HABE - Ikasbil euskadi.net
 
Atazak / Sekuentziak
XIX. mendeko alegilariak

Alegiak idatzi dituztenen artean, Fedro eta Esopo aipatzen ditu Bizentak eta liburuaren bukaeran, Samaniego (1745-1801) eta Renteria. Ipui Onak liburuarekin, alegiak euskaraz konta zitezkeela adierazi nahi izan zuen.
Gratien Ademak ere hemezortzi alegia argitaratu zituen, baina ez dira itzulpen soilak. Aita Uriartek bizkaieraz idatzi zituen alegiak. Eta XIX. mendean izan zen alegilari handienetako bat Agustin Pascual Iturriaga izan zen, Fábulas y otras composiciones en verso vascongado argitaratu zuen. Samaniegoren berrogeita hamabost alegia eta Virgilioren lehen eta hirugarren egloga itzuli zituen.

Ipuin gisa eman izan diren alegiek izen ezagun gutxi batzuk eta jakinak izan dituzte historian: Esopo grekoa, Fedro latinoa, La Fontaine frantsesa eta XVIII.ean gaztelaniaz jardun zuten Iriarte eta Samaniego. Bergarako Mintegiaren zuzendari izandako arabar honek, gainera, ikastetxe horretarako idatzi zituen alegiak (1781-1784), osaba Peñaflorida Kondearen enkarguz. Bizentak oso hurbiletik ezagutu ahal izan zuen, beraz, tradizio klasiko hau.

Euskal alegilariak

Alegien balio didaktikoak XIX. mendeko idazle bat baino gehiagoren lanerako gogoa suspertu zuen: Uriarte, Zabala, Iturriaga, Archu edo Goyhetche aipa litezke adibidetzat.

Alegietan, tradizioa oinarri

Bizenta Mogelek oso tradizio herritarra ere izan zuen bere ipuinen oinarri, alegilari klasikoek eta herriak ere arrunt maiteak izan baitituzte beti abereengandik jasotako irakaskizunak. Abereen irudimenezko mundua gizarteaz hitz egiteko erabili izan dute alegilariek: animalien arteko elkarrizketa eta harremanek gizakion arteko arazoak islatu nahi izan dituzte.

Bizentak iturri klasikoetatik edan ez ezik, herri-ipuinetatik ere jaso zituen ideiak. Ipuinetan, animalien arteko elkarrizketan ikasbide bat dagoela onartzen zuen.

Esoporen alegiak

Adituen ustez, herri ipuin gehienek Ekialdean omen dute beren jatorria. Lurralde zabal mugaezin horretan herrien sorterria aurkitu behar bagenu, Indiara joango ginateke. Txinako hainbat ipuinek Indian du bere jatorria eta Europara Erdi Aroaz geroztik iritsi ziren. Jakina, honek guztiak ez du esan nahi, inondik inora ere, ipuin guztiak jatorriz Indiakoak direnik. Juan San Martinek dioenez, Azkuek eta Barandiaranek jaso zituzten era horretako ipuinak.

Esoporen alegiak laburrak dira eta narrazioaren aurretik edo atzetik promitio edo epitimio delakoa jartzen da, hau da ipuinetik ateratzen den ikaskizuna. Animalia, abere, hegazti edo piztiak, nork bere nortasuna du: esaterako, lehoia beti indartsua da, azeria askojakina eta abar.

HABE | Legezko oharra | Pribatutasuna | d3hab02/192.168.149.52