|
Bizenta Mogel eta Elgezabal
Hiru dira euskal literaturan ospe handia lortu duten Mogeldarrak: Joan Antonio (1745-1804), Joan Jose (1781-1849) eta Bizenta Antonia (1782-1854).
 Bizenta Antonia Mogel Azkoitian jaio zen (1782-7-6an), bere aita han baitzegoen mediku, baina, urtebete egin baino lehen, aita hil eta Markinara joan ziren bi neba-arrebak. Markinan igaro zuten, beraz, Joan Josek eta Bizenta Antoniak beren haurtzaroa, eta bertan eskolatu zituen osaba Joan Antoniok. Bizenta, ezkondu eta, alargundurik, Abandon hil zen 1854-6-29an.
Euskaraz idatzi zuen lehen emakumea
Bizenta Antonia izan genuen euskal literatura idatziaren alorra landu zuen lehen emakumea. Garai hartan emakumeek ikastea oso gaizki ikusita bazegoen ere, osaba uste honen aurka azaldu eta ikasketak eman zizkion Bizentari.
Idazlanak
1804an argitaratu zuen Bizenta Mogelek bere lehen liburua, osaba hil zen urte berean, hogeita bi urte besterik ez zituela. Liburuaren hitzaurrean bertan adierazten duenez, latina ondo zekien. Esoporengandik hartutako berrogeita hamar alegia euskaratu zituen, eta gipuzkeraz eman.
Liburuaren izenburua: Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euskaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vizitza zucentzeco (Donostia, 1804). Liburua gipuzkeraz idatzita dago, baina gipuzkera horrek bizkaieraren ukitua du.
Itzulpen-lanetan aritutakoa
Bizentak hainbat itzulpen ere egin zituen, denetan ezagunena, Toledoko Kardinalaren gutun baten itzulpena. Euskaraz, Bilbon eman zen idazki hau argitara. Egin zuen, hala ere, bestelako lanik. Izan ere, Gabon-kanta egilea ere izan baitzen Bizenta. Baina Gabon-kanta horiek gora behera, idazlanik ezagunena Ipui Onak da, zalantzarik gabe.
|