XABIER SUKIA.- Taxirik ez izena du zure azken lanak. Aitarekin bidaian antzerki-obrari esker ere, batera eta bestera zabiltza. Lanpetu samar azkenaldi honetan, ez al da hala?JABIER MUGURUZA.- Bai, egia esaten badut, musika-munduan krisi famatua sumatzen ari gara eta antzerkian, berriz, fuerte gabiltza, herriz herri
emanaldi asko eskaintzen.
X. S.- Gustatuko litzaiguke ezagutzea euskara ikasten hasi zineneko zure bizitzaren garai hura. Gogoan al duzu?J. M.- Beno,
pasarte batzuk bai, behintzat, eta inpresio orokor bat ere badut. Gogoan dut oso gogor ekin niola ikasteari, oso fuerte hasi nintzela, bost-sei orduko ikastaro batean, eta horrela aritu nintzen, bi ikasturtez edo, oso gogor. Uste dut gainera oso sistema ona dela gogor hastea. Hori Irungo Udal Euskaltegian izan zen eta handik AEKra joan nintzen eta AEKko euskaltegian beste hiruzpalau urtez edo aritu nintzen, gutxi gorabehera.
X. S.- 1960an Irunen jaioa, bertan bizi zara orain ere. Bost urte zenituenetik musikaren munduan zabiltza, hamar disko bakarlari moduan, baina gehiago ere badira, tartean kolaborazioak eta abar eta beste taldeekin egindako proiektuak ere bai, haurrentzako diskoak, besteak beste. Zortzi liburu, irratian ere entzuten zaitugu, egunkarian ere irakurtzen zaitugu eta inoiz pentsatu al duzu euskara ikasten ari den norbaitentzat eredu bat izan zaitezkeela?J. M.- Ez nuke nahi, eredu hitzak beldurra edo ematen dit... ez dakit, ez zait
sobera gustatzen. Baina bueno, nire
ahaleginak balio badu edo balio badezake beste batzuek animatzeko eta ikusteko posible dela, eta abar eta abar, bada, ongi etorria izan dadila, ezta?
X. S.- Ikasle eta irakasle izan zara. Esan dezagun zezena toreatu duzula erdian, baina gero begira ere egon zarela, bi alderdietan egon zarela. Baduzu Problemak izeneko abesti bat zure azken disko honetan... non izan dituzu problema gehiago, ikasle bezala ala irakasle bezala?J. M.- Ikasle bezala izan nituen gorabehera batzuk eta momentu delikatu samarrak ere izan nituen. Nik uste dut euskara hasieran ez dela oso erraza edo ez dela erraza egiten erdal buruarentzat ... badakizu, sintaxia eta egitura eta nahiko desberdina da eta momentu batzuetan
ezintasun puntutxo bat ere sentitu nuen, ez? Gero, aurrera egin eta animatu egin nintzen. Irakasle gisa guztiz desberdina da esperientzia. Pixka bat ikusi eta bizi egiten dituzu ikasleen arazoak eta identifikatuta ere sentitzen zara, baina jada beste puntu batetik ikusita.
X. S.- Ikasle-garaian zer zen ikastea gehien kosta zitzaizuna?J. M.- Bada gauza bat eta ez nuke nahi aipatu gabe utzi, gainera, uste dut ikasle garaian eta gero irakasle gisa gogoratzen naiz afarietan eta kurtso bukaerako afari horietan, pixka bat askatu eta... kontu bat aipatzen zena eta nik bizitu nuena eta da naturaltasun falta sumatzea. Ikasi dituzu gauza batzuk, badakizu gauza batzuk esaten, baina esaten duzu "falta zait niri naturaltasun hori" beharrezkoa dena komunikaziorako, ze komunikazioa ondo dago, baina naturaltasunik gabe... ez bazara gauza normaltasun minimo batez hitz egiteko... Eta hori lortzeko, nik aprobetxatu nahiko nuke esateko hizkuntza errazten saiatuko nintzatekeela. Batzuetan konplikatzeko
joera izaten dugu. Aditza oso adibide garbia da eta ni ez naiz
aditua, baina proposatuko nuke aditza, adibidez,
ahalerarekin jokatzea eta gauzak sinplifikatzea, hauxe da nire proposamena.
X. S.- Zenbat urte dira euskara ikasi zenuela, esan badaiteke?J. M.- 19-20 urte nituela hasi nintzen ikasten, begira, orduan musika-irakaslea nintzen Hondarribian eta ikasle batzuk etorri eta gaztelaniaz apenas zekiten eta hasi nintzen pixka bat kontzientzia hartzen eta pentsatzen ez zela normala: neska-mutil haiek zailtasunak izatea nirekin komunikatzeko... Orduan hasi nintzen pentsatzen euskara ikasi behar nuela, ez neukan garai hartan kontzientzia handirik, beste mundutxo batean bizi nintzen.
X. S.- Ate asko zabaldu al dizkizu euskara ikasteak?J. M.- Bai, ni pozik nago. Garai hartan, gainera, anaiak eta bikotea, nire inguruko jendea ere martxan jarri zen eta orduan handik gutxira aukera izan nuen Xabier Lete eta Imanol Lartzabalekin eskusoinuarekin jotzeko eta beraiekin harremana izan nuen. Handik beste lauzpabost urtera Atxagarekin eta...
inguruak asko laguntzen du, elkarrekin lanean aritzen ginen... horrek asko laguntzen du, ingururik gabe, ez baduzu giro egokia, kosta egiten da. Igual ikasiko dituzu gauzak eta teoria eta hori, baina gero praktika hartzeko orduan, kosta egiten da.
X. S.- Zuri zerk ematen dizu mina? Zerbaitek ematen badizu, edo haserretzen zaitu...?J. M.- Euskara ikasteari buruz ari garela, lehenago kontu onak besterik ez ditut aipatu: giroa, euskal jendea ezagutu izana, eta abar... eta orain minaz galdetzen didazu eta esango nizuke niretzat pixka bat mingarria,
etsigarria ere izan dela, nik garai hartan uste nuen
irudikatzen nuen euskal jendea eta euskal mundua askoz ere euskalzaleago gero ikusi dudana baino, eta niretzat nahiko
mingarria izan da denboraren poderioz eta egiaztatzea, ikustea jende asko, euskaldun asko, ez dela euskalzale, ez duela benetan euskara maite edo behintzat ez duela nik espero bezain beste maite eta praktikatu eta... Hori izan da niretzat etsigarria.
X. S.- Euskaldun berri hitza hiztegietatik kendu beharko al genuke?J. M.- Ez dakit, orain dela gutxi proposatzen zuten
leloa zen "denok euskaldun berri" Ez dakit kendu beharko litzatekeen, nik oraindik ere diferentzia batzuk ikusten ditut, baina bueno, euskaldun zaharrak landu duena eta inplikatu dena, azkenean, berdin samarra izan daiteke.
X. S.- Zuen herrian bada Urdanibia deitzen den plaza bat, baina ezagunagoa da beste izen batekin: Mosku izenarekin... Eta gainera, lotura polit bat baduzu zuk Moskurekin, zure liburu bat orain errusierara itzuliko dutelako.J. M.- Bai, Moskun edo Urdanibia plazan garai batean asko ibiltzen ginen, orain ez da garai bateko giroa sumatzen, baina semeak esaten zidan lehengo batean ari dela pixka bat berreskuratzen...
X. S.- Zer da zailagoa, Jabier, euskara ikastea ala euskaraz bizitzea?J. M.- Ez dut uste euskara ikastea erraza denik, nahiz eta badakidan agian hau esatea ez dela politikoki zuzena, baina ez da erraza, ahalegin bat egin behar da. Baina zuk zeuk bide batzuk (lehenago giroa aipatu dut) bilatzen badituzu eta gero komunikabideak erabili, ni gogoratzen naiz irratia eta telebista eta lagundu zidatela,
franko... Ahalegin hori eginez gero eta bideetan asmatuz gero, garbi dago ikas daitekeela eta jende asko gara ikasi dugunok. Izaten da etapa bat, momentu bat, nahiko larria eta hori
gaindituz gero, arazorik ez.
X. S.- Gogoan al dituzu euskaltegi garaiko ariketak?J. M.- Bai, nik arazo pixka bat izaten nuen mitologiarekin... ez nuen oso gogoko garai hartan eta irakasle batzuk nahiko
tematuta zeuden, mitologia gora eta mitologia behera eta nik nahiago izaten nuen literatura edo kantuak lantzen zituztenean. Gusturago aritzen nintzen.
X. S.- Bazenuen sarritan egiten zenuen akatsen bat?J. M.- Ez, nahiko
ziurra izaten nintzen, ez dakit hori hain ona den ere, baina gero, gehiago kostatzen zitzaidan, adibidez, hizketan hastea... gogoratzen naiz egunen batean esaten baziguten "goazen plazara eta hemen, azokan, euskaldunekin hitz egingo dugu" kosta egiten zitzaidala, zerbait gaizki esango ote nuen edo... beldur horiek ez dira oso onak hizkuntza bat ikasteko. Konprobatu izan dut beste hizkuntza batzuekin ere, pixka bat ziurra, hain ziurra izatea, ez dakit ona den, baina hori bai, esaten nuena normalean nahiko ondo esaten nuen.
X. S.- Irakasle izan zaren aldetik, lezioak ematea ez zaigu inori gustatzen, baina... gomendioren bat emango zenioke orain buru-belarri euskara ikasten ari den horri?J. M.- Bai, oso gomendio umila emango nioke, ez dakit zenbateraino balio dezaketen gomendioek, baina hori azpimarratuko nuke: oinarri bat hartzea eta ez mila kontu. Inportanteena da oinarri sendo bat eskuratzea, zeren ziurtasunik gabe ezin da gero ausartu. Hizkuntza denok erabiltzea behar dugu eta horretarako, minimo bat eta gero, aurrera, gero joango zara hiztegia eta nahi baduzu, aditz ia ezinezko horiek ikasten. Nik asko ez dakizkit. Baina kontua da moldatzea eta ondo. Bai hizkuntzaren
muina, adibidez, NOR eta NORK bereiztea, ERE bere lekuan sartzea... gauza horiek ere, gaizki erabiltzen direnak, horiek nik uste dut ondo ikasi behar direla.