HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Dokuteka / Idatziak
Maila
Gako hitzak
Euskarria
Zenbakia


Bilatzaile aurreratua
Saroi Jauregi: "Gipuzkoan 8.000 haur dabiltza hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzen"
Saroi Jauregi erabat murgilduta dago bertsolaritzan: bere jaioterrian, Zaldibian, gai-jartzaile hasi zen eta ordutik ez dio zeregin horri utzi. Horrez gain, askok ezagutzen dute ETBko "Hitzetik hortzera" saioko aurkezle izan zelako. Euskal filologian lizentziatua da eta Elhuyar Fundazioan lan egiten du, baina 10 urte daramatza Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko zuzendaritzan, eta martxoan lehendakari izendatu zuten. Hizkuntzarekin lan egitea oso gustuko du: afizioa eta ofizioa bat egiten ditu Jauregik. Bere ibilbidearen, Gipuzkoako bertsolaritzaren egoeraren eta gai-jartzaile lanaren gainean luze hitz egin dugu berarekin.





Altzo Txiki osabaren "errua" da zu bertsoen munduan buru-belarri sartu izana?
Neurri batean bai, bertso-eskolara eraman ninduelako, baina etxean ere bertso-giro handia bizi izan dut. Txiki-txikitatik entzun ditut. Aitak umetan lo hartzeko bertso zaharrak abesten zizkigun.

Nola gogoratzen duzu 1999ko Gipuzkoako herri arteko bertso-txapelketa?
Kasualitatez sartu nintzen. Zaldibiakoek nire izena eman zuten eta herrian jokatu zen saioan gai-jartzaile aritu nintzen. Gero, talde iraunkorrean sartzea eskaini zidaten... eta gaur arte.

Zer erakutsi zizun Laxaro Azkunek?
Gauza asko. Laxaro Azkunek, Inaxio Usarraldek, Joxepa Madariagak eta beste askok lagundu ninduten gai-jartzaile sartu nintzenean. Baina jauzirik handiena Txapelketa Nagusiko Belodromoko azken finala aurkeztea izan zen. Laxarorengandik hartu nuen erreleboa eta oso presente daukat hori.

Iazko Txapelketa Nagusiko Finalean bi gai-jartzaileak haurdun zeundeten. Bertsolaritza aldatzen ari da?
Pixkanaka emakumeak bertsolaritzako alor guztietan sartzen ari gara. Naturaltasunez heldu dela uste dut, eta zenbat eta emakume gehiago sartu, orduan eta gehiago gertatuko dira honelakoak.

Erantzukizun handia da gai-jartzailea izatea?
Bai. Txapelketan partekatua da, taldean delako; eta beste saioetan, norberarena. Gai-jartzaileak asko baldintza dezake saioa. Txapelketan taldean aritzen gara, baina aurretik etxean prestatzen dugu. Kontrastatze-lana oso handia da.

Zer izan behar du gaiak, agian, helduleku bat baino gehiago?
Garrantzitsuena da bertsolaria neurrian estutzea: estutu eta exijitu lan bat egitea, baina aukera ematea ildoren bat jorratzeko. Oreka da kontua. Baina faktore asko daude: publikoa, aretoa...

Orain konkrezioaren alde egin duzue...
Txapelketan saiatu ginen gaiek helduleku zehatz bat izan zezaten. Oso irekiak badira, bertsolariak etxetik eginda ekar ditzake bertsoak eta edozeri buruz abestu; hori ekidin nahi dugu. Nik ez dut uste hala egingo luketenik, gai erabat zabala jarri arren. Etxean egindako lana baliatzen dute gai zabaletan, estuetan, ofiziokoetan... eta landuko dituzte errimak, esamoldeak, bukaera batzuk... Guk bat-batekotasuna ziurtatu nahi dugu.

Gipuzkoan gai-jartzaile talde polita dago...
Bai. 8-10 bat lagun ibiltzen gara, txapelketetan, eskola-artekoetan, herrietako sariketetan... baina 2011n Gipuzkoako txapelketa jokatuko da. Hortaz, jende berria lortu nahi dugu.

Egia da txapelketa nagusiko finaleko gaiak tarte handiarekin erabakitzen dituzuela?
Azkeneko txapelketa nagusikoak prestatzen martxoan hasi ginen. Uztailerako guztiak genituen, nahiz eta gaurkotasuneko gaiak ekarri ahala, finaleko erdiak ordezkatu egin genituen.

Orain lehendakari izendatu zaituzten arren, hamar bat urte daramazu Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen zuzendaritzan...

Bai. 2000an hasi nintzen eta 2008an idazkari izendatu ninduten, baina elkartekoa talde-lana da. Niretzat aldaketa handiena izango da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen zuzendaritza-batzordean herrialdeetako lehendakariok ere parte hartzen dugula.

Zein dira Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen egitasmo nagusienak?
2009an grabatzaile-sare bat sortu genuen saioak grabatu eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan gordetzeko. Sare hori baliatuta, hainbati bideo-elkarrizketak ere egiten hasi gara. Sustapenari dagokionez, 2011n Gipuzkoako Txapelketa izango denez, hori diseinatzen hasiko gara: antolatzaile-taldea osatu, epaile eta gai-jartzaile berriak trebatu...
Baina handiena transmisio arloa da. 10 irakasle daude elkarteak kontratatuta, bertsoak erakusten ibiltzen direnak Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailatan. D ereduan ikasten dutenen %80 ari da bertsoak lantzen. 45 herritan hezkuntza arautuko proiektu horiek lantzen gabiltza; eta Gipuzkoan 8.000 bat haur dabiltza astero ordubete bertsoa lantzen. Bestalde, bertso-eskolak 50 herritan daude eta 925 partaide inguru dira umeak eta helduak batuta. Horrez gain, bertso-afariak, bertso-udalekuak, Bertso Eskolen Eguna eta elkarlanean aritzeko ekimen asko egiten ditugu.

Transmisioak oraina eta etorkizuna bermatzen ditu...
Bai, harrobiak dira bertsolarientzat, zaleentzat, gai-jartzaileentzat, epaileentzat... Gainera, hezkuntza arautuaren barruan zein bertso-eskoletan euskara lantzeko aukera aproposa da, hizkuntza jolasean lantzeko. Are gehiago, askotan diogu umeek euskaraz ikasten dutela, baina gero aisialdia gaztelaniaz bizi dutela. Honako hau modu bat da hizkuntzarekin jolas egiteko, bertsoa ezagutzeaz gain.

Egia da bertsolariek, txapela jokoan izan arren, elkar laguntzeko eta talde bezala funtzionatzeko joera dutela? Zer du, bada, bertsolaritzak?

(Barre). Txapelketan, lehia egon badago, baina batez ere norberak bere buruarekin duena. Norberak ondo egiteko besteek ondo egitea komeni da; batez ere, ofizioko lanean edo elkarrizketan... Agian, horregatik, lehia desberdin bizi da. Topiko bat ematen du, baina benetan elkarri laguntzen diote.

Gipuzkoako txapelketan bikotekidea lehiatu zen zu gai-jartzaile zinela. Delikatua izango da...
Guretzat ez, elkarrekin hasi ginenetik biok txapelketetan ibili garelako. Ez dago araurik, bikotekide-harremanak, senidetasunak eta adiskidetasunak ere badirelako. Baina guk txapelketetan, oholtzan ez dugu bat egin nahi izaten. Lasaiago nago oholtzatik kanpo bera kantuan badabil.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab04/192.168.95.60