|
Enara eta beste txoriak
Enara eta beste hainbat txori mota nekazari batzuei begira zeuden, soroetan liho-hazia ereiten ari ziren bitartean. Honela esan zuen enarak:
-Nire lagunak, ez omen dakizue zertan ari diren ereile hauek: bada, zaudete lasai. Liho-hazia ereingo dute, lurra burdinazko zepiloaz pasa, kardatu, garbatu, apaindu, errokan bildu eta hari bihurtuta, gu harrapatzeko sareak egingo dituzte. Azkar ibili behar dugu: berandu dator sendagarria, gaitzak indarra hartzen badu. Har ezazue nire aholkua. Goazen guztiok bat-batean soroetara, hazia lurrera bota eta aitzurlari hauek alde egiten dutenean, jango dugu ezarri duten hazia: ez da liho-belarrik jaioko; ezingo dute sarerik egin ere. Hala gordeko ditugu geure buruak. Zenbat txori erori ote dira sareetan?
Bilduta zeuden beste txoriek barre egiten zioten eta halaxe esan:
-Beldurtia, ikarakorra eta bihozgabea zara, enara. Etorkizun urrutian eta beharbada inoiz gertatuko ez diren kontuek sortzen al dizute halako larria? Oso burugogorra zara. Egin ezazu nahi duzuna; guk ez diogu geure buruari halako atsekaberik eman nahi.
-Ez? -esan zuen enarak- gogoratuko duzue noiz edo noiz. Hor konpon. Nik bakarrik ezin dut erein duten hazi guztia jan: Ihes egingo dut soro eta landetatik etxeetara. Habe arteetan egingo ditut nire habiak; haziko ditut nire umeak; irakatsiko diet non bizi.
Hurrengo urtean ibai batean goitik behera eta behetik gora hegaka zebilela, alboko soroetan txori asko sareetan sartuta ikusi zituen enarak, irten nahi eta atera ezinda. Txori horien artean baziren hormatxoriak, txepetxak, birigarroak, zozoak, txantxangorriak, mikak eta txirriskilak. Ikusi zutenean enara han zebilela, libre, negarrez esan zuten:
-Ai! Enarak esandakoa sinetsi bagenu! Berak igarri zion zer gerta zitekeen. Bere esana egin bagenu, ez ginatekeen gaur estutasun honetan egongo. Galduak gara orain!
Ikaskizuna: Ipuin honek esan nahi du ez dugula buru itxikoak izan behar, jakintsuen aholkuei jarraitu behar diegula; bestela, damutu egingo garela noiz edo noiz eta negar egingo dugula katea eta sareak urratu ezin ditugunean.
Izan dadila aurrez begiratua, etorri ez dadin gero bekatua.
|