automobil zaharrak eta beste zenbait traste. Gluts edo soberakin hauetaz baliatu zen bere eskulturak egiteko. Artelan gehienak metakrilatoz, igeltsuz, aluminioz, kobrez, altzairuz eta brontzez daude osatuak. Lan hauen helburua hondamendi egoera hartan bizipen bat sorraraztea izan zen. Honela, bere gizartearekiko konpromisoa erakutsi nahi izan zuen.

Anish Kapoor

Anish Kapoor Indian jaio zen 1954an eta Londresen egin zituen ikasketak. 1991n Turner saria irabazi zuen. Kapoorren erakusketa monografiko hau iaz Londreseko Royal Academy of Arts aretoan jarri zuten ikusgai eta oso goraipatua izan zen Britainia Handiko arte adituengatik. Neurri handiko artelanak, material ezberdinekin egindakoak: altzairua, argizaria, erretxina, pigmentuak, zementua eta abar. Materialak garrantzia handia du berarentzat: "materialak beti eramaten gaitu materia gabetasunera", dio Bonbaiko artistak.




"Shooting into the corner" instalazioak harridura handia sortzen du ikusleengan. Argizari jaurtigaiak botatzen dituen kanoi bat da. Guggenheim museoko gela oso bat okupatzen du. Museoaren atzeko putzuan ipini duen "Zuhaitz handia eta begia" deituriko artelana ere bikaina da.

Rauschenbergen erakusketa irailaren 12an bukatuko da eta Anish Kapoorrena hilabete bat geroago.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60